Fisterrara, surf egarriz

Kepa Acero eta Iker Basterretxea Galiziako azken muturrerainoko bidea egiten ari dira bizikleta hartuta, surfaren aitzakian. Asteburu honetan iritsiko dira helmugara.

Donostiatik Fisterrarako bidean txoko eta bazter eder ugari bisitatzen ari dira Acero eta Basterretxea. IKER BASTERRETXEA.
Lander Muñagorri Garmendia.
Bilbo
2011ko maiatzaren 27a
00:00
Entzun
Haurra denetik dabil Kepa Acero surflari bizkaitarra olatuen peskizan. «Hara eta hona ibili izan naiz beti, hondartzaz hondartza, surf egiteko asmo bakarrarekin. Hala ere, olatuak hartu, eta alde egiten dugu maiz lekuetatik, ez dugu txoko horiek ezagutzeko paradarik hartzen». Horregatik, itsasertzean albo batera uzten dituzten kulturak eta jendea ezagutzeko asmoarekin, bizikleta hartu dute Kepa Aceroketa Iker Basterretxea argazkilari etasurflariak, eta Fisterrarako (Galizia) bidea hartu dute. Maiatzaren 5ean irten ziren Donostiatik, eta, ondo bidean, asteburu honetan iritsiko dira helmugara.

Bidean inprobisatzen ari dira, eta ez daude ziur egun horretan iritsiko ote diren. Izan ere, surf egiteko moduko itsasoa dagoenean, «itsasertz batean geratzen gara. Itsasoa jaisten hasten denean, berriz, bidean aurrera egiteko aprobetxatzen dugu». Hasieratik, bidaia horren helburua surf egitea izan dela azaldu du Acerok. «Askotan uste baita surfa lehiaketa dela, eta hori ere bada. Baina gauzak ikusteko beste modu bat ere bada surfa».

Surfean erruz ibilitakoak dira Basterretxea eta Acero, baina bizikleta aspaldian baztertuta zeukaten. «Nik 15 urte neramatzan bizikletan ibili gabe, beraz, niretzako abentura kutsu bat zeukan garraiobide hau hartzeak». Majo sufritzen ari da, gainera, bidea egiteko. Basterretxearentzat ere, antzeko: «Donostiatik abiatu eta Igeldo igotzen hasi ginenean, ez nuen espero Fisterrara iritsiko nintzenik».

Bidea nekezagoa egiteko, orgatxo bat ere badaramate Basterretxeak eta Acerok bizikletei lotuta. 45 kilokoa da. «Hasieran, bi orgatxo eramatea pentsatu genuen, bakoitzak bere surf oholak eramateko. Baina orgatxoak oso garestiak dira, eta, gainera, pisu handia hartzen zuen bakoitzak», esan du Basterretxeak. Hori dela eta, ohol bakarra daramate Kantauri zeharkako bidaian, eta, ondorioz, Acerok bakarrik egiten du surfa. «Batzuetan ohola lapurtzen diot surfa egiteko, baina nik ere nahiko lan izaten dut argazkiak ateratzen», azaldu du Basterretxeak.

Bidaia blogean

Hilabeteko bidaian biltzen ari diren esperientziak ezagutzera emateko, blog bat ere jarri dute martxan Acerok eta Basterretxeak: http://larutanorte.com. «Bidaia ezagutarazi nahi dugu euskarri honekin, eta, bide batez, gure egunerokoa bildu», dio Acerok.

Esperientzia ugari ere bildu dute, «bateren bat aipatzearren, asto batek eraso gintuenekoa eta txirrindulari proba batean ia sortu genuen erorialdia azpimarratuko nituzke», esan du Acerok. Edozein modutan, albergeetan sortzen den harremana da haientzat garrantzitsuena: «Giro oso bereziak sortzen dira bertan. Bat-batean, elkar ezagutzen ez duten hamasei pertsona biltzen dira mahai baten inguruan, eta horko giroa berezia izaten da oso».

Surfak bultzatu ditu Acero eta Basterretxea Fisterraraino bizikletaz joatera. Etxera itzultzen direnean, hori baino gehiago lortuko dute: itsas bazterreko kultura eta bertako jendea ezagutzea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.