Komunikazioa

FMko mapa «larrialdian» dagoela diote Zallok eta Lasagabasterrek

EAErako irrati lizentzia berrien dekretua «neoliberala eta euskararen aurkakoa» dela salatu dute

Erredakzioa
Donostia
2011ko apirilaren 30a
00:00
Entzun
Ikus-entzunezko komunikazioaren eta FMko irrati lizentzien inguruan Eusko Jaurlaritza prestatzen ari den dekretua gogor kritikatu dute Ramon Zallo eta Iñaki Lasagabaster EHUko irakasleek Deia egunkariak argitaratutako bi artikulutan.

EHUk egin duen ikerketa baten arabera, irrati maparen egoera kezkagarria da. «Irrati zentralizatu, hiperkontzentratua da, gaztelaniaren nagusikeriarekin, formatu eta generotan desorekatua eta kultur konpromisorik gabekoa», diote irakasleek. 34 lizentzia berri emango ditu dekretuak, eta, gainera, espektroa gehiago «merkaturatu eta desnazionalizatu» dezakeela uste dute Zallok eta Lasagabasterrek.

Irrati pribatuen entzuleen %78 Madrilen egoitza nagusia duten irratiek berenganatzen dute. Kate pribatu horiek soilik gaztelaniaz emititzen dute. Artikuluen egileek azaltzen dutenez, euskara irrati publikoen esku utzi da. Eta, ondorioz, herritarren %15ek baino ez dute entzuten irratia euskaraz; nahiz eta, eskualdeen arabera, Euskal Autonomia Erkidegoan euskararen jakite maila %20tik %70era artekoa izan. Dekretuaren bederatzigarren artikuluak lizentzien herenak euskarazko irratientzat uzten ditu, baina soilik inguruan 100.000 biztanle baino gehiago bizi badira. Gainera, ez badago euskara hutsezko eskaintzarik ez da lizentziarik gordeko.

EHUko bi irakasleen arabera, dekretuaren proiektua neoliberala da, frekuentziak soilik irrati komertzialentzat gordetzen ditu, eta baztertu egiten du irrati sozial eta komunitarioa. Egoera «larri» honen inguruan alderdiek, mundu euskaltzaleak, tokiko irratiek eta komunitarioek zerbait esan beharko luketela uste dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.