Bilboko Burmuin Institutuan burmuinak fobiak ezabatzeko pilula berria erabiltzen hasi dira: teknologia. Askotariko beldurrek egunerokotasuna oztopatzen dietenentzat da.
Sistema sinplea bezain konplexua da: betaurreko berezi batzuen bidez, gaixoari ezinegona sorrarazten diona erakutsi, eta nola gainditu irakasten diote. «Orain arte eriak estresa eragiten zion egoera imajinatu egin behar zuen terapian, orain ikusi egiten du», azpimarratu du Eva Aga Burmuin Institutuko gerenteak.
Bezero bakoitzari, mediku eta psikologoen kontsulta bidez egindako diagnostikoa, osasun frogak eta testak egiten dizkiote. Diagnostikoa eginda, fobia gainditzeko tratamendu «pertsonala» definitzen dute.
Batez beste, ordu bateko hamar saio nahikoak dira trauma ezabatzeko. Astero egiten dizkiote gaixoari saioak. Hortaz, hiru hilabetean sendatuta egon liteke. Diagnostikoa egiteko kontsultak salbu, 750 euroko prezioa du tratamenduak. «Terapia ez da gogorra; oso kontrolatua dago: batzuetan, geratu egiten dugu pertsona urduritu aurreko egoerara itzul dadin, asimilazioak bere denbora behar baitu».
Betaurrekoen bitartez, 360 graduko ikus-eremua duen errealitatea birtualki erakusten diote bezeroari. «Beldurrik ez duen pertsona batek eszena mugimenduan ikusteak ez du asaldatzen; baina fobia dutenei izerdia, palpitazioak, antsietatea eta abar sortzen die», azaldu du.
Ikerketen arabera, hogei lagunetik batek pairatzen du bizitzaosoan fobiaren bat. Hala ere, oraindik ez dira teknika erabiltzen hasi.
Betaurrekoen azken eszenak atontzen dabiltza, eta laster sendabide bilaka litezke. Eszena horien artean daude metroan bidaiatzeko traba mentalak desagertzeko Bilboko metroaren geltoki eta errailak. Edo Bizkaibus horiak.
Irakeko eta Vietnamgo gerrak eragindako trauma-ondoko estresari aurre egiteko sortu zuten teknika Ameriketako Estatu Batuetan.
Agaren iritziz, medikuntzak aurrerapauso handiak eman ditu azken urteetan. Ez, ordea, psikologiak. «Teknologiak sendatzen lagun zezakeela pentsatu genuen, zergatik mugatu psikologia hitzezko terapietara?», dio.
Fobiak, bizitzeko eragozpen
TAC tankerako mediku frogak, klaustrofobia, hegazkinez bidaiatzea, autoa gidatzea... Luzea da bizitza baldintzatzen duten hitz laburren zerrenda. «Pertsona batek metroan ibiltzeari fobia badio, gerta daiteke metroan joan behar izate hutsa pentsatzeagatik etxetik ateratzeari uztea».
Gaineratu duenez, logotipoa ikusteak berak antsietatea sor liezaioke.
Burmuin Institutuko kidearen esanetan, izerdia, takikardiak, palpitazioak zein bihotza azkartzea dira sintomarik arruntenak. «Espazio irekiei fobia izatea eta autoz eta hegazkinez bidaiatzea dira beldurrik ohikoenak». Hala ere, fobia soziala duen jende ugari dagoela dio Agak, harremantzearen beldurrez etxean geratzen dena.
Horregatik, eguneroko ohiturak zuzenduz gaixoaren bizi-kalitatea hobetzen saiatzen dira. «Pertsona bakoitza mundu bat da, baina fobia guztiek dute konponbidea. Zure esku dago katuei fobia badiezu animalia jatetxe batetik gertu paseatzen ikustearren alde egin behar ez izatea».
Agaren esanetan, erabiltzaileek ez dute profil zehatzik. Hurbiltzen direnen %50 Euskal Herritik kanpokoak dira. «Sevilla, Bartzelona... 1989tik, 28.000 gaixo pasatu dira hemendik». Teknika berriaren ondorioz, gainera, gaixoa medikuntza tradizionaleko botikekin baino azkarrago sendatzea espero dute. «Mediku kontsultetan sendagileak bost hamar minutuko tartean bezeroak botikak behar dituen edo ez erabakitzen du. Pilulak jarri bai, baina ez dizkiete kentzen. Gizartea medikalizatua dago».
Arriskua murriztea ere espero dute. «Autopistari fobia dionak nahiz eta terapeutarekin joan, litekeena da atake bat ematea errepidean». Horrelako arazoak saihestu nahi dituzte tratamenduaren bitartez.
Hori dela eta, Burmuin Institutuko langileek fobia gainditzera dei egin diete medikamentuekin bizi direnei. «Asko irabazten da; berriro normal bizitzea bezalakorik ez dago».
Arazo guztiak, borondaterik bada, gaindi daitezkeen seinale.
Fobien aurka, botika gabeko botika
Fobiak uxatzeko teknika berria atera du Burmuin Institutuak. Hamar saiotan, gaixoari beldurra eragiten diona betaurreko berezietan erakusten diote, gainditzen irakasteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu