Urteak daramatza Erdizka Lauetan taldeak Euskal Herriko plazak alaitzen. Euskal dantzak, polkak, jigak eta bestelakoak jotzen dituzte. Horrekin batera, dantzak erakusten dizkiete bertaratutakoei. Laudion (Araba) izango dira gaur, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.
Erdizka Lauetan taldeak dantza errazak ikasteko aukera ematen du zuzeneko folk musikarekin, eta eskaintzen duten ikuskizunak Dantza-plaza izena du. Dantza bakoitza pausoz pauso azaltzen dute, eta ondoren denen artean dantzatzen dute. Lau musikarik osatzen dute taldea, eta irakasle batek azaltzen du dantzako pausoak nola diren. Ez da aparteko trebeziarik behar talde horren pausoak ikasteko; gogotsu azaltzearekin eta parte hartzearekin nahikoa da.
Errepertorio aberatsa dute. Euskal Herriko hainbat lekutako dantzak, joku dantzak, dantza-jauziak, polkak, korru dantzak, esku dantzak eta beste egiten dituzte. Ekitaldiaren arabera, dantzak aldatzen dituzte, eta Dantza-plaza bakoitzean inprobisatzen saiatzen dira. Piezak eta ikuskizuna gauzatzeko era moldatu ohi dute, hainbat alderdi kontuan hartuta: jendearen profila, piezen zailtasuna eta pausoak asimilatzeko jendearen gaitasuna, ikusleen adina, jende kopurua... beti ere, dantzarekin ongi pasaraztea bilatzen dute.
ERDIZKA LAUETAN
Noiz. Gaur, 17:00etan.
Non. Lamuza parkean (Laudio, Araba).
Folka, entzun eta dantzatzeko
Erdizka Lauetan taldeak emanaldia eskainiko du gaur, Laudion; musika jo, eta ikusleak dantzan jartzen dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu