Ba omen da agerian dagoena baino gehiago. Lerroburuek ez dute, nonbait, han gertatzen den guzia biltzen. Izarrez gain, glamour-az aparte, alfonbra gorri edo beltzetik kanpo, zale, jarraitzaile eta fanatikoen oihuetatik ez hain urrun, zinema ere ba omen da.
Zinema, erran nahi baita, atzera begirakoak, eta Zabaltegi, eta filmak benetan maite dituen jendea.
Edonola ere, bitxia da, Zinemaldi batean, lehen lerroan egotea preseski zinezale bat gutien erakartzen eta asebetetzen duena. Bitxia da, begiratzen zaion tokitik begiratzen zaiola, Hollywooden aitzinean makurtu behar hori sariak banatzeko tenorean: Julia Robertsi, aurten; Richard Gereri, duela bi urte. Nork aipatzen ahalko lituzke bietariko edonork egindako hiru, tira, bi film on?
Quentin Tarantinok erran zuen behin zinezaleak bi multzo handitan banatzen direla: zinema maite dutenak, eta maite duten zinema maite dutenak. Neure burua bigarren taldean sartuko nuke, eta, horregatik, Donostiako Zinemaldia gorroto ez badut ere, nekatu egiten nau haren eklektizismoak, Roberts bezalako aktoreak omentzeko erakutsi duen temak, kalitatezkoak direlakoan sobera moteeeelak diren lanak nabarmentzeko daukan joerak.
Ezin ukatu, hala ere, bikote ederra osatzen dutela Donostiak eta zinemak. Egunen batean biak batera gozatzeko aukera probestu beharko nuke. Ez dut, haatik, irailean, eginen. Segur aski azaroan joango naiz. Orduan egiten da-eta Beldurrezko Zinemaren Astea.
Friki hutsak omen dira hara joaten diren guziak: Pretty woman zer den ere ez dakite.
MARATILA
Frikiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu