Komunikazioa

'Fringe' zientzia fikziozko telesaila estreinatuko dute gaur ETB1en

J.J. Abramsek sortutako ekoizpena 'X Files' entzutetsuaren oinordekoa dela diote hainbat adituk

AEBetako Fringe  telesaileko aktore protagonistak. ETB.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko otsailaren 20a
00:00
Entzun
Atzerriko fikzioan ETB1ek denboraldi honetan duen apusturik handiena gaur estreinatuko dute: Fringe telesaila. Igande gauetan ikusi ahalko da AEBetako ekoizpena euskarazko katean. Hiru denboraldi ekoitzi dituzte orain arte, eta ETBk hiruren eskubideak erosi ditu. Ikusleen arreta bereganatzeko, hiru denboraldiak jarraian emango dituzte.

Lost telesaileko sortzaile J.J. Abrams dago Fringe ekoizpenaren atzean. Zientzia fikziozko telesaila da, eta bertan logika eta zientziaren mugak gainditzen dituzten gertakarietan murgilduko dira ikus-entzuleak. Hainbat adituren arabera, X Files telesailaren oinordekoa da Fringe.

2008. urteko irailean estreinatu zuen AEBetako Fox kateak Fringe. Aldi berean Kanadako CTV katean hasi ziren ematen. Handik herrialde askotara zabaldu da: Irlanda, Suedia, Erresuma Batua, Norvegia, Finlandia... Eta ia guztietan arrakasta handia izan du.

Fenomeno ulergaitzak

Olivia Dunham FBIko agentea da Fringe-ko protagonista. Ulergaitzak diren fenomenoak argitzeko lanean ibiltzen da agentea. Gertakariren arteko harremana aurkitzeko ikerketak ditu gustuko. Horretarako, Bihsop doktore eroaren eta Peter bere semearen laguntza jasoko du. Walter Bishopek zentro psikiatriko batean egin ditu azken hamazazpi urteak.

Bostongo aierportuan nazioarteko hegazkin batek lur hartzen duenean hasiko dira hiru pertsonaiak elkarrekin lan egiten. Izan ere, hegazkineko bidaiari guztiak hilda daude, eta giza logikatik alde egiten duen gertakariaren jatorria argitzeko laguntza bila joko dute Dunham agenteak eta bere nagusiak Bishop doktorearengana. Bishopengana heltzeko modu bakarra Peter doktorearen semea bitartekari moduan erabiltzea da, ordea.

Hegazkinaren afera gertakari sorta baten hasiera izango da; azalpenik gabekoak guztiak, baina elkarren artean harremana dutenak. Hiru protagonistek fisika, kimika eta medikuntzaren mugak gainditzen dituzten kasu berriak ikertu beharko dituzte.

Telesailaren atal bakoitzak hasi eta amaituko den istorio bat kontatuko du. Baina guztien atzean gero eta indar handiagoa hartuko duen trama bat dago. Zer ezkutatzen da gertakari sinestezin horien guztien atzean?

Anna Torv aktoreak jokatzen du Oliviar Dunham agentearen rola. Walter Bishopena John Noblek egiten du eta Peter Bishopena Joshua Jacksonek. Beste aktoreetako batzuk Jasika Nicole, Lance Reddick eta Kirk Acevedo dira. Aipatzeko modukoa da, bestalde, Leonard Nimoyek egiten dituen agerraldi labur batzuk. Nimoyk Star Trek sailan Sr. Spock pertsonaia jokatu zuen hainbat urtez.

Crichton inspirazio iturri

Roberto Orci eta Alex Kurtzmanekin batera sortu zuen Abramsek Fringe-ko istorioa. The X-Files aintzat hartzeaz gain, Abramsek aitortzen du Michael Crichtonen liburuetatik edan zuela trama nagusiak asmatzeko.

Fringe-k telesail onenaren izendapena jaso du azken bi urteetan Saturn sarietan. Anna Torv ere bietan izendatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.