Larruak azken aldiz jo du harria Euskal Herriko pilotaririk arrakastatsuenetako batentzat. Oparotasunez jositako bi hamarkadaren ostean, pilotalekuei agur esan zien Ruben Belokik (Burlata, Nafarroa, 1974) abenduaren 3an, Iruñean, negar malkoek masailak bustitzen zizkioten bitartean. Titin III.a lagun, Bengoetxea VI. eta Begino garaitu zituen.
«Une egokian hartu dut erretiroa», dio Belokik, «baina amaiera gerturatzear zegoela ikustea gogorra izan da, eta aurkako sentimenduek bat egin dute nire barnean». Dena den, urtea «oso ona» izan dela esan du, eta adierazi du gustura dagoela pilota munduan izan duen amaiera «biribila» dela eta. Argi du, era berean, zein izan den urteko unerik onena: «Labrit pilotalekuko omenaldia izan da unerik hunkigarriena: 2011koa, baina baita nire bizitza osokoa ere».
Eguneroko berri bati ekingo dio Belokik hemendik aurrera. Gogoan geratzen dira iraganeko arrakastak, bidean eginiko lagun eta etsaiak, bere eginiko gailurrak eta errautsetatik abiatzeko balio izan zioten porrotak. Atzean dihardute dominek, txapelek eta txalo zaparradek. «Frontoian bizi naiz, eta nahiz eta erretiratu, hala izango da 2012an ere», dio. Hala, pilota munduaren beste aldea ezagutuko duela iragarri du, Asegarce kirol enpresari lotuta segituko duelako: «Orain arte zuriz jantzita ezagutu dut pilota mundua, eta, orain, txandala jantzita egiteko unea iritsi da».
Ruben Beloki. Pilotari ohia
«Frontoian bizi naiz, eta hala izango da 2012an ere»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu