Frankismo garaian Donostian beste euskal hirietan baino errepresio handiagoa egon zela dio Iñaki Egaña historialariak (Donostia, 1958). Artxibategi anitz arakatu ditu, baita biktimen senitartekoekin hitz egin ere. Datu esanguratsuak azaleratu ditu, zerrenda beltzak osatu. Sentipen «gazi-gozoa» utzi dio ikerketa sakon horrek, historia puska bat izan zen bezala kontatzea lortu duen arren, biktimen aitortza «oso berandu» iritsi delako, «beranduegi».
Non dago falangistek Donostian egindako sarraskiaren neurria ulertzeko oinarria? Zergatik ekin zioten halako indarrez errepresioari?
Sarraskia mugatze aldera, datu batzuk kontuan hartu behar dira: Hirian 85.000 biztanle zeuden garai hartan, eta 34.000 geratu ziren frankistak Donostiara sartu zirenean. Biztanleen %1 fusilatu zuten, 400 bat pertsona. Horietako dozenaka batzuk Donostiatik kanpo fusilatu zituzten; azkena Extremadurako [Espainia] hilerri batean azaldu zaigu. Soldaduska egiten ari zela harrapatu zuten, eta akabatu. Konparaziorako, Iruñean 300 bat fusilatu zituzten, eta hiriak 42.000 biztanle zituen. Baina aintzat hartu behar da Donostian 34.000 baino ez zirela geratu frankisten zain.
Baina zergatik Donostian horrenbesteko zapaltzea?
Donostia frankisten hiriburua izan zen, ez ofiziala, baina bai praktikan, Bilbo, Madril, Valentzia eta Bartzelona errepublikanoen esku zeudelako. Frankistek Donostia hartu eta handik hilabete gutxira 105.000 biztanle zenbatu ziren. Beraz, matxinoetako asko etorri ziren Donostiara bizitzera garbiketa ideologikoaren ondoren. Eroso sentitu behar zuten uda hirian pasatzen zuten aberatsek, erregimen berriaren aldekoek; Franco bera Aieteko jauregira joaten zen, eta zenbat eta garbiketa handiagoa egin, hobe izango zen haientzat. Donostiak Francoren aldeko hiria behar zuen, eta hortik dator gaur egun Donostiak oraindik duen kutsu hori. Aurretik ez baitzen horrelakoa. Errepublikanoek erraz irabazi zituzten 36ko hauteskundeak; Egia, Amara Zaharra, Parte Zaharra… langileen auzoak ziren. Frankistak sartu aurretik auzoetako biztanleen %85ek alde egin zuten; izugarria da datua.
Zer-nolako pertsonak fusilatzen zituzten?
Denetarik zegoen, baina Donostian bada beste hiriburuetan gertatzen ez den aldagai bat: fusilatu gehienak jeltzaleak ziren. Jeltzaleak urriaren hasieran sartu ziren gerran, eta, beraz, Donostiako borroketan ez zuten parte hartu alderdi gisa; banaka batzuek bai akaso, Irunen eta Beasainen adibidez. Are gehiago, elizak eta hainbat dendak zaintzen ere aritu ziren borrokak hasi zirenean. Irujo, Monzon eta beste gidari batzuk garaiz joan ziren, baina jeltzale arruntak Donostian geratu ziren errugabe zirelakoan. Ez zioten neurria hartu egoerari, eta fusilatu gehienak jeltzaleak izan ziren, ez bakarrik Donostian, baita Hernanin, Irunen eta Oiartzunen ere. Horrez gain, frankisten sarrera oso bortitza izan zen Donostian, han ez zutelako erresistentzia handirik espero. Bilbon bai, baina Donostian? Uste zuten baino ahalegin handiagoa egin behar izan zuten Gipuzkoa mendean hartzeko, bi hilabete eta erdiz, eta egoera horrek errebantxa ekarri zuen, mendekua.
Jende askok ez du Donostia inolako genozidiorekin lotzen. Ezjakintasuna?
Genozidio hitzaren inguruan eztabaida badago, Genozidioaren Biktimen Elkartearen barruan ere hala egon zen, eta azkenean baietz erabaki zen, egon zela, eta nik uste dut hori zentzuduna dela datuei begira.
Agirien bidez azaleratu duzu historia puska bat, baina baita testigantza zuzenen bidez ere. Hitzaren bidez josten al da historia?
Bai, agirietan milaka izen azaltzen dira, baina Donostian fusilatutakoen atzean biografia osoak daude, bizitzak, eta hurrengo erronka bizitza horiek ezagutaraztea litzateke, ez agian denak, baina bai batzuenak; izenen atzean sakontzea litzateke kontua.
Seme-alabak, neba-arrebak… zein izan dituzu iturri oparoena?
Alabak, zalantzarik gabe. Bitxia izango da, baina beraiek dira gertatutakoa hobekien gorde dutenak. Emakumeek transmititzen dute gure historia modu onenean. Zergatik? Agian pisu handia izan dutelako etxean, gauak luzeak pasa dituztelako… batek daki, beraiek esan beharko lukete. Oso oroimen gordina, latza, gogorra da, ez dakit nola azaldu, baina hori dena gorde egin dute. Jende horrek bere burua babesturik ikusten du oroimenaren aldeko ekitaldietan, urte gehiegitan erabat abandonaturik egon baita. Deigarria da zein mailatan sufritu duten maite zituztenen desagertzeak. Hilobi bat balute, ba hildako bat lukete etxean, hori baino ez, baina hilobirik gabe…
Shoahrekin lotutako liburu eta filmetan bizilagunek bizilagunak salatzen zituztela ikus daiteke. Juduekin jazo zen antzera, Euskal Herrian ere izan al ziren halako kasuak?
Bai, bai, egon ziren. Donostian Pedro Mola Urtazunen kasua paradigmatikoa izan daiteke. Eskolazaina izan zen Errepublika garaian, hori besterik ez zuen delitu. Sindikalista izan arren, Donostian gelditu zen frankistak sartu zirenean. Handik zortzi hilabetera salatu zuen bizilagun batek. Prozedura osoa aurkitu dugu paperetan. Hainbat hilabetez lanean jardun zuen eskola batean eta garaje batean, jadanik frankistak hiriaren jabe zirela. Epaiketan haren alde egin zuten Mola Urtazunek izandako nagusiek eta auzoko tabernariek, eta hala eta guztiz ere, aurrera joan zen salaketa, harik eta hil zuten arte. Mendekua izan zen seguruenera. Cesar Balmaseda falangista zegoen Batzar Militarrean, eta Donostian falangistek zuzendu zuten errepresioa, errepublikanoek hainbat falangista fusilatu baitzituzten aurretik, horien artean Donostiako falangisten buru Aizpurua.
Iñaki Egaña. Historialaria
«Fusilatuen artean gehienak jeltzaleak izan ziren Donostian»
Oroimen historikoa berreskuratu. Ez du lan samurra Iñaki Egaña historialariak. 36ko gerrak zauri latzak utzi zituen betiko Euskal Herrian, sendatu gabeak asko eta asko. Senitartekoekin zer gertatu zen jakiteak zerbait arin dezake urte askotako pena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu