Komunikazioa. Ekografiak

Futbola gurean

Aritz Galarraga.
2011ko abenduaren 10a
00:00
Entzun
Azkenik, iritsi da eguna: 22:00etan hasita jokatuko da mendeko klasikoa —auskalo zenbatgarrena—, futbolzale orok espero eta desio duen hankapilota partida, munduan ikus daitekeen kirol ikuskizunik handiena: Madril eta Bartzelonako taldeen aurkako matxa. Tumatxa. Hasi baino lehen aspertu naute. Jesus, a ze tema. Kontsolamendu bakarra, ETB1en ezin ikusi izango dugula —kirol erregearen fanatikook, lasai: La Sextak aseko dizkizue beharrak, Roures jaunari eskerrak, 15:00etan hasiko den saio berezi batekin. Aspertzeko denbora ere izango duzue—.

Badira urte gutxi batzuk ETBk Espainiako Futbol Ligako, barka, BBVA Ligako eskubideak erosteari uko egin ziola. Orduz geroztik, ezin ditugu ikusi beste kate autonomiko batzuetan oraino ikus daitezkeen futbol partida ezin interesgarriagoak, Granada-Atletico Madril eta Malaga-Getafe lehien gisakoak —Izarren Ligakoak omen, bi-biak—. Ez bilatu negar malkorik nire begietan. Tarteka norgehiagoka interesgarririk bada, lasai antzean ikus liteke etxe azpiko tabernan, jendearen zerbeza harrabots artean.

Nahiz eta negarrerako ematen duen ETB1eko futbol eskaintzak. Ez naiz Txapeldunen Ligaz ari, hori kabiarra izaten da maiz —otsailetik aurrera, orain artean antxoa bat baino gehiago sartu digute eta—. ETB1ek Espainiako Bigarren Mailako, barka, Adelante Ligako partidak emateko duen kasketaz ari naiz, larunbat arratsaldeak behe mailako futbolarekin betetzeko hartu duen erabaki fermuaz. Eibar bigarren mailan balego sikiera! Baina ez, konformatu behar dugu, nahi eta nahi ez, Almeria-Hercules, Bartzelona B-Celta, Celta-Hercules, Girona-Hercules eta enparauekin —Herculesek jarraitzaile asko ote ditu Euskal Erdian?—.

Ez dakit ETBk zenbat pagatzen duen partida horiek eman ahal izateagatik. Baina orain diru mozketen kontuekin-eta datuok atera dituztenez, TV3ekoak akaso balio digute erreferentzia modura: Espainiako Ligagatik 30 milioi, Txapeldunen Ligagatik, bost. Egia esan, berdin zait zenbat ordaintzen duten bigarren mailako partidengatik: ez musu truk, doan emanda ere ez nituzke nahi ezertarako. Eta ez diot astakeriarik esaten badut horien aldean nahiago dudala Txirrita,Lazkao Txiki edo Pernando Amezketarra-ren hamaikagarren errepikapena. Ze, helburua bada larunbat arratsaldea galtzea, bururatzen zaizkit manera merke askoak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.