Komunikazioa. Ekografiak

Futbolarien irakaspena

Aritz Galarraga.
2011ko irailaren 6a
00:00
Entzun
Futbolik gabeko asteburu lasaia geneukan aurretik. Lasaia, batzuentzat. Lasaiegia, aspergarria beste askorentzat, asteguna baino astunagoa. Zapin zuria egiten hasi nintzela, baina, belar puska batekin egin nuen topo, hogeita bi gizaseme galtzamotzetan, ostiral arrats partean (asteko unerik gozoenean, asteburua inoiz bukatuko ez dela dirudienean). Espainia eta Txile ari ziren, ohi dutenez, pilota ateko zuloan nork sartuko. Eta ikusi egin nuen partida, aitor dut, Euskadiko (sic) ikusleen %24,5ek bezalaxe, Vertele web orriko audientzien arabera.

Ikusi nuen partida, azken lau minutuak, 90.enean harrapatu bainuen. Partidako minuturik onenak, hala ere: lau izan ziren, baina edozein telebista programatzailek nahiko lituzkeenak, urrezkoak. Hasteko, binakakoa markagailuan, Arbeloa izeneko morroiak bere burua bota zuen igerilekura —irail hasiera da, ura goxo dago oraindik—. Penaltia. Gola. 3 eta 2 aurretik Espainia. Eta jarraian momentu izarra, audientziak (eta gauza gehiago) altxatzen dituen unea: Bartzelona eta Madrileko jokalariak hasi ziren borroka librean, ohi dutenez hauek ere, baina, behingoagatik, ez haien artean, Txileko jokalarien aurka baizik.

A, orduan esatariak, harrotasuna ezin ezkutatu, esanaz esan gabe: tira, ez da oso itxurosoa borrokan aritzea, eredu eman beharra dugu, baina ikusten da arrakalarik ez dela jokalarien artean, tokiko txikikeriak bazter utzita, batera ari direla larrua jokatzen. Eta, egia esan, futbolarion jarrera ez da biren arteko gatazka konpontzeko biderik txarrena: hirugarren bat etsaitzat hartzea. Euskal gatazkari aplika geniezaioke ostiral arrats parteko irakaspena, eta bila genezake etsai bat kanpoan, nik zer dakit, Portugal, adibidez, espainiar eta euskaldunok lasai asko gorrota genezakeen hirugarren bat. Eta ekar genitzake Sergio Ramos, Busquets, Pinto, Xabi Alonso bitartekari lanak egitera.

Lokarri lanak beste batzuentzat utzita, futbolaz aritu nahi nuen, ia futbolik gabeko asteburuaren ondotik. Ez debalde, uste baino garrantzi handiago baitu futbolak telebistarentzat, eta telebistak futbolarentzat. Telebista eskubideengatik sartzen den dirua aipatu, esaterako: Bartzelona eta Madrilek 180 milioina euro jasotzen dituzte denboraldiko, hirugarrenak 50-60. Baina horietaz hitz egiteko izango ditugu ia futbolik gabeko asteburu lasai, lasaiegi, gehiago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.