Ezarian. Donosti Cup

Futbolean, giro ederrean

Munduko 27 herrialdetako 392 taldeak hasi dira Donosti Cup txapelketako partidak jokatzen; eta oraindik, talde bakoitzak beste hiru partida jokatuko ditu gutxienez.

Errekor mordoa hautsi du aurten Donosti Cupek; horietako bat, jokalari kopurua, 7.500 lagun bilduko ditu. Irudian, atzo Antiguoko eta Salvador de Bahia taldeek jokatutako partida. JON URBE / ARP.
Oiartzun
2012ko uztailaren 3a
00:00
Entzun
Hasi da Donosti Cup txapelketa. Gipuzkoako hamaika herritako futbol zelaiak jendez beteta daude, eta futbola, nonahi. Europako txapelketarik garrantzitsuenetan laugarrena da, dagoeneko, Donosti Cup ; eta horri esker, astebetez, futbol ederraz gozatzeko aukera izango da Gipuzkoan.

Oiartzungo Ugaldetxo auzoko bi zelaietan 10:00etan hasi ziren lehen faseko partidak, atzo; eta 19:00ak arte hainbat partida jokatu zituzten han.

Goizeko lehen partidan, Antiguoko taldea, Salvador de Bahia taldearen aurka aritu zen. 14 urteko gaztetxoek sekulako maila erakutsi zuten zelaian. Brasilgo taldeak 2-0 irabazi zuen partida. Lisboa Cup txapelketa irabazi berri du taldeak, eta Donosti Cupen ere zeresana emango du. Sonia Soler, brasildarren itzultzaile eta gidariaren hitzetan, taldearen helburua finalean sartzea da.

Jende asko zegoen harmailetan: familia, lagunak, talde bereko beste kategorietako jokalariak eta abar. Herritarrak ere bildu ziren futbolaz gozatzera: aitona-amonak bilobekin, gurasoak etxeko txikiekin, gazteak lagunartean... Giroa ezin hobea izan zen Oiartzunen. Harmailetatik txalo zaparrada iristen zen edozein jokalditan, eta jokalariak beraiek ere ilusio handiz ibili ziren zelaian gora eta behera. Eguraldia ere lagun izan zuten txapelketako lehen egunean, Oiartzunen.

Bitxikeria bat ere izan zen partidan: atezaina lurrean zegoenez,defentsa batek sekulako gelditua egin zuen, eskuak erabilita. Epaileak txartel gorria atera zion jokalariari, eta bat gutxiagorekin geratu zen Brasilgo taldea. Penaltia gelditu egin zuen, ordea, atezainak; beraz, merezi izan zuen jokalariaren ausardiak.

Donostiako Antiguoko taldeak, ez zion batere erraz jarri, ordea, Amerikako taldeari, eta bukaeraraino borrokatu zuten. Pablo Blanco Antiguoko entrenatzaileak honela esan zuen partida amaitzean: «Irabaztea da gure helburua. Oraindik beste bi partida geratzen dira; ikusiko da».

Ondoko zelaian, haurren mailako nesken partida jokatu zen; 11:00etan hasita. Tolosa CF Alliance CF taldearen aurka aritu zen. Lehena, 12-13 urte bitarteko tolosarrek osatua; bigarrena, adin bereko neska amerikarrek. Maila bikaineko partida izan zen. Bi taldeek oso zaila izan zuten gola sartzea; baina azkenean, amerikarrek gol bateko aldearekin irabazi zuten. Tolosarrak animatu eta animatu ibili ziren, baina ezinezkoa izan zen. Hala ere, kiroltasuna erakutsi zuten bi taldeetako jokalariek, eta partida amaitzean, elkar agurtu zuten. Amerikarrek, gainera, kamiseta bana oparitu zietengipuzkoarrei.

Tolosako neskak Futbol11n hasi berriak badira ere, futbolerako grina erakutsi zuten: «Eurek eskatu zidaten hemen parte hartzea», argitu zuen Antxon Iglesias entrenatzaileak. Hala ere, irabaztea ez da dena, eta Iglesiasek oso garbi dauka hori: «Nik garbi esan nien: garrantzitsua astebetez, denok batera, ondo pasatzea da».

Atzo egun oparoa izan zen. Baina lehena baino ez. Larunbatera bitartean, atzokoak barne, 984 partida jokatuko dira, 20 zelaitan; egunero, 200 inguru.

Zelaian eta Gipuzkoan, aniztasuna izango da nagusi; bost kontinentetako 27 herrialdetako 7.500 futbolari gazte ariko dira: kultura anitz, hizkuntza asko, hainbat usadio, adin askotakoak, eta abar.

Jantzietan ere nabarmentzen da aniztasuna: 392 talde parte hartzaileetako jokalariak, taldeko txandala jantzita dabiltza hiriburuan zehar; bakoitza, bere kolorekoa. «Donosti Cupek oinarrizko balioak bultzatzen ditu: berdintasuna eta integrazioa», hala azpimarratu zuen Ikerne Badiolak, Kultura, Gazteria eta Kiroleko diputatuak: «Asko dugu besteengandik ikasteko, eta Donosti Cupi esker hemen, Donostian, aukera hori daukagu».

Aniztasuna bultzatzen duen ekimena Donosti Cup in the World da. Urtero, baliabide urriak dituzten taldeak gonbidatzen ditu. Aurten, honako talde hauek gonbidatu dituzte: Irakeko Olimpico Alsader, Ukrainako Txernobyl Elkartea eta El Salvadorreko Tacuba taldea. Tacuba taldeak gaur Hernanin jokatuko du, 19:30ean. Txernobyl Elkarteak Matigoxotegi 2 zelaian jokatuko du, 11:00etan hasita. Eta, 13:00etan, Olimpico Alsader taldearen txanda izango da.

Jokalariek, futbolaz gain, beste hainbat ekimenez gozatuko dute. Gaur eta bihar, afaria eta DJen emanaldiak izango dituzte gazteek. Ostegunean, Donosti Cup Disco festa antolatu dute, Izotz Jauregian. Karaokea, DJak, Donostiako musika taldeak eta abar, ariko dira zuzenean. Ostiralean, Kursaalean, Donosti Cup festa ospatuko dute, 21:00etatik 01:00etara. Larunbatean, agur ekitaldia egingo da; jokalariek agur esango diote txapelketari datorren urtera arte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.