Athleticek maiatzaren 25ean jokatuko du Espainiako kopako finala Bartzelonaren aurka, eta zaleek norgehiagoka horretan itxaropena jarrita daukate. Izan ere, duela 28 urtetik eskuratu ez duten kopa berreskuratzeko aukera dauka aurten talde bilbotarrak. Eta hori horrela balitz, titulua ospatzeko festak hiriburuko kaleak beteko lituzke. Baita itsasadarra ere. Txapeldun izendatu berriek, Getxotik (Bizkaia) abiatu, eta ibaitik gora Bilboko udaletxerainoko bidea egingo bailukete gabarra ezagunaren gainean.
Athleticen gabarrak 1984an egin zuen azkenekoz itsasadarretik gorako azken bidaia, eta bilbotar askok orduz geroztik ez dute berriz ere gabarra ikusteko aukerarik izan. Izan ere, Bilboko portuko lanetarako erabiltzen dute. Baina, laster, bilbotar eta Athleticzaleek ez dute titulurik irabazi arte itxaron behar izango itsasontzia ikusteko.
Bilboko portuko agintaritzaren arabera, «lan tresna gisa amortizatuta dago, eta, zaleentzat sinbolo bihurtu denez, gabarra Bilboko Itsasadarra museoari dohaintzan ematea erabaki dugu». Beraz, lanetik «erretiroa» hartuko du gabarrak, baina «herritarrentzat berreskuratu ahal izango da». Haren ordez, beste ontzi modernoago bat jarriko dute portuko lanak egiteko.
Mende erdiz, lanean
Dohaintzan emateko erabakia hartuta baldin badago ere, gabarrak Bilboko portuan jarraitzen du oraindik. Itsasadarra itsas museora eraman aurretik, konpontze eta margotze lanak egin behar dituzte, egoera onean erakusgai eduki ahal izateko. Lan horiek noiz hasiko diren, ordea, ez dago zehaztuta oraindik, «baina kopako finala jokatu aurretik izango dela, ziur», adierazi dute portuko agintaritzatik. Beraz, maiatzaren 25a baino lehen museora eramango lukete gabarra. «Oraindik ez dakigu zer egingo dugun berarekin, non jarriko dugun», Itsasadarra museoko ordezkariek esan dutenez. Nolanahi ere, pozarren daude Athleticzaleentzat horren sinbolo garrantzitsua dena euren eskuetan izango dutelako aurrerantzean.
Zelaia ontziolan eraiki zuten gabarra 1960. urtean, eta, orduz geroztik, Bilboko portuko lanetarako erabili izan da. Hainbat betebeharretarako erabili da: ezinbestekoa izan da enborrak bildu, itsasontziak margotu, moilak konpondu, buiak garraiatu edo portuko bestelako mantentze lanetarako. «Itsaso gaineko lantegi bat dela esan daiteke», agintaritzatik esandakoaren arabera.
23 urtez portuan lanean jardun eta gero, 1983an lehen aldiz erabili zen gabarra Athleticzaleekin urte hartan lortutako liga titulua ospatzeko. Hurrengo urtean berriz atera zuten portutik, talde bilbotarrak liga eta kopa irabazi baitzituen. Bi ospakizun horien ondoren, ordea, berriz ere lanerako bakarrik erabili da 28 urtez. Ospakizunetarako berriz erabili gabe, eta portutik atera barik.
«Zaleek eta hainbat erakundek maizago ikusi nahi zutela jakin dugu», portu agintaritzatik adierazi dutenez. Horregatik eramango dute Euskaldunako moila albora. Baina bilbotarrek eta Athleticzaleek, hor ikusteaz gain, berriz ere ospakizun batean murgilduta ikusi nahiko dute, ziur. Eta horretarako aukerarik hurbilena datorren maiatz amaieran izango da. Ordurako gabarra konponduta eta margotu berri egongo da, ezagun egin duen betebeharrari berriz ere ekiteko prest.
Gabarra, zaleen eskura
Bilboko portuan mende erdiz lanean aritu eta gero, Athleticek azken tituluak ospatzeko erabili zuen gabarra Bilboko Itsasadarra museoari eman diote, zaleen eskura egoteko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu