25 urte igaro behar izan dira, baina, azkenean, gabarrara igo dira Athleticeko jokalariak. Ez ditugu ikusi, ordea, Etxebarria, Koikili, Iraola, Aduriz edo Del Horno. Ikusi ditugunak Andoni Goikoetxea, Luis de la Fuente, Txema Noriega, Manu Sarabia, Patxi eta Julio Salinas eta Ismael Urtubi izan dira, besteak beste. Hots, duela 25 urte Espainiako Futbol Liga irabazi eta gabarran Nerbioi itsasadarra igo zuten taldeko jokalariak.
1982-83 denboraldiko ia jokalari guztiak bildu zituen atzo EITBk Bilboko Itsas Museoan, gabarra lehen aldiz atera zuten 25. urteurrenean. Por el rio Nervión saio berezia eskainiko du maiatzaren 1ean, eta grabaziorako bildu ditu futbolari ohiak. Eurekin «garai hartan izandako sentsazioak» berreskuratzen saiatuko dira.
Aterkiak hartu eta gabarrara egin dute salto jokalariek, bertan argazkia ateratzeko. Kontuz egin dute, baina egia esan, bustitzeko ez da ibaian sartu beharrik izan, euria oporrekin batera iritsi baita gurera. Eta busti, guztiak busti dira, jokalariak, kazetariak zein argazkilariak. Horiek bai, azken horiek tentuz ibili behar izan dute, argazkia gasolino batetik atera baitute. Itoizko urtegian, orain aste batzuk, Nafarroako gobernukideei gertatu zitzaiena gogora etorriko zaio baten bati.
GARAIPEN HISTORIKOA. 1983an bezala kokatu dira taldekideak gabarran, batzuk zutunik, besteak makurturik. Argazkirako, fuera aterkia! «Athleeeeetic!», oihukatu du euretako norbaitek. Barreek eta txantxek momentua girotu eta euria ahantzarazi diete une batez. Gabarraren alde batean hasi dute sesioa, baina Athletic izena daraman branka ezin ahaztu, eta bertara mugitu dira, duela 25 urte bezala ateratzeko. Gero, azkar-azkar, kaira igo eta aterpe bila alde egin dute, kameraren begiradapean.
Gaur egun bezala, 1983an denbora asko zeraman Athleticek liga irabazi gabe, baina 27 urteren buruan, lortu zuten azkenean. Orduan eta hurrengo urtean atera zuten gabarra, liga eta kopa ere irabazi zuten denboraldian. Patxi Salinas horretaz ohartu da: «25 urte ondoren zer lortzeko gai izan ginen konturatu gara. Orduan ez ginen jabetzen. Orain, berriz, zoritxarrez Athleticek liga irabazi gabe beste 25 urte igaro direnean, garai hark jendearen baitan eragina izan zuela konturatu gara».
Luis de la Fuentek ere uste du garai polita izan zela. Gaur, egun haiek gogoratuko dituzte: «Nola bizi izan genuen oroitu eta gozatuko dugu». Maiz elkartu ohi dira taldekide ohiak, urtero egiten baitute afaria, baina gaur, kameren aurrean oroituko dute «garai loriatsu hura», Salinasek dioen bezala.
Gabarra
Gabarra lehen aldiz atera zutenetik 25 urtera, berriro elkartu dira 1982-83 denboraldiko Athleticeko jokalariak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu