Gabon giroa nagusi

Jaiotzen III. azoka jarri dute Bilboko Zabalguneko eraikinean. Jaiotzak ikusteaz gain, apaintzeko erabiltzen diren elementuak erosteko aukera izango dute bisitariek.

Zabalguneko eraikinean hainbat tokitatik ekarritako jaiotzak ikus daitezke. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Bilbo
2011ko abenduaren 9a
00:00
Entzun
Eguzkia lagun hartuta jende asko gerturatu zen atzo Bilboko Zabalguneko eraikinera, jaiotzen III. azoka ikustera. Jaiegun batek dakarren lasaitasuna baliatu zuen guraso batek baino gehiagok haurrek jaiotza ikus zezaten. Baina haurrak ez ziren begiratzearekin soilik konformatzen, «ama, eros ezazu irudi hau», edo «aita, hau etxera eraman nahi dut», ziren gazteenek irribarrea ahoan zutela gehien errepikatutako esaldiak.

Aurten hirugarren urtez jarri du jaiotza Justo eta Pastor Jaiotzen elkarteak, eta igandera arte egongo da ikusgai. Aurreko bietan bezala, oraingoan ere, Bilboko Udalaren eta Bilboko Erdialdeko Merkatarien Elkartearen lankidetza jaso du ekimenak. Carlos Torner presidenteak uste du azkenaldiko lanak azoka egonkortzeko balio izan duela. «Nire iritziz, azoka erabat finkatua dago. Gure borondatea Europako beste hainbat hiritan izaten diren erakusketen antzeko zerbait osatzea da», mintzo da erakusketako burua.

Orain arteko bi aldietan Areatzara gerturatu beharra zegoen. Aurten, berriz, 800 metro egokitu dituzte Zabalguneko eraikinean. Areatzara jende gehiago biltzen bazen ere, orain arteko erantzuna ona izan dela aipatu du Tornerrek: «Lehen egiten genuen tokian jendeak nahi gabe egiten zuen topo azokarekin. Egun, aldiz, hona datorrena zerbait aurkitzeko gerturatuko da, zer edo zer erosteko intentzioarekin etorriko da». Euskal Herriko jaiotzak ez ezik, kanpotik ekarritakoak ere badaude ikusgai: Madril, Katalunia, Aragoi, Gaztela eta Leon, Andaluzia eta Valentziatik ekarritakoak, hain zuzen.

Euskal ohiturak babestu

Gabon garaia heltzear denero Frankfurten (Alemania) eta Innsbrucken (Austria) izaten diren jaiotzak asko azaltzen dira hedabideetan. Bada, bi hiri horiek ardatz hartuta, Bilbon ere horrelako zerbait osatzea da Tornerren borondatea. Asmo horrek, baina, salbuespen bat du. Izan ere, Euskal Herriak «bere» kultura eta ohiturak dituela nabarmendu du presidenteak, eta usadio horiek babestu behar direla erantsi. «Euskal jaiotzei bultzada emanda, bizar zuri eta antzeko eredu anglosaxoiak aldentzen dira», aipatu du Tornerrek. Gainera, presidentearen ustez, euskal herritarren Gabonetan oinarrizko hiru elementu izaten dira: Olentzero, Errege Magoak eta jaiotza.

Zabalguneko eraikinean dauden jaiotzak ez dira izango Bilbo eta inguruetan datozen egunetan ikusgai izango diren bakarrak. Hiriburuko San Nikolas elizpean bi jaiotzaz gozatzeko aukera edukiko du hara joaten denak. Bata, ikus-entzunezkoa izango da; bestea, ordea, biziduna.

Otxarkoagako bizilagunek ere ez dute Gabon usainean murgiltzeko aukerarik faltako. Auzo Etxeko erakusketaz gain, Eliz eta Pasoen museoetan ere jaiotzak izango baitira. Bilbo ondoan dagoen Etxebarrin ere ikus-entzunezko jaiotza bat jarriko dute urtarrilera arte. Erakusketaren aurrean jartzen den ikusleak euskal baserria nolakoa den ezagutu ahal izango du. Toki horietaz gain, Euskal Herriko beste askotan ere Gabon giroa nagusituko da datozen egunetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.