Gabonak ate-joka, eta egun berezi horiek iragartzen dituzten argiak iritsi dira Euskal Herriko hiriburuetara. Kontsumo txikiko bonbillak, LED diodoak eta argi hariak erabili dituzte Euskal Herriko hiriburuetan Gabonak argiztatzeko. LED metro batek 25 watteko 10 bonbillak baino hamar aldiz gutxiago kontsumitzen du. Krisiarekin, gainera, udal batzuek argiztapenerako dirua murriztu eta birkokatu egin dute.
Iruñea izan zen goiztiarrena argiak pizten. Azaroaren 25ean piztu zituzten argiak. 96.000 euro eskas gastatuko du lan horretan. Krisia dela eta, udalak ez du argirik jarriko Rodezno kondearen plazan, eta Gazteluko plazan, ez eta Gaiarre antzokiko aurrealdean. Argiak eta apaingarrietan ere, Alde Zaharreko kale nagusietara eta I eta II. Zabalguneko kaleetara mugatuko dira.
Beste hiriburuetara geroago iritsi dira argiak. Baionan abenduaren lehen egunean piztu zituzten, eta Bilbon, Donostian eta Gasteizen hilaren bian. Baionako Udalak 26.000 euro gastatu du hiriko auzo nagusiak argi biziz apaintzeko. Baiona Handin, Baiona Ttipin, eta San Izpiritun, abendu guzian karrikak apainduko dituzte LED argiek. 170 irudi jarri dituzte, eta zuhaitzak eta zubiak ere argitan jarri dituzte. Argindar gutxi erabiltzea da Herriko Etxearen xedea, eta egunez ere ageri diren irudiak jarri dituzte.
Bilbon 498.480 LED jarri dituzte hiria edertzeko. Argi txikiz egindako 25.000 metro girlanda eta 306 irudi kokatuko dituzte hiriko kale eta parke nagusietan. 27 izei ere jarriko dituzte, horietatik 9 artifizialak. Duela hiru urte hasitako energia aurrezteko bideari jarraituz, kokatu diren bonbilla guztiak kontsumo txikikoak dira, eta aurten argindar kontsumoa %8 gutxitu nahi du udalak.
Toki gehiagotara
Krisia dela eta, udalek argiztapenerako diru gutxiago erabili arren, toki gehiagotara eraman dituzte argiak. Hori izan da Gasteizko eta Donostiako kasua. Lehenengo aldiz, Donostiako Udalak, hiriko hemezortzi auzoetatik hamabostetan jarriko ditu argiak. Argiztatuko ez dituen auzo bakarrak Landarbaso eta Miramon-Zorroaga izan dira, auzo horietan ez dagoelako merkataritzarik. Argiez landa, hiriko hainbat elementu apainduko ditu: zuhaitzak, lorategiak, urmaelak edota biribilguneak. Udalak 85.000 euro gastatuko ditu argiztapenean, joan den urtean baino 3.000 gutxiago.
Gasteizen, berriz, beste bost toki gehiago argiztatu dituzte, baina kostua iaz baino 10.000 euro gutxiago izanen da. Orotara 120.00 euro gastatu dituzte. Erdialdeko kaleez eta eraikin garrantzitsuenez gain, merkataritza nagusi den beste hainbat kale argiztatuko dira: Foru kalea, Jesusen Zerbitzarien kalea, Nafarroako Errege-Erreginen kalea eta San Antonio kalea. Alondegiko eremua apainduko dute. Aurten, gainera, argi berriak ditu Gasteizek. Apaingarri ugari jarriko dituzte. Europako beste hiri batzuetan ikusi da antzeko argiztapena, Londresen eta Lisboan, esaterako. Guztira 14.000 metroko luzera izanen dute argi hariok, eta 80 zuhaitz beteko dira argiz. Bestalde, Arabako hiriburuko udalak 24 pinu ere argiztatuko ditu, hiriko hainbat tokitan sakabanatuta.
Hirietako giroa alaitzea dute helburu Gabonetako argiek. Bidenabar, herritarra kalera atera eta kontsumitzera gonbidatu nahi dute udalek.
Baionan urte berria joan bezain azkar kenduko dituzte argiak, Hego Euskal Herriko hiriburuetan, berriz, ilbeltzaren 6an.
Gabonak argitzea merkeago
Abendu hasieratik Euskal Herriko kaleak Gabonetako argiz beterik daude. Horrek gastu handia dakar; hala ere, hiri nagusietan gastua murrizteko neurriak hartu dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu