Errehabilitazio Zentroak buruko gaixotasunak dituztenekin lan egiten du. Tratamendu intentsiboak egiten dituzte, jarraipena barne. Margarita Herranz da psikiatria arduraduna.
Zer laguntza eskaintzen diozue zentrora doazen gaixoei?
Buruko gaixotasunak dituzten pertsonak beren gaitasunak berreskuratu edo beste batzuekin ordezka ditzaten egiten dugu lan zentroan, gizartean integratuta bizi daitezen. Gaixotasuna duen pertsonak etxe bat izan dezan, denbora librearekin goza dezan. Eta beherakadarik ez izateko, tratamendu psikiatrikoarekin jarraitzeko kirol, tailer edo ekintza kognitiboak egiten ditugu.
Nolako bilakaera izan behar du gizateratzeko?
Gizarteratzeko, beharrezkoa izaten da buruko gaixoaren garapena dinamikoa izatea. Garrantzitsua izaten da gaixoek gustuko dituzten ekintzak hautatzea, motibazio handiagoz aritzen baitira. Horretarako, hainbat ekintza lantzen dira urtean zehar. Bosnako futbolean aritzen dira, zeramika tailerrean denetariko lanak moldatzen dituzte eskuekin, saskigintzan otarreek itxura desberdina hartzen dute, mendi irteeretan parajeez gozatzeko aukera izaten dute, ehungintzako eskulan apartak egiten dituzte. Denetariko ekintzak programatzen ditugu errehabilitazio zentroan. Horien guztien arteandago arrakasta berezia izaten ari den pintura tailerra.
Noiztik ari zarete pintura tailerrean lanean?
Duela 25 urtetik aritzen gara goizetan pintura tailerren bidez buruko gaixoen errehabilitazioa lantzen. Urteak joan ahala, gaixoak ugaritzen joan dira, eta momentu honetan 50 lagun inguru aritzen dira. Oso gustura gaude egiten duten lanarekin, osasunean izaten duen eragin positiboagatik. Adi egotea eta kontzentratzen saiatzea garrantzitsuak izaten dira. Bestalde, garaiz iristea, higienea zaintzea, elkarbanatzen ikastea eta abar jorratzen dira, kognitiboki garatuz joateko.
Zentroan, zenbat aditu aritzen zarete lanean?
Oraintxe, psikiatra, psikologoa, gizarte langilea, hiru erizain eta hamabost begirale ari gara lanean zentroan. Gure egiteko nagusia, gaixoen errehabilitazio programak aurrera eramatea da.
Zenbat gaixorekin ari zarete errehabilitazio lanetan?
Aurten, berrehun gaixo ingururekin ari gara lanean. Egia esan, urte hauetan, kopuruak gorantz egiten jarraitu du. Hasierako urte haietan, 30 gaixo ingururekin lan egiten hasi ginen; baina gaur egun, zerbitzu zabalagoa eskaintzen ari gara. Integrazioaren isla ere izan daiteke. Gaitasunak lortzen doazen eran, buruko osasunaren beste egitura batzuetara bideratzen dira gaixoak, eta, era berean, beste batzuk hartuz goaz. Gure errehabilitazio zentroan beti daude ateak zabalik edonorentzat.
Zentro askotan, epe mugatu bateko programekin egiten da lan; hemen, ordea, pertsonak gizarteratzeko gaitasunak lortzen dituela ikusi arte aritzen gara errehabilitatzen. Ez dugu muga zehatzik jartzen, bilakaeraren arabera gaixo bakoitzak bere ibilbide egiten baitu.
Margarita Herranz. Errehabilitazio Komunitarioko Zentroko psikiatra arduraduna
«Gaixoak gizarteratzeko, haien garapenak dinamikoa izan behar du»
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu