Herrian ez dago beste konturik. Hil hasieran vianar frankok jaso zuten Errioxako (Espainia) Osasun Zerbitzu Sailaren eskutitza etxean: Logroñoko San Pedro erietxean espezialistarekin zuten kontsulta bertan behera gelditu zen. Orain, Nafarroako eta Errioxako gobernuek akordioa lortu dutela esan dute, baina Vianan ez dute horren berri. Gaixoak Lizarrako Garcia Orkoien erietxera bidaltzen ari dira.
Vianako osasun etxean medikuak noiz hartuko zain daude gaixoak. Mari Carmen Etxeberriak bere koinatari gertatutakoa kontatu du. Logroñon egin zioten bizkarreko ebakuntza, eta lehen bisita ere bai, baina jarraipena Lizarran edo Iruñean eginen diotela esanda utzi dute. «Logroñora bederatzi kilometro daude, eta autobusak noiznahi. Lizarrara edo Iruñera joateko, egun osoa galtzen duzu, eta autorik ez baduzu, senideren batek eraman behar zaitu. Gainera, jarraipen txostena Logroñon bertan du».
Antzeko egoeran da Maria Rivas, 65 urteko vianarra. Okulistarenera joaten da Errioxara. «Makur jokatzen ari dira. Lehen aukera zenezakeen Logroñora edo Lizarrara joan. Logroñon jarraitu nahi dut. Erosoagoa da, eta azkarragoa. Autobusak maiz dira, eta azkar jaitsi eta igo zaitezke. Logikoena Logroñora joatea da; beti egin izan dugu horrela». Francisca Dueñas iritzi berekoa da. Haren alabak Logroñon jaio ziren, eta beti hara joan izan da espezialistarengana. «Orain arte ongi geunden. Aurrerantzean ikusiko dugu. Krisiarekin bazter guztietan diru mozketak egiten ari dira, eta arazoak sortzen».
«Ez dira moduak»
Maria Isabel Maroño tramautologoarekin ordua eskatzera joan da leihatilara, eta, bere zorigaitzerako, Lizarrara igorri dute. Nahiago zuen Logroñora joan baina. «Lizarrara kasik 40 kilometro daude. Han, askotan ez dizkizute egiten behar dituzun froga guztiak, eta Iruñera bidaltzen zaituzte. Logroñon, berriz, ez duzu hara eta hona ibili beharrik».
Vianan bizi diren 4.000 biztanleetatik %10 inguru joaten dira espezialistarenera edo ebakuntzak egitera Logroñoko San Pedro erietxera. Gehienak adinean aurrera doazen vianarrak dira. Gertatutakoarekin kritikoenak herriko kontsultategiko langileak dira. «Herritar asko eta asko etorri dira zer gertatzen den galdezka, eta Logroñoko espezialistaren ordua Lizarrarako edo Iruñerako aldatzera. Ez da jakinarazpen ofizialik egin, eta galduta ibili dira. Gu ere zer esan ez genekiela izan gara». Ez direla lan egiteko moduak diote. «Bi gobernuen artean akordiorik ez bada, hemengo gaixoak Errioxan artatu nahi ez izatea uler daiteke, baina hauek ez dira moduak».
Kontsultak bertan behera utzi aurretik abisua eman zutela diote, eta martxan zeuden kontsultak errespetatu. «Egun batetik bestera ezin dira milaka lagunen mediku txostenak tokiz aldatu». Bi gobernuetako Osasun Sailek akordioa erdietsi dutela adierazi arren, kontsultategian ez dute oraingoz horren berri ofizialik jaso. «Ez dakigu aurrerantzean txanda eske heldu direnentzat bakarrik izanen den, edo kontsulta baliogabetu zitzaienentzat ere».
Plaza giro
Gaixoak, nora ezean
Nafarroako eta Errioxako gobernuek akordioa lortu duten arren, Vianako osasun etxean ez dute horren berri. Gaixoak espezialistarenera Lizarrara bidaltzen ari dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu