Ander Elgorriaga. Ihobeko arduraduna

«Gakoa ez da negozio iraunkorra egitea, luzera begira pentsatzea baizik»

Hamar urtetik hona euskal gizartearen jarrera aldaketa onuragarria izan dela onartu arren, Elgorriagak dio oraindik badagoela egitekorik. «Alemania da begiratu beharreko ispilua».

BERRIA.
Gasteiz
2012ko urriaren 6a
00:00
Entzun
Ander Elgorriaga (Donostia, 1965), EAEko Ihobe Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikokoko ekoizpen eta kontsumo iraunkorraren alorreko kudeatzaile da; Sara Palandor CPMko (Suedia) proiektuen zuzendariarekin batera eman du hitzaldia.

Zertan datza biltzarrean aurkeztu duzuen txostenak?

Lehenik eta behin, ekintzaileen alorrean dauden erronkak azaldu nahi izan ditugu. Politika europarraren erronkak, legegintza erronkak eta merkatu erronkak, hain zuzen. Joerak zeintzuk diren ere azaldu dugu, merkatuaren noranzkoa zein den erakusteko, ingurumena ez baita negozioa egin eta zer gertatzen den ikustea, soilik. Merkatuan eragina duten arau eta tresna publiko ugari ditu ingurumenak, eta enpresek duda ugari dituzte. Ahal dugun heinean, nazioartean ikusten duguna erakusten saiatzen gara; eragina duten arauetako asko europarrak dira, hortik nazioartera begiratzea. Ikusten dugun hori helaraztea da gure asmoa, erakunde eta gazte enpresariek ideiak ahalik eta argien eduki ditzaten. Praktikaren bidez egiten ditugu gure gomendioak, gainera. Lan ildo berriei ekin nahi dieten gazteek mahai gainean dituzte jada hainbat tresna; guk, eta inguruko beste erakunde batzuek horien erabilpena azaltzen dizkiegu. Batzuk ezagutzari buruzkoak dira, besteak instrumentu ekonomikoak dira; oso erabilgarriak dira guztiak, eta gure asmoa da gazteei horiek erabiltzeko erraztasunak eskaintzea.

Zein da iraunkortasunaren funtsa?

Azken finean, iraunkortasuna gauzak ondo egitea da, hau da, luzera begira pentsatuz. Hau da, ezin dugu etorkizunean arazo bat eduki orain elementu bat ez dugulako kontuan eduki. Iraunkortasuna, ingurumen arazo bat sortuko duen makina bat ez sortzea da, adibidez. Merke erosi dugun, baina energia asko gastatzen duen eta hemendik hiru urtera arazo ugari emango dituen aparatuak ez erabiltzea da, adibidez. Makina horrek eragindako kalteak toki txarrean utz dezake enpresa. Gauzak gaizki egitea, laborategi batean produktu biodegradagarriak sor daitezkeen garaiotan, produktu toxikoak diseinatzea da. Gero eta arautuago dagoen alor baterako egokitzen badut nire produktua, etorkizunean pentsatzen ari naiz. Zuzenak ez diren produktuak garestiagoak dira amaierarako.

Aspaldian gertatzen ari den beste adibide bat, eraikuntzan ari da gertatzen. Eraikuntza materiala egiten duten enpresek, aurretik erabilitako materiala erabiltzen dute material berri hori sortzeko. Hori etorkizunean pentsatzea da: ekoizpena merkeagoa da, eta, gainera, ingurumenaz arduratzen dira. Birziklatu egiten dute eta ez dute mendirik apurtu beharrik. Egia esateko, joera gero eta nabarmenagoa da, gastuak murrizten direlako, bai enpresarentzat berarentzat eta bai bezeroarentzat ere. Gakoa, ordea, ez da negozio jasangarria egitea, luzera begira pentsatzea baizik. Iraunkortasuna ez da magia kontua, gauzak ondo egitea da funtsa.

Ba al dago bereziki nabarmentzen den herrialderik?

Alemania da eredua. Gaur egun, iraunkortasuna hango BPGaren %12 da, eta bost urtean %15 izatea dute helburu. Joera da ingurumen aldagaia marka bereizle gisa erabiltzea. Enpresek birziklatu egiten dute, eta produktu toxikoak erabiltzea saihesten dute, besteak beste. Gu ere norabide egokian gaude orain.Ez da nahi kontu bat, beharrizan bat da. Merkatua badago, gainera.

Euskal Herriko enpresak norabide egokian daude, beraz?

Azken urteetan aldaketa bat izan da euskal gizartean, batez ere, jarrerari dagokionez; harrera ona egin zaio iraunkortasunari, eta gauza beste era batera egiteko konpromisoa agertu da, hau da, hobeto egiteko konpromisoa. Enpresetako gazteen artean ingurumen neurriak hartzea begi onez ikusten da, eta errotik aldatu da jarrera hamar urtetik hona. Aldaketa hau ez da ingurumena zaintzeagatik bakarrik eman; ikusi dute, etorkizuna hori dela, merkatuaren joera hortik doala, eta horretara egokitzeko hautua egin dute. Espainiarekin alderatuta, gu hobeto posizionaturik gaude; hori ikusteko, hango enpresek jaso dituzten sariei erreparatzea besterik ez dago. Ingurumenarekin lotuak dauden proposamen berritzaile ugari han jaio dira; hainbat ziurtagiri ere han sortu dira. Europatik hurbilago gaudelako izango da, beharbada. I+G alorrean diru asko inbertitu da, eta produktuak ere ekologikoagoak dira.

Krisiaren eraginez eman da aldaketa hau, edo berezko jarrera da?

Ez, berezkoa ez. Urteetan ingurumen arazo ugari izan ditugu, eta horrek sentikortasun bat piztu digu. Zorionez, herrialde artikulatu bat da gurea, eta horrek erraztu egiten ditu gauzak. Krisiaren eragina ez da onerako, baina egia esan jarrera aldaketa bat ekarri du. Horrez gainera, nazioarteratzera eraman ditu enpresak, esportazio absolutura, hain zuzen. Egun, Alemaniako, Frantziako eta Europako herrialdeetako merkatuak dira jomuga, eta horietan derrigorra da ingurumenarekiko jarrera zaintzea. Hil edo bizikoa da; ezin zara hara joan marka berderik gabe. Egun, beharrezkoa da gastuak zaintzea, eta, era berean, gehiago zaintzen da guztia; honela bezeroaren konfiantza ere lortzen da. Egia da ez ez dela garairik onena, baina horrelako garaiak pizgarriak ere izan daitezke, eta berrikuntzarako aukerak ere sortzen dituzte. Eraikuntzaren adibidearekin jarraitzeko, egungo joerak iraunkortasuna du jomuga. Zergatik? Bada, Frantziako merkatuan lehiatu nahi delako, eta, horretarako, eraikuntzak iraunkorra behar du izan.

Nola ikusten duzu etorkizuna?

Oraindik asko dugu ikasteko, baina bide onean gaude. Askotan kanpora begira egoten gara, zentzuzkoena norberaren onena ikastea denean. Horrez gainera, onenen teknikak ere ikasi behar dira, eta gurera egokitu. Horretarako, instrumentuak behar ditugu, bai fiskalak, baita publiko-pribatu arteko elkarlanerakoak ere. Arriskatu egin beharra dago, japoniarrek egiten duten bezala. Han saiatzen den jendea aintzatesten da, hemen ordea, zigortu egiten ditugu. Gomendio bat: jendearen beharrak zeintzuk diren bilatu. Begiak ireki behar dira, jendeari behar duen hori eskaintzeko. Hor dago negozioa. Horrez gainera, non gastatzen dugun ikusita non aurreztu dezakegun uler dezakegu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.