Komunikazioa

Galdera gabe, prentsaurreko ote?

Salbuespentzat jo daitezke galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoak, baina tarteka egoten dira. Halakoetan, deitzaileek mezua ez desitxuratzea nahi izaten dute.

Prentsaurreko askotan kazetariek ez dituzte galderak egiten, nahiz aukera izan. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
urtzi urkizu
Donostia
2011ko abenduaren 20a
00:00
Entzun
Galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoen berri komunikabideek eman behar ote duten planteatu dute hainbat kazetarik eta kazetari elkartek azkeneko hilabeteetan. Euskal Herrian salbuespentzat jo daitezke halako prentsaurrekoak, baina egon badaude. BERRIAk lau kazetarirekin hitz egin du gaiaren inguruan, dena ez dela beltza edo zuria argi utzi dutelarik.

Joxe Mari Isasti Euskadi Irratiko kazetariak dioenez, normalean ez da aurrez jakiten galderarik onartuko duten ala ez. «Beraz, normalena joatea da». Juan Carlos Etxeberria ETBko kazetariak nahiago du galdetzeko aukera izan, baina bertan esaten dena jaso behar duela uste du, ikuslearekin konpromiso profesionala mantendu behar duelako. «Idatzizko hedabideetan, agian, ez dira joango, emandako mezuaren testua jaso eta kito. Baina telebistan gehienetan joan beharko dugu», dio Etxeberriak. Jokin Sagarzazu BERRIAko kazetariarentzat, galderarik ez onartzea ez da arrazoi nahikoa boikota egiteko: «Hala ere, ondo egongo litzateke deialdietan zehaztea nolakoa den prentsaurrekoa, zer gai jorratuko den... aldez aurreko lana hobe antolatzeko. Edonola ere, kazetari batentzat prentsaurrekoetara joatea garrantzitsua da». Ander Barinaga-Rementeria Berton eta Kapuko aldizkarietako kazetariak, aldiz, uste du kazetariek ez luketela joan behar galderarik onartzen ez duten prentsaurrekoetara: «Galderarik egiten ez uztekotan, prentsaurreko hori egin beharrean egokiagoa litzateke informazioa prentsa ohar bidez ematea. Prentsaurrekoan azaltzen denak interes informatiboa baldin badu, ez dut ulertzen zergatik ez dituzten galderak onartzen, kazetarien zeregin nagusia informatzea baita».

Isastik argitu du eragile bakar batek antolatu beharrean bat baino gehiago badira antolatzaileak normala izan daitekeela prentsaurrekoaren edukiarekin zuzenean zer ikusirik ez duten galderak erantzun nahi ez izatea. «Beste kasu batzutan, deitzaile bakarra izanda ere, gerta daiteke egiten zaizkion galderen helburua prentsaurrekoan zabaldu nahi den mezua desitxuratzea izatea eta hori ekiditeko galderarik ez onartzea».

Barinaga-Rementeria gogorragoa da galderarik onartu nahi ez dutenekin: «Prentsaurrekoak gehienetan publizitatea egiteko erabiltzen dira; propaganda egiteko tresna moduan erabiltzen dituzte, eta kazetariak bitartekari lanetarako baino ez dituzte nahi. Beraz, galderarik gabeko prentsaurrekoak ikus-entzunezko prentsa oharren pare dira».

Alderdien erantzuna

Ezker abertzaleari eta EAJri ere galdetu dio gaiaz BERRIAk. Ezker abertzaleak dio bere agerraldietan ohikoa dela kazetariek galderak egitea: «Salbuespenetan galderarik ez onartzearen arrazoi nagusia agerraldi beraren mami eta edukien garrantzia nabarmentzea da, gaia desbideratu gabe. Une oso konkretuetan hartu du ezker abertzaleak galderarik ez onartzeko erabakia: 2009an Altsasuko Adierazpena aurkezteko agerraldian eta 2010ean Zutik Euskal Herria ebazpena aurkeztekoan». Agerraldi horiek formatu berezi batean egin zituzten, ehunka kideren presentziarekin. EAJren kasuan, azken lau urteetan Euzkadi Buru Batzarrak hiruzpalau aukeratan ez du galderarik onartu. «Prentsaurreko horietarako egindako deialdietan argi utzi genuen ezinezkoa zela galderak egitea».

Kazetari batzuek egiten dituzten galderak «titulu konkretu batzuk lortzeko egiten dira», ezker abertzalearen aburuz, «agerraldiaren gaiarekin lotura zuzenik edo inolako zerikusirik ez dutenak». «Beste kasu batzuetan inolako errespetu eta etika profesionalik gabeko galderak egiten dituzte kazetari batzuek», gaineratu du ezker abertzaleak. Ildo berean, EAJk adierazi du galderak ez zituztela erantzungo esan behar izan dutela noiz edo noiz, «deialdiaren gaiarekin zerikusirik ez zeukaten galderak zirelako».

Isastik ulertzen du deitzaile batzuek galderarik ez onartzea: «Kazetari batzuek ez dute etsitzen euren komunikabideak eman nahi duen titulua lortu arte, kasu batzuetan kateko zakurrak baino erasokorrago jokatuz». Euskal Herrian, bestalde, maiz gertatzen da garrantzi handiko prentsaurrekoetan kazetariek galderarik ez egitea.

Prentsaurreko ala agerraldi

Maria Gonzalez Irisarri kazetari eta ikertzaileak http://albistetan. blogspot.com blogean idatzi du agerraldi publiko guztiak ez direla prentsaurreko, Amatiñoren hausnarketa bati helduta. Etahor egon daiteke afera honen gakoa. Etxeberriak uste du galderarik gabe errazagoa dela mezuaren balizko kontraesanak edo hutsuneak ezkutatzea. «Beste kontu bat da horri prentsaurrekoa esaterik badagoen. Agian prentsaurkako esan beharko genioke, edo, errazago, agerraldi hutsa». Agerraldi guztiak ez baitira pentsaurreko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.