Gau batez festetan egon ondoren, ohikoa izaten da etxera ondasun bat edo gehiago gabe itzultzea. Halakoetan, galdutako gauzen bulegoak arduratzen dira festetan utzitakoa berreskuratzen. Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaietan aurten jendetza handia izan dela esan du Kepa Sollak, galdutako gauzen Gasteizko bulegoko arduradunak: 223 kreditu txartel, 89 diru zorro, 19 poltsa, 6 motxila eta 18 sakelako telefono iritsi dira Agirrelanda kaleko galdutako gauzen bulegora.
Udako oporretan, festetan eta asteburuetan galdu ohi da gauza gehien. Giltzak, sakelako telefonoa eta diru zorroa egunero eta etengabe erabiltzen diren gauzak ezusteko batean gal daitezke. Hala ere, ez dira ahaztuta utzi daitezkeen gauza bakarrak: betaurrekoak, poltsak, maleta, gitarra, makuluak... Gainean eramaten den edozein gauza, momentu batean eta konturatu gabe, gal daiteke. Galdutakoa edozein herritarrek har dezake. Gizalegeari jarraiki, herritarrak aurkitutakoa hartu eta galdutako gauzen bulegora eramango du. Bertan, jabea agertu arte egongo da, Udaltzaingoaren eskuetan babestuta.
«Gasteiztarrak ongi portatzen dira; zerbait aurkitzen dutenean kalean dagoen udaltzainari uzten diote,edo kultur etxeetara joaten dira edo komisarira etortzen dira uztera», adierazi du Sollak. Galdutako gauzaren jabea, ondasuna jasotzen duenean, aurkitu duen pertsonari balioaren hamarrena edo hogeina ematera behartuta dago. Hala ere, «batzuetan ez da horrela izaten». Bi urtez apaletan egon ondoren eta jabea ez bada agertzen, aurkitu zuenarentzat izango da. Dena dela, gauzen %70 itzultzen direla dio Sollak. Iaz, Gasteizko bulegoan jasotako 2.747 gauzetatik 1.928 itzuli zituzten.
Jasotzeko, bi bide
Gasteizko galdutako gauzen bulegoan ehunka gauza daude. Ohikoena txartelak, giltzak eta diru zorroak galtzea da, baina nola galtzen da aulki gurpildun bat? Edota elizetan olatak gordetzeko erlikiak? «Duela gutxi Arabako Gotzaintzaren erlikia bat jaso genuen». Denetarik dago biltegiko apaletan. Bi gitarra eta bi ordenagailu eramangarri dira aurtengo udan jaso dituzten gauzarik bitxienak. Katana bat, maleta bat eta umeentzako aulki gurpildun bat ere jaso dituzte inoiz.
«Barkatu, asteburuan diru zorroa galdu nuen, eta hemen dagoela esan didate», esan du bulegora iritsi den gazte batek. Harreran dauden kutxak hartu, eta ehunka diru zorro, diru txartel, autobus txartel eta abar begiratu ondoren, azkenean aurkitu du bere diru zorroa. «Zorionez, ez da ezer falta».
Galdutakoa berreskuratzeko, bi bide daude. Lehenengoa da diru zorroekin, dokumentazioarekin edo txartelekin egiten dena. Jabeari telefonoz edo posta bidez esaten zaio aurkitu dutela, eta komisarian dagoela. Bulegora joan, bere burua identifikatu eta momentuan itzuliko diote. Jabea kanpotarra bada, udan askotan gertatzen den moduan, atzerriko departamentura bidaltzen da, bertatik jabearenetxera bidaltzeko.
Identifikaziorik ez daukaten gauzak berreskuratzeko, berriz, jabeak ondasuna berea dela ziurtatzen duen agiri bat eraman behar du, eta bere burua identifikatu behar du. Kasu horretan, arazoak sor daitezke, batzuetan ez baita erraza objektuaren benetako jabea dela egiaztatzea. «Horregatik, batzuk ez dira galdutakoaren bila joaten; galdutzat jotzen dute», esan du Sollak. Zerbait galduz gero beldurrik gabe bulegora joateko dio Sollak. Galdutako altxor txikiak berreskuratzeko ez baita pirata izan behar.
Galdutako altxor txikien bila
Objektuz beteta daude galdutako gauzen bulegoak uda ondoren: sakelako telefonoak, diru zorroak... Gasteizko bulegoan ordenagailu eramangarriak ere jaso dituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu