Maratila
Ganbaran
Lapurdi. Zahar etxea mendixka kasko batean da. Egoitzaren sartzean, paper zuria : Venez découvrir la réalisation des différents objets confectionnés par les 'résidents artistes' de notre établissement… Hall handiko jarlekuetan jarririk, xaharrak. Mutu. Triste. Ezerezari beha. Gehienak emazteak. Véronique, Jeanne, Marie Anne barnerago den sala batean dira, mahaiaren inguruan. Adin handikoak hiruak. Arratsaldeko askariaren tenorea. Zerbitzariak ekartzen die nori txokolatea, nori kafesnea bizkotekin eta bixkotxa idorrekin. Frantsesez ari dira barra-barra. Ordea, euskaraz entzuten nautelarik: «Ba… eskualdunak gituzu… denak hemengo inguruetako herrixketakoak…». Baina ez naiz haiekin egoteko jina: Andréri bisita egitera baizik: il n'aime pas descendre, il préfère rester dans sa chambre dio zerbitzariak. Andrék ez duela beherean diren bertze zaharrekin egotea gustuko. Banoa lehen estaiara. André han da bere ganbaran (gelan), begi beltxak erne, ileak motx-motx. Apaindua. Aipa diezadala bigarren munduko gerla... Gazteegi zela, ez duela egin gerla, baina oroit dela... Gauza hitsa dela gerla... Alemanek berriak jakin nahi zituztela… belarriak bazituztela, entzuten zutela dena, eta elea elkarri pasatzen, gero baliatzeko… «Herriko neskak ere baziren alemanekin ongi zirenak eta herriko mutikoekin ere ibiltzen zirenak. Orduan, etxean erraten ziguten gurasoek 'holako neskarekin kasu emak… ez mintza... '. Bilduak zituzten alemanek lengoaia mintzatzen zuten jende batzu… Ikusi nituen nihaurek aleman-arropa zutenak frantsesez mintzo. Eta aditu dut bazirela eskualdunak ere aleman-arropaz beztituak... Sosa, dirua… Badakizu... Aski sosekin erosten duzu jendea… Ez denak prezio berean bixtan da: bat 100 eurotan, bertzea 500 eurotan... ».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu