Ikus-entzunezkoak

Garai berrira egokitutako hitzarmena sinatu dute EITBk eta ikus-entzunezkoen ekoizleek

EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak azaldu duenez, datozen lau urteetan 25 milioi euro inbertituko ditu EITBk ekoizle inpendenteen lanetan.

EITBko zuzendari nagusia eta ekoizle elkarteen presidenteak. EITB
urtzi urkizu
2022ko ekainaren 15a
13:49
Entzun

EITBk eta Ibaia, EPE eta Apika ikus-entzunezkoen elkarteek lankidetza hitzarmena sinatu dute gaur goizean, Donostian. «Garai oso berezian gaude, eta helburuak oso garrantzitsuak dira», esan du EITBko zuzendari nagusi Andoni Aldekoak. Lankidetza hitzarmena sinatzeko ekitaldian parte hartu dute Aldekoak berak, Ibaia Ikus-entzunezkoen Euskal Ekoizle Burujabeen Elkarteko presidente Marian Fernandezek, EPE Euskal Produktoreen Elkarteko Carlos Juarezek eta Apika Arabako ekoizleen elkarteko Maria Teresa Ruiz de Austrik.

Aldekoak nabarmendu du «gauza asko» gertatzen ari direla ikus-entzunezkoen sektorean, eta hitzarmenean jaso dituzten zenbait puntu azaldu ditu: «Euskal ikus-entzunezko edukiek hedapen eta kontsumo handiagoa izateko lan egingo dugu. Kontsumo, formatu eta euskarri berrietara egokitu behar dugu, eta horretara bideratu dugu hitzarmena. Parte hartuko duen produktu guztien euskarazko bertsioak erosiko ditu EITBk. Emakumeek sustatzen dituzten proiektuen garapenaren alde lan egitea adostu dugu. Zuzendari, gidoilari nagusi edo ekoizle eragilea emakumezkoa dutenak babestuko ditugu». Euskararen munduan indarrak jarri behar dituztela gaineratu du Aldekoak: «Kontsumo digital berrietan eskaintza erakargarria egin behar dugu euskaraz. EITBn lan egingo dugu euskarazko bertsioa izan dezaten EITBk lagundutako proiektu guztiak».

Hitzarmenean, azpimarra berezia jarri dute mota guztietako ikus-entzunezko edukien kontsumoaren hazkunde iraunkorraren eta hedapenaren alde lan egiteko konpromisoan. Eduki horiek denetariko kanaletan zabaldu eta kontsumitu ahal izatea nahiko lukete sinatzaileek, «bereziki plataforma digitaletan».Euskal Herriko errealizadore berriei babesa ematea eta sormen profesionalak ekoizpen independenteetan lan egitea lehenetsiko dute. Euskal ikus-entzunezkoen industria «lehiakorra» indartzeko, Euskal Autonomia Erkidegoan inbertsioan parte hartzea du helburu hitzarmenak. Nazioarteko koprodukzioen alorra sustatzea adostu dute sinatzaileek. Eta lehentasuna emango diote euskal kultura eta euskara nazioartean sustatzeari.

Ikus-entzunezkoen hiru elkarteetako presidenteek gaztelaniaz egin dituzte hizketaldiak, akordioa sinatu berritan. Maria Teresa Ruiz de Austrik azaldu du lehen aldia dela Apikak hitzarmena sinatzen duena: «Oso pozik gaude. Prozesuan borondate ona ikusi dut EITBren aldetik. Etorkizunean sinatu daitezkeen beste akordio batzuen adibide ona izan daiteke».

Caros Juarez EPEko presidenteak parte hartu zuen 2005ean eta 2008an sinatu zituzten lehen akordioetan. «Gazteen artean talentu handia dago, eta erantzukizuna dugu haiekin". Bingen Zupiriak lehen akordio haietan parte hartu zuela gogorarazi zuen. Gaurko ekitaldian ere izan da Zupiria. Atzera begiratzeko egun egokia dela adierazi du Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikarako sailburuak: «2008an, hitzarmena bigarrenez sinatu zenean, Miren Azkarate orduko Kultura sailburuak obligazio bat ezarri zion EITBri, urtero diru sarreren araberako ehuneko bat inbertitzeko ikus-entzunezkoen ekoizle independenteei. Hamalau urte hauetan, 208 ekoizpenetan parte hartu du EITBk». 208 lan horien artean fikziozko film luzeak daude, animaziozko filmak eta dokumentalak, zinema aretoetan estreinatu direnak —208 horietatik 83 eamn dituzte euskaraz, eta 70ek izan dute jatorrizko bertsioa euskaraz—. «Industria bat eraiki eta indartu da. 6.000 lanpostu daude ikus-entzunezkoetan, eta 1.500 enpresa. Euskal kulturaren sarreren %40 ikus-entzunezkoena da», gaineratu du Zupiriak. «Ekosistema bat dago. Diru laguntza sistema publiko bat dago, telebista publiko bat dago, zerga sistema bat hobariak dituena zinemagintzarako, bi jaialdi handi eta beste batzuk kalitate handikoak, zinema aretoen sare bat, Zineuskadi plataforma, hezkuntza sistema talentuak sortzeko. Hori guztia lortu dugu elkarrekin lan egin dugulako».

Marian Fernandez Ibaiako presidenteak, berriz, hausnarketa egin behar dela adierazi du: «Erantzukizuna daukagu euskal ikus-entzunezko edukiak eta dibertsitatea defendatzeko. Bide horretan lan egin behar dugu. Halaber, ekoizpen eta kontsumo mota berriei heldu behar diegu».

Aldekoak gogorarazi du aldaketak oso bizkor ari direla gertatzen sektorean, eta ziur aski urtebete barru berriro elkartu beharko dutela ekoizleekin. «Hunkituta nago, hitzarmena sinatzea zaila izan baita. Konpromisoa hartu dugu, eta gure aldetik malgutasuna eta eskuzabaltasuna egongo dira».

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.