Eulateko (Nafarroa) Ricardo Remirok irabazi du Ordiziako Euskal Jaietan tradizioa den ardi latxaren gazta txapelketa. Remirok lehiaketa irabazi duen bigarren aldia da: 2008an jaso zuen lehenengo aldiz txapelketako lehenengo saria (huts baten ondorioz, hasieran beste bati eman zioten saria). Semea besoetan hartuta eta hunkiturik, begiak negar malkotan zituela jaso zuen Remirok saria. Guztira, 66 gaztagilek parte hartu duteaurten lehiaketan, baina bostek bakarrik jaso dute saria. Bigarrenetik hasita bosgarrenera, hauexek izan dira beste irabazleak: La Leze (Ilarduia, Araba), Javier Muñoa (Zerain, Gipuzkoa), Lopez Azpilikueta (Lezaun, Nafarroa) eta Pedro Zuzuarregi (Tolosa, Gipuzkoa).
Minutuek aurrera egin arren, ezin sinisturik zegoen Remiro zoriontzera gerturatutakoen eta kazetarien artean. «Zapore erregularrekoa da gazta, zuloak ongi banatuak dituena...», esan zuen Remirok esaldia bukatu ezinean. Saria jaso duen bigarren aldia izanik ere, ez dago halakoetara ohituta: «Maitasun eta tentu handiarekin egina da: zorte izugarria izan dugu gaur. Oroitzapen ugari datozkit burura, nire ama dut gogoan, bereziki: berari eskaini nahi nioke gaurko garaipena».
Gazta txapelketaren ondorengo enkanteak ere interes handia piztu zuen atzo. Lehia handia izan zen. Bilboko Porrue jatetxeak Arabako Hotel Villabuena, Castillo hotela eta Andanondo jatetxearekin lehiatu behar izan zuen. Beste eskaintzen faltan, Bilboko jatetxeko Unai Campok erosi zuen 7.300 euroren truke txapelketa irabazi zuen gaztaren erdia. Adierazi zuenez, ez da enkantera etorri den lehenengo aldia, baina bai bertan parte hartu duena. «Atzo, oheratu nintzenean, kalkuluak egiten ibili nintzen, aurreko urteetan ikusitako giroarekin animaturik. Orain, bankuari eta emazteari nola esango diedan ikusi behar!», esan zuen Campok barre artean. Eulatekoa inoiz erosi duen gazta erdirik garestiena izan da: «Kontu handiarekin zaindu eta dastatuko dugu, ordaindutakoagatik bada ere».
Hala ere, enkantea ez zen atzo amaitu. Aurten, lehenengo aldiz, beste enkante bat egingo baitute Internet bidez: txapelketan bigarren eta hirugarren postuak lortu dituzten gaztak aterako dituzte enkantera. Atzoko 14:00etatik abian da, eta irailaren 13ko 18:00ak arte zabalik izango da parte hartu nahi duten guztientzat. Euren webgunean (ordiziakoazoka.com) daude bertan parte hartzeko jarraitu beharreko pausoak.
Gosetzeko astirik gabe
Epaimahai sendoa behar du izan gazta lehiaketakoak. Sukaldariek, Idiazabalgo gaztaren teknikariek, kazetariek eta zenbait gonbidatuk osatu zuten. Juan Mari Arzak izan zen guztien lehendakari. David de Jorge, Pedro Subijana, Bruno Oteiza, Hilario Arbelaitz eta Martin Berasategi sukaldariak, Basque Culinary Centerreko zuzendari Joxe Mari Aizeaga eta Realeko lehendakari Jokin Aperribaik osatu zuten, besteren artean, 26 kideko epaimahaia.
De Jorge «liluratuta» zegoen; Idiazabalgo gaztaren festa ospatzea «izugarria da». «Gazta gure produktuen artean onenetakoa da, eta ederra da horren inguruan horrelako afizioa egotea», adierazi zuen sukaldariak. Berasategi txundituta gelditu zen dastatutako gaztekin: lehenengo txandan hartu beharreko erabakia zaila egin zitzaion oso. «Egundoko maila dago, eta urtetik urtera hobetu egiten da», baieztatu zuen Berasategik. Bestalde, artzainen lana azpimarratu nahi izan zuen: «Txalotzekoa da hien jarduna. Urte guztian festa honen zain egoten gara , eta epaimahaikideok pribilegiatuak gara». Bruno Oteizak, berriz, Mexikon duen jatetxea utzi behar izan zuen Ordiziako euskal jaietara etortzeko. Guztiak «oso goxoak» zeuden, haren iritziz: «Gazta ugari dastatu ditugu, eta aniztasun hori atsegin dut, baina azkenean lehiaketan baloratzen diren ezaugarri gehienak biltzen dituenak irabaziko du».
Sarien banaketari ekin aurretik, Jose Juan Castillori omenaldia egin zioten Ordiziako Gazta Kofradiako lagunek. Dastatzaile jardun zuen azkeneko aldia izan zen iaz. Kofradiako lagunez gain, epaimahaiko lehendakari Arzakek hitz batzuk esan zituen, broma artean; Castillo oso hunkituta agertu zen.
Ezarian. Ordiziako azoka berezia
Garaipenaren usaina
Ricardo Remirok irabazi du Ordiziako Ardilatxa gazta txapelketa. Enkantean, Bilboko Porrue jatetxeak 7.300 euro ordaindu ditu gazta erdiagatik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu