Iritsi da uzta biltzeko hilabetea, uztaila. Lehortu eta horitu dira galsoroak Gendulaingo (Nafarroa) alorretan; garagarra bildua dute nekazariek, baina etengabe lanean jarraitzen dute. Garia biltzeko sasoia da. Garia moztu eta galburutik bereiztu egiten du makinak, eta atoia daraman beste traktore batek garraiatzen du kooperatibara. Azken hilabetean egun osoz dabiltza lanean, jaiegunik gabe. «Hilabete zoroa da nekazarientzat uztaila, uzta bilketa bukatu behar da eta. Egun guztiak berdinak dira, lanegunak», dio Natxo Larraintzar nekazariak.
Eguerdia da, eta eguzkiak berotzen du Iruñerriko galsoroetan. Garia ondua dago, eta biltzeko egoki. Larraintzarri garia garraiatzeko atoia matxuratu zaio, eta goiza hura konpontzen eman du. Lan hori bukatu, eta bezperan kargatutako garia Ororbian dagoen (Nafarroa) Orvalaiz kooperatibara eramatera doa. Gauerdia pasata bukatu zuten bart lana, eta, kooperatibak 21:45ak arte bakarrik biltzen duenez uzta, hurrengo goizean eraman behar dute. Hara iritsi orduko, eramandako karga pisatu diote; 17.000 kilo gari pasatxo daramatza. Eraman duen gariaren lagin bat ere kendu diote: hezetasuna, proteina eta berariazko pisua neurtzeko. Bolumena eta pisuaren arteko harremana ikusten dute. Gutxi pisatzen duen, lohitasunak dituen edo gari txarra den aztertzen da. «Emaitzen arabera, prezioa jaitsi edo igo egiten digute. Batez bestekoaren gainetik puntu bat gora badago, saritzen gaituzte, eta, puntu bat behera badago, berriz, prezioa jaisten digute», azaldu du Larraintzarrek. Hezetasunari dagokionez, gehienez, %14 izan behar du. Hortik gorakoa bada, ez dute garia biltzen. Behin azterketa hori eginda, garia silo handi batzuetara botatzen du. Orotara, 180 milioi kilo gari biltzeko gaitasuna du kooperatibak, eta mila bazkide ditu.
Garia deskargatu eta Gendulaingo galsorora itzuli da bueltan Larraintzar. Zain dauka garia biltzeko makinan diharduen lankidea, bildutako alea atoian husteko. Egunero, 20 bat hektarea egiten ditu uzta biltzeko makinak. Bi ordu behar ditu, atoian karga guztia husteko. Tarte hori etxera bazkaltzera joateko baliatuko du Larraintzarrek.
Auzolana
Zolinan (Aranguren Ibarra) bizi da Larraintzar, eta uzta biltzeko garaian auzolanean aritzen dira lanean. «Nekazari sail bat biltzen gara, eta elkarri laguntzen diogu. Familia ere aritzen da; bestela, ez genuke garaiz bukatuko». Gendulainen beste nekazari baten lurretako garia biltzen dihardu egunotan, eta hark ere horrela biltzen du bere uzta, beste batzuen laguntzarekin. «Uzta biltzeko sasoia eromena izaten da. Neke eta itomen handikoa da. Lan asko dugu, eta uzta biltzeko tresna ezin da geldirik egon ordu askoan, eta toki guztietara lasterka ibiltzen gara», nabarmendu du Larraintzarrek.
Familiaren ogibideari jarraituz, gaztetatik izan da nekazari Larraintzar; hamabost urte zituela hasi zen lanean aitarekin, eta gaur egun 55 ditu. «Nekazaria izan naiz beti». Aita bizi zenean, baserria zuten Zolinan, abere franko eta laboreak. Artean, Narroseko markesarenak ziren herriko lur eta etxe guztiak. Maizterrak ziren, 1982. urtean lurrak erosi zituzten arte. Etxea ere, Narroseko markesaren jauregia, lurren parte zen. Egun, ez dute abererik eta laboreak bakarrik ereiten ditu. Jabetzan 60 hektarea ditu, eta beste 30 hektarea errentan. Orotara, 90 hektarea labore. Garia, ekilorea eta garagarra erein ditu aurten. «Uzta bilketa garagarrarekin hasten da, lehenago ontzen delako, eta tartean biltzen dira ilarra, olio-arbia, oloa eta, geroago, ekilorea ere».
Dena dela, hiru urtetik behin, labore txandakatzeak egiten ditu, ilarrak eta babak edo ekilorea jarriz garia edo garagarraren ordez. Uzta hobeak lortzeko eta lurra hobeto tratatzeko modua da hori, Larraintzarren ustetan. «Urtea joan eta urtea etorri, labore bera ereitea ez dela ona frogatua dago. Ekoizpena jaitsiz doa, lurra nekatzen delako eta gaitzak harrapatzen ditu».
Zein gari mota erein ere asmatu behar da. Berak Verdun izeneko mota ereiten du. «Emankorra da. Daudenen artean kalitate hoberenetarikoa du. Ogia eta pasta egiteko balio du, eta orain arte besteak baino gehixeago ordaindu da». Horretaz gain, gaitz arazo gutxi ematen ditu, gogorra da.
Salneurri egokiak
Kooperatiba batean egonik, ordainketak zatika egiten zaizkie. Aurten, joan den urteko uzta ordainduko diete, eta zatika. Garia orain uzten dute kooperatiban, eta irailean ematen diete lehen aurrerapena. Abenduan, beste ordainketa bat egiten diete, udazkenean ereiteko kooperatibatik hartu dituzten haziak eta ongarriak nekazari bakoitzaren kontutik kendu ondoren. Orain likidatzen diete aurreko urteko uzta, saldu den batez besteko prezioaren arabera. Irinetarako gari tona 223 euroan saldu du kooperatibak, eta, pentsutarako garia, berriz, 205 euroan tona. Azken urteetan, salneurriak oso aldakorrak izan dira, baina azken bi urteetan egonkortu egin dira. «Bi urte daramagu prezioa gehiegi aldatu gabe, eta egoki eusten. Horrela behar luke duela urte asko», dio. Dena dela, nazioarteko merkatua ulertzea zailagoa dela deritzo Larraintzarrek. «Gure esku ez dauden alderdi gehiegiren arabera aldatzen da salneurria. Gaur egun, burtsaren arabera aldatzen da. Gero eta gehiago erosten dira luzerako bonuak. Hemendik hamar-hamabost urtera ereinen den uzta norbaitek erosi izana sinestezina da».
Salneurriak salneurri, aurten uzta ona izan da Nafarroako behe mendialdean. «Hektareako joan den urtean baino dezente gehiago jaso dugu».
Udaberriko euriak garaiz iritsi ziren, apirilean, eta neguko lehortea moldatu dute. «Oso negu lehorra izan dugu, eta martxoan uzta galduko genuela uste izan genuen, baina uzta ona izan da azkenean».
Ez da gauza bera gertatu Erriberan. Han oso uzta txarra bildu dute. Lehorteak asko eragin die, eta udaberriko euriak iritsi ziren tokietara beranduegi iritsi ziren.
Lurrik eza orekatu
Garia moztu eta gero, ilara finetan galsoroetan gelditzen den ahotzak ere ematen du lana. Bildu aurretik, lehortzen utzi behar izaten da. «Landarea eta galburua lehorrak egon arren, lastoak oraindik badu hezetasuna. Moztu eta bi egun edo itxaron behar da ongi lehortzeko. Ahotzak ez du hezetasunik behar fardoak egiteko», dio Larraintzarrek. Fardoak egin, eta paketatzaileak bildu eta eramaten ditu. Tamaina eta pisu askotako fardoak egiten dira, baina ohikoenak 300-320 kilo artekoak dira: 2,50 metro luze dira, 60 zentimetro garai, eta 1,20 metro zabal.
Nafarroan, gehienak, Zangozan Acciona multinazionalak duen biomasa lantegira eramaten dituzte. Nekazariek akordioa sinatu zuten, eta hara eramaten dira fardoak, gero erretzeko eta argindarra sortzeko. Makineroek biltzen dituzte fardoak kamioietara. Batzuk enpresarenak dira, baina gehienak nekazariak dira. Lur falta orekatzeko modu bat ere bada. «Lur gutxi baduzu, lan tresnak erosi, eta beste nekazariei egiten diezu lana; horrela, uzta biltzeko tresnak amortizatzeaz gain, soldata osatzen duzu».
Nekazaritza asko aldatu da Iruñerrian, etxebizitzaz bete dira herri txiki asko; lur emankorrenak hartu dituzte maiz. Halere, Larraintzar pozik da egiten duenarekin. «Lotzen zaituen lanbidea da, baina gozatu egiten dut. Uzta biltzeko edo ereiteko garaian egun guztiak dira lana. Jende gehiena oporretan dagoenean dugu guk lan gehien, baina ez dut damurik».
Bi seme ditu, eta bietako batek bere bidea jarraitzea gustatuko litzaioke. Etorkizunak esanen du.
Ezarian
Gariaren sasoia
Bukatzear da garia biltzeko sasoia Nafarroako behe mendialdean. Nekazariak, atsedenerako betarik gabe, garia bildu eta bildu ari dira egunotan. Lehortea dela arrazoi nagusi, Erriberan uzta txarra izan da aurten; beste eremuetan, berriz, ona izan da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu