Magia zaleen egutegietan gorriz markatuta egoten dira Gasteizko Magialdiaren egunak; artista ezagunen lan berriak ikusteko aukera emango du aurten ere jaialdiak. Sona handikoak dira irailaren 12tik 18ra bitartean hirian izango diren 36 artistak; euskal herritarrak batzuk, nazioartekoak besteak. Haien jardunaren "kalitatea" nabarmendu dute antolatzaileek, gaur goizean egin duten aurkezpenean.
Jose Angel Suarez Magialdiko zuzendariak azpimarratu du "aurrez inoiz ikusi ez diren saioak" izango direla jaialdian. Guztira, 75 emanaldi izango dira, hiriko 25 agertokitan. Magialdian ohi den eran, ezohiko lekuetan arituko dira magoak: erakusleihoetan, tranbiaren geltokietan, Txagorritxu ospitalean, alde zaharreko tabernetan... Ekitaldi nagusia Printzipal Antzokian izango da, eta nazioarteko artistek haien azken lanak aurkeztuko dituzte. Urtez urte errepikatu duten gala solidarioa ere egingo dute: Adrian Conde argentinarrak 'Piccolo Camerino" aurkeztuko du; bildutako dirua Arabako Autismo Elkartearentzat izango da.
Euskaraz, gero eta gehiago
Haurrentzat euskarazko saio gehiago antolatu izanagatik pozik agertu dira antolatzaileak. Florida parkean arituko da, esaterako, Txan Magoa; eta 'Birziklapen Magia' emanaldia eskainiko du Eriz Magoak.