Idoia Garmendia zinegotziak (Gasteiz, 1967) uste du ingurumen arloan oraindik lan asko dagoela egiteko.
Izendatzeak zer ekarriko dio hiriari?
Garrantzi handia dauka. Hiria harro egoteko moduko izendapena da. Merezi du Gasteizek sari hau, 30 urte luzez lan eskerga egin delako ingurumen arloan eta udal gobernuek apustu politiko zehatza egin dutelako norabide jakin batean. Horren ondorioz, Gasteizko nortasun ikurra bilakatu da berdea. Herritarrek ongi barneratu dute hori guztia, harro daude hiriarekin, eta hemendik aurrera Gasteizek betiko izango du nortasun ikur hori.
Zer nota jarriko zenioke Gasteizko ingurumen atalari?
8,5eko nota jarriko nioke, gutxienez. Nota egokia dela uste dut, ez diogulako guk geure buruari jarri, kanpotik etorri delako aitortza. Kontuan hartzen badugu Hiriburu Berdea izateko Europako hiri asko lehiatu direla eta lehen aldiz saritu dutela tamaina erdiko hiri bat, nahiko nota ona dela uste dut. Hala ere, oraindik gauza asko ditugu egiteko, eta hainbat arlotan hobetu beharra daukagu.
Zertan hobetu behar da?
Zumeak jarrita dauzkagu eta urte luzetako lanaren emaitzak onak izan dira. Hala ere, gauza asko daude egiteko. Aurten hogei plan garatu nahi ditugu, eta beste hamar datozen hiru urteetan. Besteak beste, erronken artean hauek ditugu: Eraztun Berdea erabat amaitzea, Zadorra ibaiaren uholde planak burutzea, Mugikortasun Plana garatzen jarraitzea, auto pribatuaren erabilera gutxitzen joatea, hondakinen kudeaketa hobetzea, ur kontsumo eraginkorragoa bilatzea, bioaniztasunaren aldeko apustua indartzea eta zenbait eraikin zaharberritzea.
2012tik harago doazen erronkak dira, ezta?
Bai, hala da. Legealdi honetan garatu nahi ditugu plan horiek. Eraztun Berdea azkarrago amai dezakegu, baina azpiegitura handiekin lotutako neurriek denbora gehiago beharko dute. Aurten, Hiriburu Berdearen izendapenaren urtean, erronka horiek zehaztu, finkatu eta garatzeko bidean jarri nahi ditugu. Besteekin ados jartzen saiatu beharko dugu, baita gainerako erakundeekin elkarlanean jardun ere. Horrez gain, Hiriburu Berdearen egitaraua martxan jarriko dugu.
Gasteiztarrek nola sumatuko dute aurten Europako Hiriburu Berdean bizi direla?
Herritarrak izendapenaren parte sentitzea da gure nahia, eta, horretarako, haien parte hartzea lortzen saiatuko gara. 2012rako programa oso bat prestatu dugu hori lortzeko. Enpresei, ikastetxeei, elkarteei... ingurumen alorrean ekarpenak egin eta parte hartu nahi duen orori parte hartzeko aukera emango diogu. Ikuspuntu tekniko eta zientifiko batetik ekitaldi ugari antolatuko ditugu hirian: jardunaldiak, mintegiak, kongresuak... Edozein ekitaldik izango du berde ukitu hori. Kalean nabaritu egingo da ingurumena udal jardunaren erdigunean jarri dugula.
Gure inguruko herriekin alderatuta, ingurumenarekiko kontzientzia handiagoa dute gasteiztarrek?
Bai, dudarik gabe. Europan saria emateko kontuan hartu diren ezaugarrietako bat gasteiztarrek ingurumenarekin duten konpromisoa izan da. Argi utzi behar da herritarren parte hartzerik gabe ezinezkoa litzatekeela sari hau lortzea.
Beraz, meritua norena da?
Meritua guztiona da. Alderdiena, ingurumen alorrean lan egin duten teknikariena eta herritarrena. Urte askoan alderdi eta teknikariek ausart jokatu dute eta arriskatu egin dute hainbat erabaki eta neurri hartzeko orduan, eta herritarrek politika horiekiko oso erantzun baikorra izan dute, horren kontzientzia handia dutelako.
Krisialdiak mugatuko al ditu ingurumen alorrean egitekoak diren proiektuak?
Ez, Gasteizen ez da halakorik gertatuko. Aurrekontuan izango diren murrizketek ez diote bereziki eragingo ingurumen atalari. Uste dut oker handia dela gobernuek ingurumen sailean murrizketak egitea, iraunkortasunean eta ingurumenean inbertsioak egiteari uztea hiriaren etorkizuna baldintzatzea delako. Sinetsita nago bizi-kalitatea eta ekonomia hobetuko direla ingurumenari bultzada ematen badiogu.
Idoia Garmendia. Gasteizko Ingurumen zinegotzia
«Gasteizek betiko izango du berdearen nortasun ikurra»
Gasteizko Ingurumen zinegotziak argi dauka alderdien, ingurumen alorreko teknikarien eta herritarren meritua izan dela Gasteizek Europako Hiriburu Berdearen izendapena jaso izana.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu