Gasteizko aldaketen isla

Azken mende eta erdian Gasteizek izan duen bilakaera azaltzen du 'VTV, del blanco y negro al verde' argazki erakusketak. 500 irudi daude hiriko Vital Fundazioaren aretoan.

Bizikleta berdeak ere ikus daitezke argazki erakusketan, Europako hiriburu berde izendapenaren harira. JUANAN RUIZ/ ARGAZKI PRESS.
Ilargi Agirre.
2012ko maiatzaren 4a
00:00
Entzun
Irudika ezina dirudien bilakaera izan dute hiriek azken mende eta erdian. Eta hiri paisaiak bezainbeste aldatu dira biztanleak150 urtean. Gasteiz ez da salbuespena. Hiri horretako gizarteak denbora horretan guztian izandako aldaketen berri ematen duen argazki erakusketa ireki dute, Gasteizko Vital Fundazioaren aretoan. Irudien bitartez, 1860tik gaur egunera arte bidaiatu ahal izango du bisitariak.

Udal artxibotik hautatu dituzte aretoan jartzeko argazkiak. Fernando Martinez de Viñaspre erakusketaren komisarioak azaldu duenez, lan nekeza izan da aukeraketa. «Jendea ez da etortzen askotan profesionalentzat dela pentsatuta, baina oso artxibo aberatsa da. 500.000 irudi baino gehiago dauzka. Tristura handiarekin 500 hautatu ditugu azkenean». Gasteizko argazkilariek ateratako irudiak dira guztiak.

Erakusketa bi zatitan banatuta dago. Denboraren kronologia errespetatuz, 2000. urte arteko irudiak daude ikusgai, batetik. Hamarkada bakoitzeko gertakari politiko eta sozial garrantzitsuenak azaltzen dituzte argazki handien ondoan jarritako panelek. Bigarren zatian, gaur egungo Gasteizi erreparatzen zaio. Europako hiri berdearen izendapena gaitzat hartuta ateratako argazkiak dira. «Izendapenarekin bat egin dugu guk ere, eta ingurumena errespetatuz, erakusketa osatzeko behar izan dugun materiala birziklatua da».

Jazoeren gainetik, nolanahi ere, hiriko jendea da protagonista. «Argazkietan agertzen diren pertsonen espresioetan suma daitezke gertakari asko. 80ko hamarkadako irudietan jendea irribartsuago ageri da 40ko hamarkadakoetan baino». Denboraren joanak utzitako kontraste bitxiak ikus daitezke erakusketan. 60ko hamarkadan Armentia parkeko monumentuaren alboan aitzurrean ari den emakumea; leku berean, gaur egun, zangoak luzatzen ari den korrikalariari kontrajarriz, esaterako.

Askotariko egoeretan ateratako irudiek osatzen dute bilduma. Hala nola kirol eta kultur ikuskizunak, frankismoak utzitako gizarte suntsitua eta Forondako aireportuaren inaugurazioa. Bereziki maitea du komisarioak feminista talde bat Bigarren Errepublika ospatzen ageri den argazkia.

Gizartea bakarrik ez, urte horietan guztietan argazkigintzaren mundua goitik behera aldatu da. Hori frogatzeko aukera ere ematen du erakusketak. «Argazki kamera zaharrak jarri ditugu, hainbat garaitakoak». Argazkiak ikusteko erabiltzen diren gailu teknologikoetako batzuk daude tartean: iPod eta iPhonak.

Ikusleak protagonista

Martinez de Viñasprek dio gisa honetako argazkiak jendeak oso gustuko dituela. Batzuetan, ezustekoak ere izaten dituzte ikusleek euren burua panel handietan ezagututa. «Orain dela urte batzuk, antzeko erakusketa batean gizon bat negarrez hasi zitzaigun bera azaltzen zen argazkia ikusita. Jolasten ageri zen, haurra zela, eta sekula ikusi gabe zegoen irudi hura». Komisarioaren arabera, gazteek nondik datozen ikusteko baliagarria da egitasmoa.

Erakusketan parte hartzeko aukera dute ikusleek. Hiriburu berdearen inguruko argazkiak bidali behar dituzte sakelako telefonoarekin 608 281 850 zenbakira, eta aretoan jarritako pantaila handi batean agertuko dira. Erakusketa ekainaren 17ra arte dago irekita, eta sarrera dohainik da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.