GASTEIZKO ANDRE MARI ZURIAREN JAIAK. Aniztasunean dago xarma

Jende gehien biltzen den txokoetatik kanpo, bestelako musika eskaintzen duten tokiak aurki daitezke Gasteizko jaietan, blusa eta neskekin batera irteten diren txarangen zalapartatik urrun.

Jon Rejado.
Gasteiz
2010eko abuztuaren 7a
00:00
Entzun
Andre Mari Zuriaren plaza, txosnak, Foru plaza, Aihotz plaza... Gasteizko jaietan ikur diren hainbat txoko daude, eta horietan biltzen da jende gehien. Jendetza biltzen den toki horietaz gain, ordea, txikiagoak diren beste txoko batzuk badaude, jaiaren puzzlea osatzeko ezinbestekoak direnak. Jaiari kolore gehiago ematen diotenak.

Musikak berebiziko garrantzia du festetan, eta horrekin lotuta daude txoko gehienak. Horien artean ezagunena Florida parkeko kioskoa da, hirigunean bertan. Udaleko Musika Bandak abesti sorta zabala eskaintzen du jaietako egun guztietan. Atzo, adibidez, Mariano San Miguel Urcelay musikariaren hainbat doinu jo zituzten.

Minutu batzuk lehenago, beste musika banda batek, Ertzaintzarenak, Florida parkeko txoko ezezagunenetako batean jo zuen: Uraren Lorategi Sekretua deitutakoan, Ignacio Aldekoa kultur etxearen atzealdean. Dozenaka lagun bildu ohi dira egunero ikus daitekeen emanaldiarekin gozatzeko.

Alde Zaharrean bertan, jaiaren muinean, ohiko zalapartatik ihes egiteko txokoak aurki daitezke. Falerinako Lorategia da horietako bat, Montehermoso Kulturunearen kafetegia. Arratsaldero, erritmoa hartzeko edo, doinu dantzagarriak jotzen dituzte kafetegiaren aurrealdean dagoen berdegunean. «Gaua hasi aurretik, musika ona entzuten, garagardoa eskuan, eta belarrean etzanda... Ba al dago gauza hoberik?», dio bertaratutako mutil gazte batek.

Jai giroaz are gehiago urruntzeko asmoa dutenek ere badute nora joan. «Txarangak ondo daude, baina eskerrak beste zerbait entzun daitekeen buruak atseden har dezan», zioen irribarretsu Miren Martinezek, Luis Aranburu Udal Musika Eskolan sartzen ari zela. Alde Zaharreko kale batzuetako zalapartatik at, Hedegile kaleko txoko horrek ezohiko lasaitasuna eskaintzen die bertako kontzertuetara joaten direnei.

Eraikin zaharberrituan sartzea beste mundu batean murgiltzea bezalakoa da. Santa Maria katedralaren dorrearen zaintzapean urmael txiki bat dago, igebelar eta guzti. Urmael horren beste aldean dauden eskaileren bukaeran jaietan nekez entzun daitekeen musika dago entzungai. Jatorki Abesbatzak eta Hamaika Kameratak abesti sorta zabala kantatu zuten atzo, Done Jakue bideko ohiko musikatik Uppsalako ohiko abestietara arte. Aniztasuna hor ere.

Umorea, erakargarri

Musikaren garrantzia ukaezina den arren, bestelako ikuskizunak eskaintzen dituzten txoko batzuek ere arrakasta itzela dute. Katedral Berriaren atzealdean arratsaldero dagoen Umorearen Txokoan ehunka lagun elkartu dira orain arte. Jon Zabalek magia eta umorea uztartu zituen ostegunean, eta jende asko elkartu zen ikuskizun horretara, barre algara artean. «Guztiok gustuko dugu jaia, baina bost egun tabernaz taberna ibiltzea... Aniztasunean dago xarma», ondorioztatu zuen gazte batek, Katedral Berriaren atzeko parkea utzi eta tabernetarako bidea hartuta.



Gaurko egitaraua

09:30. Foru plazako pilotalekuan, pilota partidak.

10:30. Zezen-plazan, zezen ikuskizunak eta bigantxak.

11:00. Done Mikel elizan, haur meza, Zeledon Txiki eta Neska Txikirekin, eta lore eskaintza, Andre Maria Zuriaren aldarean.

11:30. Ohorezko aurreskua, Zeledon Txikik eta Neska Txikik eskainia, Andre Maria Zuriaren irudiaren aurreko plazatxoan.

11:30. Okindegia eta Wimbi hondartza. Hezitzaile-antzezleek dinamizatutako guneak.

11:30. Gastronomia eta Eskulangintza Azoka, Loma Jeneralaren plazan.

12:00. Zeledon Txikiren eta Neska Txikiren jaitsiera, Espainia plazan.

12:00. Erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsa kalez kale ibiliko dira.

12:00. Espainia plazatik abiatuta, trikitilarien kalejira.

12:00. Uraren ezkutuko lorategia, Florida parkean, Guardiako Musika Banda.

12:00. Gargantua.

12:00. Azoka arabiarra, Francisco Juan Ayala plazan.

12:30. Marta Vela eta Pilar Abelloren piano errezitaldia, Luis Aranburu udal musika eskolako auditoriumean.

12:30. Trikitia, Aihotz plazan.

12:30. Foru plazan: Lasto Altzari Lehen mailako aizkolarien irekia, bikoteka. Finalaurrekoak. Txinga eroatea.

12:30. Umeentzako ikuskizuna. Oreka Zirkus taldearen Piratados antzezlana (euskaraz).

12:30. Goitiberen I. Lasterketa, Independentzia kalean.

13:00. Mateo Moraza kalean, Andre Maria Zuria VI. Estropada Bandera.

13:00. Bertsolariak. Juan Mari Juaristi, Felipe Zelaieta, Angel Peñagarikano, Sustrai Kolina, Amets Arzallus. Aurkezlea: Olatz Bayer. Aihotz plazan.

17:00. Ikiak festara joatea.

18:00. Peñafloridako Kondearen plazan, Voces de Navarra, eta jota-abeslari neskatxa bat.

19:30. Dantza lehiaketa, Aihotz plazan.

20:30. Larrain-dantza eta Txulalai, Aihotz plazan.

23:00. Discomfa su etxearen su festa, Mendizabalan.

23:30. Olagibel kalean, zortzi zezensuzko eta fanfarreak.

20:00. Zezenetatik itzultzea.

20:30. Larrain-dantza.

23:00. Su festa: Kanadako Feux Dartifices Apogee etxea.

00:00. Gozategi, Aihotz plazan.

00:00. Akerbeltz orkestrarekin gau jaia, Arka plazan.

01:00. Gau jaia Amaiur taldearekin, txosnetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.