Javier Cameno. Urrezko Zeledonen elkarteko presidentea

«Gasteizko asmakizun handiena da Zeledon»

ARP.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2012ko abuztuaren 9a
00:00
Entzun
Kazetaria, Urrezko Zeledonen elkarteko presidentea eta, aurten, Andre Mari Zuriaren jaietako pregoilaria da Javier Cameno;bihotzean ditu festak eta hiria.

Pregoian irratia eta Gasteizko historia hurbila nahastu ziren. Ziur asko, gustukoen dituzun bi kontuak izango dira, ezta?

Zalantzarik gabe. Irratia asko maite dut. Luma eta mikrofonoa izan ditut lanbide, baina irratiak duen berehalakotasuna oso berezia da, albistea ematen lehena izatea. Derrigorrezkoa zen irratia omentzea. Han izan nituen Angelines Cobas esataria, Jose Maria Sedano eta Iñaki Landa Zeledon ohia. Guztiak, gainera, Urrezko Zeledonen zuzendaritza batzordeko kideak.

Inoiz huts egin duzu Gasteizko festetan?

Behin bakarrik. Europa Cantat abesbatza jaialdiko zuzendaria izan nintzen 1991. urtean. Olinpiar Jokoetan bezala, txanda hartzeko zu baino lehen egiten duen hirira joan behar duzu. Hungarian izan zen, Pecs hirian. Jose Angel Cuerda alkateak ez zuen Gasteiz jaietan utzi nahi, eta ez zen joan. Ni han izan nintzen, eta jaiak ere eraman genituen.

Nola?

Pecs hiriko alkateari esan nion abuztuaren 4an geure herriko jaiak zirela eta arratsaldeko seitan suziri bat bota behar zela. Hark harriduraz begiratu ninduen, eta esan zidan halakorik egitea Hungaria osoan debekatuta zegoela, ez zela gertatuko. Eztabaida izan genuen, eta, azkenean, lortu genuen suziria botatzea plaza nagusian. Ez hori bakarrik, Araba abesbatzako kideekin batera hurrengo goizaldean egunsentiko arrosarioa egin genuen Pecseko kaleetan.

Gasteiz zure herria dela aldarrikatu zenuen pregoian. Hala sentitzen duzu Gasteiz, herri handi baten modura?

Ez da tamaina kontua. Nik herri hitza asko estimatzen dut, eta beti letra larriz idazten dut. Nire herriarekin oso harro nago.

Luxuzko hiria dela nabarmendu zenuen, bizitzeko eta gozatzeko. Horretaz ahazteko joera dugu gasteiztarrok; duen balioa baino gutxiago ematen diogu?

Hala da. Bilbotartasun puntu bat falta zaigula esango nuke. Gauza ederrak ditugu, baina badirudi bost axola zaigula horiek kanpoko jendeak ikustea. Zeure burua saltzen ikasi behar duzu. Dena den, geroz eta turista gehiago ikusten ditut Gasteizen, eta hori seinale ona da.

Urrezko Zeledonen elkarteak aurten Gasteizko hiritar guztiei eman die saria. Non jaso dezakegu sariko estatuaren kopia?

Kar, kar. Ez zara eskatu duen lehena. Pregoiaren egunean Urrezko Zeledon irudikatzen duen ikurra neraman arropan, eta batek baino gehiagok beretzat eskatu zidan. Nik aholkatu nien alkatearekin hitz egiteko.

Txantxak alde batera utzita, erabakiak jende asko harritu du.

Sariak 50 urte bete ditu aurten. Zortzi hautagai zeuden, horietako batzuk oso onak. Baina urrezko ezteiak direnez, hautagaitza hori zoragarria iruditu zitzaigun. Azken mende erdian hiria egin dutenak dira gasteiztarrak. Aho batez hartutako erabakia izan zen, gainera.

Zeledoni buruz ari garela, ziurtatu duzu pertsonaia eta haren jaitsiera XX. mendean Gasteizek egindako asmakizun handiena izan dela.

Hori oso argi dut. Ba ote dago Zeledonen jaitsiera baino arrakasta gehiagorik duen Gasteizko asmakizunik? Ez dago. Asmakizunik handiena da; ez dakit zein izango den bigarrena, baina oso urrun egongo da.

Zeledonen jaitsiera da jaietan gustukoen duzun ekitaldia?

Jaitsiera eztabaidaezina dela iruditzen zait. Gero, badago ekitaldi segida hunkigarri bat. Farolen prozesioa harribitxi mundiala iruditzen zait, apartekoa. Gero, Gasteizko nortasunaren erakusle modura, Andre Mari Zuria blusen eskuetan, abuztuaren 5eko egunsentian, oso une berezia da.

Jakina da gasteiztarrok oso kritikoak izaten garela ia edozerekin, eta jaiak ez dira salbuespena. Urteak dira festak hilzorian daudela dioen teoria entzuten dela. Berriketa hutsa da edo jai ereduari buelta bat eman behar zaio?

Bai zera! Gasteizko jaiek duten programazioa primerakoa da. Ez nuke deus ere aldatuko. Denetarik dago, eta adin guztientzat.

Baina jaiek izan dituzte berritasunak. Jaitsiera bera asmatu zen, eta beteranoen eguna, zeure eskutik gainera. Irudimena galdu dugu?

Ez zait iruditzen; ez dakit bestelako zer premia egon daitekeen. Hiriak premia asko ditu, bai, baina festetan ez dut ezeren falta sumatzen. 300 ekitaldi baino gehiago daude, eta ezin da ahaztu jaiaren gakoa eta indarra kalea dela.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.