Gasteizko Andre Mari Zuriaren jaiak. Zeledonen jaitsiera

Gasteizko jaiak badu interesa

Arratsaldeko seietan jaiaren kotizazioak aparraren modura egin zuen gora; Zeledon inbertsio segurua da, dirua akaso ez baina poza barra-barra banatzen duten horietakoa, jaitsiera aldez aurretik nahastu nahi izan duten espekulatzaileen gainetik.

Ordezkaritza politiko handia egon zen Gasteizen; besteak beste, Izagirre Donostiako alkatea eta Zelaa hezkuntza sailburua izan ziren. JUANAN RUIZ / ARP.
Ivan Santamaria.
Gasteiz
2011ko abuztuaren 5a
00:00
Entzun
Interesak gora, interesak behera, Zeledon gora kotizatzen duten balio seguru horietakoa da. Gasteizko jaietako burtsan festarako akzio guztiak banatuta daude, prezio bakarra ondo pasatzeko gogoa izatea da eta umore txarra da sobera dagoen bakarra. Hori, eta presoen senideen presentzia dela eta ez dela jaitsierako giro alaia ozpindu nahi izan duten espekulatzaileak.

Zeledonen harrerak ikusmin handia piztu zuen, ohi bezala, San Migelgo balkoian. Arratsaldeko bostetan eguzkiak balkoi osoa irakiten jarrita zeukan, eta kosta zitzaien gonbidatuei heltzea. Lehenetarikoak Bilduko ordezkariak izan ziren. Goiztiarrak oso; ordurako Maria Senderos txupinera eta Javier Maroto alkatea iritsi gabe ziren, esaterako. Hiriko zinegotzi eta herrialdeko ahaldunekin batera, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia eta Donostiko alkate Juan Karlos Izagirre izan zituzten gonbidatu.

Kamera guztiak bereganatu zituen Garitanok. Hedabideenak ez ezik, ez ziren falta izan harekin argazki bat atera nahi izan zuten bestelako herritarrak ere. Bilduko kideak kazetariekin ari zirela, PPko ordezkaritza iritsi zen, zuzenean San Migelerako atea duen jatetxean bazkaldu eta gero. Antonio Basagoiti alderdiko presidentea, Arantza Kiroga Eusko Legebiltzarreko lehendakaria eta, nola ez, Javier Maroto alkatea eta Javier de Andres Arabako ahaldun nagusia, bata zein bestea aukeratu berriak.

Suziria piztu aurreko minutuak, agurretarako. Instituzionalak batzuk —Isabel Zelaa Eusko Jaurlaritzako ordezkari eta Hezkuntza sailburuaren eta Izagirreren artekoa—, eta aspaldiko ezagunen artekoak beste batzuk—Alfonso Alonso alkate ohiaren eta Antxon Belakortu zinegotziaren artekoa—.

Festari hasiera eman behar zion suziria pizteko ardura Maria Senderos Punto Radio irratiko esatariak zuen. Harekin batera, udal informazioa egiten duten beste kazetari batzuk aritu ziren. Txapliguak zeruan eztanda egin bezain pronto, plazako giroaz kutsatu ziren balkoian ere. Txupinerari helduta, salto egiteari ekin zion Maroto alkateak, De Andres ahaldunak baino estilo hobearekin.

Plaza zeharkatu ondoren, lehertuta iritsi zen Gorka Ortiz de Urbina, Zeledon. Agertu bezain pronto, baserritarraren aldeko oihuetan nabarmendu zen Iñaki Gerenabarrena EAJko ABBko presidentea. Eskuzapi batekin izerdia kendu, ur botila freskoa irentsi eta, ohiturak agintzen duen legez, alkateari zapi gorria jarri zion lepoan Zeledonek.

Senderosi jartzeko orduan, zapia hesiaren beste aldean lanean ari ziren beste kazetariei eskaintzeko eskatu zion txupinerak. Hala egin zuen Ortiz de Urbinak, eta txaloka eskertu zioten keinua balkoian zeuden hedabideek. Zeledonek ere aipatuko zituen gero.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.