«Gasteizko mendizale elkartekoa naizen moduan naiz Opusekoa»

Aurpegia emanez zein alderdi barruko lanetan, hogei urte bete ditu Eusko Alkartasunan Rafa Larreinak (Gasteiz, 1956). Politikarien artean Internetera jauzia ematen aitzindari, hari lotutako komunikazio enpresa jarri du abian.

Anakoz Amenabar.
2010eko urriaren 10a
00:00
Entzun
Unibertsitatean izan zuen politikarekin lehenengo hartu-emana, eta bi hamarkada bete ditu dagoeneko Eusko Alkartasuna barruan. Legebiltzarra utzi, eta alderdiko ekonomia arloko idazkari lanetan dabil egun.

Nola daramatzazu euskara eskolak?

Aldean eramaten ditut euskara oharrak, baina ia ez dut astirik, egia esateko. Alderdiko bilerak izaten dira mintza praktika egiteko egokiak. Euskal hiztunek ohitura dute baten batek euskaraz ez dakienean denak gaztelaniaz egiteko, inork eskatu gabe. Adeitsuegiak direla iruditzen zait. Nik euskaraz jarraitzeko eskatzen diet.

Politikan hogei urte. Atzera begiratuta, zer une gozo duzu gogoan?

Ez dut gehiegi atzera begiratzen, baina, garrantzitsuenen artean, legebiltzarrera heldu nintzenean autodeterminazioari buruzko proposamena bozkatu nuenekoa aipatu behar dut, eta Lizarra- Garazi, ilusioz betetako garaiak.

Une latzik izan da?

Momentu tristeenak hilketak izan dira. Batzuk gertukoak izan ziren, Jose Mari Portell kazetariarena, esaterako, berarekin egunkari bat prestatzen genbiltzalako unibertsitatean. Fernando Buesa ere egunero alboko aulkian izaten nuen lanean.

Joan den asteko manifestazioak zer zapore utzi zizun?

Deitzaileen artean nengoen, baina ezin izan nintzen joan, asteburu horretan alderdiko beste zeregin batzuk nituelako Galizian. Twitter bidez kasu egin nion, eta ilusioz bizi nuen, erantzun sendoa eman zelako.

EAJk ez zuen ondo ikusi manifestazioan Adierazi EHren agerraldia izatea.

Anekdotak erabiltzen dira askotan fokuak desbideratzeko. Manifestazioak zuen garrantzia ikusita, garrantzirik gabeko gaiak izan dira hizketagai.

Bateragarria al da politikan aritu eta Opuseko numerarioa izatea?

Bi arlo erabat desberdin dira. Gasteizko mendizale elkartekoa naizen moduan naiz Opusekoa.

Ez al ditu ideia ultrakontserbadoreak?

Politikan edo gizartean Opus Deik ez dauka inolako ideiarik, norberak dituenak baino ez. Eliza katolikoaren erakundea da, arlo erlijiosoan soilik eragiten duena. Alegia, edozein katolikok duen askatasun bera dugu. Beste gauza bat da Espainiako estatuan duen irudia, frankistak zirelako gehienak, baina erbesteratu zirenak ere egon ziren, nahiz eta horiek egunkarietan ez agertu. Aniztasuna da nagusi.

Abortuaren inguruan, esaterako, ez al dituzu eztabaidak alderdikideekin?

Ezkerreko alderdi askotan dauden eztabaidak dauzkagu. Gai honetan ni Frantziako alderdi sozialistarekin bat nator. Bizitza eskubidea aldezten dut, eta abortuaren aldean beste bide bat badela uste dut. Horrek ez du esan nahi emakume jakin batek edo bikote batek izan ditzakeen arazoez ahazten naizenik edo kriminalizatuko ditudanik. Jarrera aurrerakoi batek arazoak konpondu behar ditu, eta pertsona horrek askatasunez erabaki behar du; ziur nago abortua bizi duten emakume gehienek beste aukerarik ez dutelako dela. Horiek bilatu behar dira.

Izatezko bikoteen lege proiektuaren eztabaidan zurea izan zen abstentzio bakarra legebiltzarrean. Ez zatoz bat legearekin?

Berdintasuna bermatu behar da, zalantzarik gabe, eta eskubide berberak izan behar dituzte sexu aukera edozein dela ere. Halere, eskubide horiek gauzatzeko garaian hainbat aukera daude, eta hor ere Frantziako alderdi sozialistarekin bat nator. Gauza bat da emakumeak eta gizonak osatzen duten bikotea, eta beste bat sexu berekoen artekoa, eskubide berberak izan behar dituzte, baina beste forma juridiko bat behar duela uste dut. Horrek ez du diskriminazioa esan nahi.

Politikan, Internetera jauzia egin zuen lehenetakoa zaitugu. Lehendakari.org domeinua eskuratzen ere arin ibili zinen...

Bai, egunkariren batek pentsatu zuen lehendakaria izateko asmoz egin nuela, baina domeinua alderdiarentzat zen, hauteskundeetarako aukera ona zela uste genuelako. Nire webgunea aspaldi sortu nuen, baina egia da egunero erabiltzeko astirik ez dudala.

Blogen inguruan ari garela, baten batek azken prentsaurrekoan zeneraman gorbataren inguruko kritika egin du. Merezial du erantzunik?

Batzuen topiko eta urduritasunak dira horiek. Gorbata lan tresna da beste batzuek buzoa janzten duten moduan. Nire aita suhiltzailea zen, eta gorbata erabiltzen zuen asteburuetan; nik, berriz, alderantziz. Gauza horiekin arduratzen dira batzuk, beste ikuspegi eta kezka batzuk ezkutatzeko.

Politika, mendia, sare sozialak...eta aurten komunikazio enpresa bat sortu duzu. Garai ona al da proiektu berrietarako?

Garai latza izan arren, beti da garai ona proiektu berrietarako. Animatu, eta garai txarrei eutsi behar zaie. Ni ezin naiz geldirik egon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.