Martxan da Euskadiko Ostalaritza Eskoletako ikasleentzat antolatu duten lehiaketa: ikasleek plater bat prestatu beharko dute Eusko Labela duten Euskal Okela edo Euskal Esne Bildotsa erabiliz. Parte-hartzaileek euren proposamenak egin dituzte dagoeneko, eta euren platera finalean egongo den ala ez jakiteko zain daude. Eskola bakoitzak plater bat aukeratu beharko du finalerako, abenduaren 11 baino lehen. Ondoren, Kalitatea fundazioari jakinaraziko diote euren erabakia.
Hautatutako sukaldariek finalean parte hartuko dute, abenduaren 14an: Gasteizko Diocesanas-Mendizorrotza Ostalaritza Goi Eskolan izango da, 16:30ean. Finalerako txartela eman dien platera prestatu beharko dute ikasleek, eta, horretarako, bi ordu izango dituzte. Epaimahaia honako kide hauek osatuko dute: Ostalaritza Eskoletako ordezkariek, Kalitatea fundazioko ordezkariek eta sukaldaritza alorreko aditu batek.
Finalista guztiek Euskadiko Kalitatezko produktuak dituen saski bat jasoko dute; hiru plater onenei, gainera, ordainsaria emango die epaimahaiak. Lehen sailkatuak 500 euro irabaziko ditu, baita Juan Mari Arzaken jatetxeko jardunaldi gastronomiko bat ere. Bigarrenak 300 euro jasoko ditu, baita jardunaldi gastronomikoa ere. Hirugarrenari, berriz, 300 euroko txeke bat emango diote.
Lehiaketak ez du helburu bakarra. Batetik, Euskadiko nekazaritza eta arrantza elikagaiak sustatu nahi dituzte etorkizuneko sukaldarien artean; bestetik, erakundeen eta sukaldarien arteko elkarlana bultzatu nahi dute, behar bezala identifikatutako produktuei balioa emanez.
GASTRONOMIA. Kalitatea, su artean lehiatzen
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu