Baionako bestak

Gau zuri-gorriak

Karriketan metaturik pasatzen du jendeak gaua, alkohola eta bozgorailuetarik bota musika dute bidelagunEhunka gazte datoz Gazteszena gunera, zuzeneko kontzertuak gozatzera

Datozen milaka jendeei harrera egiteko taberna aski ez dela, gehienek gaua karrikan pasatzen dute. BOB EDME.
Jenofa Berhokoirigoin.
Baiona
2011ko uztailaren 31
00:00
Entzun
Dj Valentinoren Vamos a la playa, Las Ketchupen Asereje, Lou Begaren Mambo Number 5-n... etengabean. Karrika gau ilunean, isiltasuna eta haize freskoa gozatzeko gune gisa kontsideratzen duenak: ahantzi dezala. Tabernako bero eta harrabotsaz ihes egiteko, karrikara atera nahi duenak: ahantz dezala. Horrelakorik ez da Baionako bestetan. Elkarren gainean da jendea, metaturik, ondoko ezezagunaren bizkar biluzi bustia bularren kontra... baina beti irriarekin. Hor ongi da bestazalea, horren bila etorria da. Karrika punta batetik bestera, bozgorailuek ber musika botatzen diete belarrira. Nahiz hamargarren aldikoz ber kantua entzun, aldi oro ber ilusioa irakur daiteke bestazalearen begietan, ber irria aurpegian. Lehen bi notak ezagutu eta punpeka, dantzan hasten da, ezinegona. Jendeak gogoko du giro hori.

Gaua aitzinatu arau musika horren eragina geroz eta handiagoa da: Punpeak geroz eta handiagoak dira, bestearen gorputza karesatuz dantzatzeko ausardia geroz eta handiagoa da, ostatu gainera igotzeko pultsioaren kontrola geroz eta nekeagoa da. Alkohola izaten da bozgorailuetako musikaren bide laguna. Cul sec! cul sec!, bi silabak animo gisa, jendea dabil basoko likidoa hastetik buru edaten, gelditu gabean. Harrotasun irriarekin bukatzen dute, azkarrenak direnaren sentimendua haien baitan. Jendea edatera dator. Besterik ez da egiteko gauez, Baionan. Edan, edan eta edan. Ito arte edo bestea ito arte. Dantza, besarkada eta kalaka artean, mugimendu basatiak agertzen dira noiztenka. Tentsioa bat batean elektriko bilakatzen da, bi zezen direla elkarri begira, elkarri ostiaka. Bereizi eta laster ahanzten du jendeak, ondoko borroka etorri arte.

Ostatuak, giroaren arabera hautatzen ahal badira, karriketan ez da hauturik. Guztietan dira, Asereje Asereje edo cul sec cul sec leloak entzungai. Ozeano horretan egotea ezinezkoa dutenentzat, isla batzuk badira noiztenka. Rock and rolla edota euskal kantuak pasatzen dituzten ostatuak. Virgin radio eta NRJ irratiak gorroto dituztenen plazerarentzat.Esaldi homofobo eta sexistak ongi etorriak ez diren islak. Geroz eta gutxiago dira, haatik, urtez urte ozeanoa goratuz doala. Baliteke isla zahar batentzatazkena izatea aurtengoa: Patxa plazatik hurbil den Patxoki. Laurogeigarren hamarkadan ireki zen gune alternatibo eta abertzaleaberreskuratu eta saldu nahi du jabeak.

Zuzenekoa, Gazteszena

Beste isla polit bat ere bada Chaho Pelletier gunean, Baiona Ttipik hurbil. Normalki handituz joan behar lukeena. Gazteszena du izena, eta iaz agertu zen lehen aldikoz.

Bozgorailuetako musika errepikakorraz urrun, zuzenezkoa gozatzen dabiltza ehundaka gazte, gauero 23:45etik 02:00etara. Iaz La Souche Rock elkartea zen antolatzaile, eta, aurten, horri gehitu zaizkio La Locomotive eta Lanetik Egina elkarteak —hirurak direla musikagintzan ari—. Rock and rolla, hip hop, elektroa, pop... gustu guztientzat bada. Jendea metatzen da gauero. Gaur azkena izanen dute, Skapsule eta Dingwash taldeen kontzertuekin.

Bai, azken gaua da gaur. Azken cul sec-ak, azken asereje-ak, azken pogoak Gazteszenan, azken borrokak, azken muxuak, azken goitikak, azken zartakoak, azken begi kliskak, azken katxiak. Ondoko urtekoen esperoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.