Donostiako Aste Nagusia.

Gaueroko hitzordua

Suak ikusteko toki aproposa da Ondarretako hondartza. Ikuspegi paregabea eskaintzeaz gain, inguruko tabernetako terrazek gau giroaz gozatzeko aukera ematen dute. Gauero jende ugari biltzen da han su festa ikustera.

Gaueroko hitzordua.
Adrian Garcia.
Donostia
2012ko abuztuaren 14a
00:00
Entzun
Ondarretako hondartzako txokoa suei estuki lotua dago. Gauero jende andana biltzen du inguruak su festen harira, Donostiako Aste Nagusiaren ikur bilakatu baitira. Jaiak irauten duen zortzi egunetan zeremonia antzeko bat sortzen da su ikuskizunaren inguruan, saihestu ezin daitekeen hitzordua.

«Afalostean trago bat hartu eta suak ikustera etortzen gara beti», dio haurrekin etorritako guraso batek. Iluntzeko gau giro epelak lagunduta, inguruko taberna eta jatetxeen terrazak jendez betetzen dira. Lasai dabil jendea solasean, baina noizean behin ordulariari begiratzea komeni da: garaiz iritsi beharra dago gaueko ikuskizunera.

Askotariko jendea biltzen da suen bueltan. Donostiarrak ez ezik, inguruko herrietakoak ere erakartzen ditu. Zirkulazioan nabari da hori, aparkatzeko lekuak gero eta urriagoak baitira suak hasteko ordua iritsi ahala.

Denentzako ekitaldia

Ikuspegi polita eskaintzen du hondartzak. Argiontziek argiztaturik, Santa Klara uhartea parean; eskuinean, Kontxako hondartza, eta atzealdean, Parte Zaharra. Ilun dago hiria. Barraketako argi koloretsuak dira iluntasun hori apurtzera ausartzen diren bakarrak.

Festetako ekitaldirik parte hartzaileenak dira suak; adin guztietako jendea erakartzen du. Gurasoak seme-alaba txikiekin, jende edadetua, gazte kuadrillak, bikoteak, turistak... Eguneko ordu beroak saihestu eta gauez korri egitera atera den korrikalaria ere prest da suak ikusteko luzatzeariketak egiten dituen bitartean.

Ongi prestatua doa jendea, urtetik urtera ekitaldia galtzen ez duten seinale. Fruitu lehorrak, garagardo ontziak, hareatan erosoago esertzeko toallak... Igande arratsaldean itxitako dendak suak hasi baino ordu pare bat lehenago hasi dira irekitzen, ikusleak suak ikustera behar bezala joan daitezen. Aurretik erosketak egin ez dituenak ere badu litxarreriak jateko aukera. Hondartza parean izozkiak saltzen dituen kioskoa irekita dago, eta ilara luzea du aurrean saltzaileak.

Bada argazki kamera eraman eta tripode eta guzti une hori izoztu nahi izaten duena ere. Ez alferrik. Turistek erosi ohi dituzten postalen antzeko argazkia eskaintzen baitu Ondarretako txokoak iluntzean, suak atzean dituela.

Zeremonia guztiek bezalaxe, suek ere jarraitu beharreko liturgia berezia dute. Hamabost bat minutu lehenago hasten dira goiztiarrenak tokia hartzen hondartza inguruan. Suziriak ematen du suak hasiko diren abisua. Su eta kolore festak hartzen du orduan hiria hamabost bat minutuz. Festak eragindako zalaparta eten egiten da, Aste Nagusiak jarraitu aurretik atseden pitin bat eskatuko balu bezala.

Aurrerantzean, isiltasuna da nagusi. Zenbait gurasok ahaleginak egin behar dituzte haurrak isilarazteko, gaztetxoek oraindik ez baitute barneratu zeremoniaren liturgia. Suziriek eragiten duten burrunbaz gain, jendearen harridura oihuek bakarrik dute baimena isiltasun hori hausteko. Azken trakaren ondoren, ohiturari jarraikiz, txalo zaparradareneta suei buruzko iruzkinen txanda da. «Gaurkoak, nahiko eskasak». Azken urteetan, herrialde askotako su etxe ugari izan dira Donostian, eta su festen zaleak adituak ez eze zorrotzak bilakatu dira.

Ikuskizuna amaitu ostean, festaren zurrumurruak hartzen du berriro hiria. Trasteak jaso, eta bakoitza bere zereginetara doa. Hurrengo egunean elkartuko dira, gaueroko hitzorduan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.