«Gaur egun, ikastea ez dago modan; ez dago modan kultura»

Eako familia ezagun bateko kide da Asun Landa. Gabriel Arestiren figurari oso lotuta dago. Sorterrian ezagutu zuen hura, eta haren alaben lagun izan zen. Gaur egun, idazle bilbotarraren izena duen institutuko irakaslea da.

Ibai Maruri Bilbao.
2010eko urriaren 17a
00:00
Entzun
Irakasle den institututik irten eta Bidebarrieta liburutegian Jon Kortazarrek eman duen hitzaldia entzun aurretik erantzun die Asun Landak BERRIAren galderei. Plaza Barrian izan dugu solasaldia, Gabriel Arestiren Bilboren bihotzean.

Urriak 14 zituela jaio zen Gabriel Aresti.

Haren lana berreskuratzen hasi da, baina beldur naiz ez ote duten dandy bihurtuko. Oso konprometituta zegoen euskararekin eta langileriarekin; herriarekin, hitz batean. Egin diezaiokegun omenaldirik onena bere lana ezagutzera ematea da. Askok haren mezua azpimarratzen dute; nik, ordea, haren modernitatea nabarmenduko nuke. Tradizioa eta modernitatea uztartu zituen.

Azken urteak Ean igaro zituen Arestik, zure jaioterrian.

Bera ezagutzeko zortea izan nuen, eta beraren alaben laguna nintzen. Guk ikusten genuen aire freskoa zekarrela garai izugarri hartan. Baina orduan ere polemikoa zen, eta ez zuten onartu.

Eako Poesia Egunak arrakastatsuak izaten dira. Errealitate baten isla da ala ilusio edo irudipen hutsa baino ez?

Egia da magia bat sortzen dela, faktore batzuk batzen direlako. Aresti bertan egon izanak ere zerbait berezia ematen die Poesia Egunei. Literaturazaleak elkartzen gara, urte osoan. Multzo txikia gara, hori egia da. Baina idazleak etortzera gonbidatu eta etortzen dira. Eskualdetik eta toki askotatik etortzen da jendea, eta gustura sentitzen dira hemen. Niretzat herritarren parte-hartzea da berezia. Haiek antolatzen dute guztia, musu truk.

Herrijari Emon Arnasa taldeko kide zara. Ea itota dago, ala?

Izena oso ponposoa da, agian, baina bai. Inoiz ez dugu administrazioaren laguntza handirik lortu. Herri txikia gara, baina denek esku hartzen dute. Herri mugimendu bat badago; herrigintza esaten dena. Eak euskara ederra du. Kostaldeko herria denez, udatiar asko etortzen dira, eta aberastasun hori asko galdu da. Gure hizkera, kultura, euskal kultura berreskuratu eta indartzea da taldearen asmoa.

Zelan ikusten duzu euskal literatura?

Zer irakurri asko dago, eta oso ona, gainera. Halere, egia da beti bi edo hiru izen zabaltzen direla, eta badirudi ez dela besterik egiten. Madrilen, adibidez, euskal literaturaren bi edo hiru izen baino ez daude. Bueno, niri Madrilen ez litzaidake inporta behar zer gertatzen den. Hori da nire kontraesanetako bat. Erdal kulturaren menpe gaude, eta hori da gure arazoetako bat.

Zuretzat ona den literatura niri ere ona iruditu behar zait?

Idazleak esfortzu handia egiten duenean nabaritzen da nobela edo poesia hori ona dela. Beste kontu bat da bakoitzak bere gustuak dituela. Niri gauza batzuk gustatuko zaizkit, eta zuri beste batzuk. Eta, agian, hainbat kasutan bat egingo dugu gure iritzian.

Otxarkoagako Gabriel Aresti institutuan irakasle zara, eta zuzendari ere izan zara. Irakasle lanbidea hain gogorra al da?

Adinarekin nekatu egiten zara, baina ilusioa behar da. Ezin gara joan ikasleengana gogorik gabe. Gogoa izan ezik, ezin da ikasleengan piztu. Gaur egun, ez dago modan ikastea; ez dago modan kultura. Gizartearen ezaugarrietako bat da hori; giro hori dago. Zelan piztu? Ba, oso zaila da. Fribolitate handia dago.

Irakasleari errespetua galdu omen diote ikasleek.

Telebistan-eta hori ikusten da, baina nik ez dut uste hainbesterako denik. Arazoa da gurasoek seme-alabak bertan behera utzita dauzkatela askotan. Etxekoek ere beren ardura izan behar dute, eta hori falta da.

Ikasi nahi ez duenarekin zer?

Nork ez du ikasten jarraitu nahi? Asko sufritu dutenek. Badaude ikasteko zailtasunak dituztenak, honengatik edo harengatik. Behartu egin behar da? Ez, konbentzitu.

Euskararekiko atxikimendurik badute?

Erdal kultura denean dago: liburuak, telebista kate gehienak erdaraz, kalean eta etxean erdara da nagusi... Euskara hizkuntza akademikoa da. Esparru horretatik ateratzea da erronka. Hizkuntza ikasi dute eskolan, euskaldunak dira, baina erreferente guztiak erdaldunak dituzte.

Urte gogorra izan duzue landatarrenean.

Karmelorena oso gogorra izan zen. Baina, bereziki, Erramunek kezkatzen gintuen. Sentsibilitate berezia dauka; beldur ginen. Asko sufritu dugu, baina guk gutxi, presoak dituzten beste familia batzuekin alderatuta.

Familia berezia zarete, ezaguna.

Kanpotik begiratuta, batzuetan siziliarrak ematen dugu. Baina herriko beste familia bat baino ez gara, e? Ean denak ginen abertzaleak, euskaldunak ginelako, bertokoak. Aita abertzalea zen, EAJkoa, gudaria. Itsas makinaria zen lanbidez. Ideia ezkertiarrak edo progresistak zituela esango nuke. Eta guri ere hortik datorkigu; bakoitza bere erara, noski. Ez gara klan bat!

Eta familiako buru, Amaguada.

Bai, berak naturaltasunez ikusi zuen bere seme txikienak, Klaudiok, telebistara eraman izana. Amak sekulako meritua dauka. Zazpi seme-alabarekin alargun geratu zen. Asko zor diogu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.