Hirugarren egunez jarraian Paul Newmanen film bat dugu hizpide lerro hauetan. Gaur, hil berri den aktorearen lan onenetakoa ikusi ahal izango dugu, maulagileen inguruan egin den lan ederrena ziurrenik.
Robert Redford eta Paul Newman bikotea lau urte lehenago izan zituen bere esanetara George Roy Hill zuzendariak, Butch Cassidy and Sundance Kid ahaztezinean. The Sting entretenigarri honetan, berriz, bi maulagile treberen roletan ageri dira Newman eta Redford. Lagun baten heriotza mendekatu nahi dute, eta horretarako inoizko kolperik handiena prestatuko dute gangster arriskutsu baten aurka. Haien lagun eta ezagun ugari deituko dituzte, plana aurrera eraman ahal izateko.
Istorioa 30eko hamarkadan girotuta dago, Chicago inguruan. Eszenaratzea aparta da, eta erritmo bizi bati esker filmak ikuslea harrapatzea lortzen du hasieratik amaiera arte. Osagai gehiago ere baditu filmak maisulanen mailara heltzeko balio diotenak: David S. Warden gidoi biribila, Marvin Hamlischen musika zoragarria, komedia onenen zertzelada batzuk eta maulagileen joko dibertigarriak.
Zazpi Oscar irabazi zituen The Sting-ek, horien artean filmik onena eta zuzendaririk onenaren sariak. Etzazue galdu.
Urtzi Urkizu
GAURKO FILMAK. Newman-Redford, inoizko maulagile dibertigarrienak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu