Marrazki bizidunak euskaraz ere ikusi ahal izango dituzte Nafarroa osoko haurrek. ETB1ek goizetan bidea emango dio ETB3ren programazioari, eta modu horretan ikusi ahalko dituzte. Izan ere, orain arte soilik ETB1 ikusi ahal izan da Nafarroa osoan, eta ez ETB3.
Joan zen astean hasi ziren Nafarroan Euskal Telebista ikusten. Jaurlaritzak eta Nafarroako Gobernuak uztailean sinaturiko itunaren emaitza izan da hori. ETB1 Nafarroa osoan ikusiten da jada. ETB2 Iruñerrian, Tafalla inguruan, Estellerrian, Zangoza aldean eta Tutera inguruan. ETB3, berriz, herrialde osoan ikusten zen joan zen astean, Iruñerrian izan ezik; hau da, Nafarroako lekurik populatuenean salbu. Horregatik erabaki du EITBk goizetan ETB3ra lekua egitea ETB1 ikusiko den tokian.
Urte luzeko foiletoi baten amaiera hurbilago dagoela dirudi. UPNren gobernuek etengabe oztopatu dute ETB Nafarroan zabaltzeko prozesua. Gobernu berria osatzeko programako puntuetako bat zen telebistaren auzia konpontzea. Atzo sinatu zuen Uxue Barkosen gobernuak behar zen azken baimena.
Arrazoi teknikoak daude kate batzuk leku batzuetan ikusteko eta beste batzuetan ez. Izan ere, Vaughan irratiak telebista bat eratzeko lizentzia zuen Nafarroan, baina uko egin zion udan. Horri esker, kanal autonomiko bat libre geratu da. Kanal horretan zabalduko da ETB1en seinalea, eta, autonomikoa denez, Nafarroa osora helduko da. ETB2 eta ETB3ren kasuan, beste bide bat erabili dute: tokiko telebistentzako kanalen bidez arituko dira. Horregatik ez dira, oraingoz, Nafarroa osoan ikusiko. Nafarroako Gobernuak du tokiko kanalak antolatzeko eskumena.
Gasteiz-Iruñea ituna
Uztailean, Iruñean sinatu zuten akordioa Ana Ollo Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko eta Erakundeekiko Harremanetako kontseilariak eta Cristina Uriarte Eusko Jaurlaritzako Kultura sailburuak. Nafarroako Jauregiko Areto Berdean egin zuten ekitaldia, itunarren garrantzia nabarmentzeko. Baina, orduan ere, «dena ondo bidean» esamoldea erabili zuen Ollok. «Nahiko genuke irailerako izatea, baina zuhurtzia handiz mintzo naiz, lan teknikoez ari baikara, eta trabaren batek atzeratu dezake», ohartarazi zuen.
Iazko urritik zegoen ikusgai ETB LTD bidez Iruñerrian, baina, martxoan, eteteko agindu zuen Madrilek. Ustekabe handia izan zen Nafarroako Gobernuarentzat. Izan ere, eteteko agindua UPN agintean zenean jarritako salaketa baten eraginez heldu zen. Uxue Barkos presidentearen gobernuak adierazi zuen ez zuela salaketa horren berririk.
Euskarazko telebistari Nafarroa osorako kate bat emanez Hizkuntza Gutxituen Europako Itunak agindutakoa beteko zela esan zuen Nafarroako Gobernuak. Sinaturiko itunean, ordea, «Nafarroa errealitate bereizi gisa» irudikatuko zuela hitzeman zuen ETBk.
Bi gobernuen arteko akordioa lau urterako da. Bitartean, lan egingo dute Madrilek irrati-maiztasun espektroa zabal dezan. Bi aukera jarri ditu mahai gainean Nafarroako Gobernuak: lehena, autonomia erkidegoko seinalea hedatzeko bigarren multiplex bat jartzea da. Bigarrena: Nafarroari emandako autonomia erkidegoko multiplex digitalean sei kanal jartzea. Horren bidez, ETB2 eta ETB3 ere Nafarroa osoan ikusi ahalko lirateke.