Ez zen gutizia kontua. Elikagai garrantzitsua eta landa ekonomiaren parte zen garai batean gaztaina. Hala zen Euskal Herriko txoko askotan, eta hala zen Baztanen ere (Nafarroa). Herriarenak ziren fruitu haiek, eta basoan gordetzen zituzten, gaztaindegiak izenekoetan. Erabilerarik gabe gelditu ziren, ordea, herri lurrak murrizten joan ahala, eta bazterrean gelditu ziren. Horregatik sortu dute Gaztainen Ibilbidea Elizondo inguruko basoan, fruitu horren memoria berreskuratzeko. Dorrea elkarteak egin du lana, eta bisita gidatuak eskaini ditu Pello Iriarte historialariak, aurreko astean ospatutako Errotaren Egunean.
Harriz egindako eraikuntza umilak dira, berez, gaztaindegiak, baina, Iriartek dioenez, badira harri landuzko batzuk ere. Ez da hori, ordea, Elizondokoen kasua. Izan ere, funtzionaltasuna zen helburu nagusia, eta ez edertasuna, ibilbidean ikus daitezkeen hiru adibideetan igar daitekeenez. Morkotsetik atera gabe pilatzen zituzten fruituak, eta iratzez, lurrez eta adarrez estaltzen zituzten. Fresko mantentzen zituen horrek udaberrira arte. Ate moduko batzuk izaten zituzten zenbaitek, eta hortik ateratzen zituzten behar zituzten aleak.
XVII. mendera arte Baztanen herriarenak ziren lurrik gehienak, eta herriarenak ziren gaztainak ere. Iriartek dioenez, denborarekin aldatzen joan zen hori, ordea, eta galduz joan zen ohitura hura. Azkenean, nork bere etxean gordetzen zituen fruituak. XIX. mende bukaeran, gainera, gaixotasun batek jo zituen gaztainondoak, eta, orduz geroztik, nabarmen murriztu ziren zuhaitzok. «Hamabi bat gaztaina mota baziren hemen lehen», dio historialariak. «San Miguel izenekoak ziren lehenak biltzen, goxoenak, eta San Martin izenekoak azkenak, eta txerrientzako izaten ziren nagusiki».
Zuhaitzaren adina
Haien memoria mantentzeko sortu dute orain ibilbidea Dorrea elkarteko kideek. Ia ahaztua zuen jendeak gaztaindegien historia Baztanen. Gabriel Inbuluzketa ikerlariak egindako lana izan dute txangoa osatzeko oinarri nagusia. 1990eko hamarkadan aritu zen gaztainen inguruko ikerketa egiten, eta fruituak ekonomian zuen garrantzia aztertu, eta gaztaindegi batzuk ere aurkitu zituen. Ez zen hor bukatu gaiari buruzko interesa, ordea, eta iaz, adibidez, tailer bat eskaini zuen Baztango Udalak haien inguruan. Ildo horretan egindako urrats bat gehiago da Dorrea elkarteak egindako lana.
Datarik ezin du zehaztu Iriartek, baina bada aurkitutako gaztaindegiak zaharrak direla adierazten duen pistarik. Elizondo ondoan dagoen bat jartzen du adibidetzat. «Gaur egun, haritz bat du gaztaindegi horrek erdi-erdian, eta izango ditu 150 bat urte. Pentsatzekoa da, beraz, eraikuntza lehenagokoa dela».
Ibilbidea ez dago oraindik markatuta, baina hori da elkartearen asmoa. Azalpen panelak jarri nahi dituzte, baita bidea errazteko markak ere. Oraingoz, baina, mapa bat prestatu dute, eta sarean jarri dute eskuragai.
Ibilbidea kontsultatzeko, bisitatu webgune hau:
Dorrea.blogspot.com.es
Gaztainaren iragana
Garai batean Baztanen gaztainek zuten garrantzia gogoratu eta gaztaindegi zahar batzuk ikusi ahal izateko, mendi ibilbide bat osatu dute Dorrea kultur elkartekoek Elizondon.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu