Gaztaren jirabiran

Bihar hasi, eta hamar egunez izango dira Ordiziako Euskal Jaiak; asteazkena izango da festetako egunik garrantzitsuenaBertako produktuen azoka eta Idiazabalgo gazta lehiaketa dira ekitaldi nagusiak

Ordiziako Euskal Jaietako ekitaldi nagusietako bat da gazta lehiaketa. ANDONI CANELLADA / ARGAZKI PRESS.
2011ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Jendez gainezka izaten dira Ordiziako kale eta plazak irail hasieran. Euskal Jaiek dute horren ardura, euskal kultura eta gastronomia uztartzen duten ekitaldiek arrakasta handia izaten baitute ordiziarren eta bisitarien artean.

Bihar hasiko dira Euskal Jaiak,eta, hamar egunetarako, denetariko ekitaldiak prestatu dituzte. Asteazkena izango da egun handia, bertako produktuen azoka eta Idiazabalgo gazta lehiaketa ospetsuarekin. Jende gehien erakartzen duten ekitaldiak dira horiek, baina hamar egunek askorako ematen dute. «Ikuskizuna nagusitzeak kezkatzen gaitu, eta Euskal Jaietan euskal sena eta identitatea defendatzea garrantzitsua dela uste dugu. Gazta lehiaketarekin lotzen dira egunok, eta, hori garrantzitsua izanagatik, Euskal Jaiak hori baino gehiago direla aldarrikatu nahi dugu», azaldu du Igor Eguren Ordiziako alkateak.

Haurrentzako gaztelu puzgarriekin emango diote hasiera bihar Euskal jaiei, Beti Alai pilotalekuan, eta gazteenek beroketa ariketak egingo dituzte Plaza Nagusian Oihan Vega DJak girotutako disko festarekin, 22:00etan.

Igandea erretiratuen eguna izango da. Beti Alai pilotalekuan bazkaria antolatu dute adinekoentzat; gero, orkestra batek alaitutako dantzaldia izango dute.

Iñigo Lavado eta Mikel Zeberio sukaldariek Idiazabalgo gaztak sukaldean eskaintzen dituen aukerak aurkeztuko dituzte astelehenean, D´elikatuz Elikadura eta gastronomia zentroan. Idiazabal erara sukaldatzen izeneko ekitaldiak, pertsona kopuru mugatua dauka eta aurrez izena ematea beharrezkoa da (943-88 22 90). Sukaldariek aurkeztutakoa dastatzeko modua ere izango da.

Asteartean herriko elkarteen arteko sukaldaritza txapelketa jokatuko da. Elkarte bakoitzak, bertako produktuak erabiliz, plater bat prestatu beharko du, eta ondoren epaimahai batek erabakiko du zein saritu. Goierriko odolki onenaren XVII. dastatze lehiaketa ere asteartean egingo dute. Bi ekitaldiak 17:30ean dira, Plaza Nagusian.

Azoka eta gazta lehiaketa

Irailaren 7a, asteazkena, izango da Euskal Jaietako egun handia. Jendetza bildu ohi da Ordiziako kale eta plazetan, eta aurtengoa ez da salbuespena izango. Goiz osoan bertako produktuen azoka egongo da, asteazkenetako legean. Euskal ekoizleek haien produkturik onenak erakutsiko dituzte: gazta, barazkiak, fruta, ganadua, lumagorriak, perretxikoak... Azokan parte hartzen dutenekin lehiaketa egingo dute, eta produkturik onenak sarituko.

Eguneko ekitaldirik sonatuena gazta lehiaketa izango da. Beti Alai pilotalekuan, ardi latxaren esneaz eginiko gaztarik onenak aurkeztuko dituzte, eta gazta irabazlea Idiazabalgo gazten ordezkari nagusia bilakatuko da. Jatorri izenhori jasotzeko eta lehiaketan parte hartzeko, ordea, ezaugarri batzuk betetzea ezinbestekoa da, eta ezin da edozein motatako gazta aurkeztu.

Irabazlearen izena jakin eta gaztagilerari saria emandakoan, gazta irabazlearen erdia enkantean jarriko da, eroslerik onenak etxera eraman dezan. Aurreko urtean J. Aranburu Elkarteak irabazi zuen lehiaketa, eta Beasaingo Dolare jatetxeak eraman zuen altxor preziatua, 7.200 eurotan.

Gazta lehiaketa amaitutakoan, profesionalen arteko eskuzko pilota partidak jokatuko dira. Olaizola II.a eta Albisu, Bengoetxea VI.a eta Beginoren aurka lehiatuko dira. Pilota partidak bukatuta, herri kirolekin emango zaio amaiera egun handiari, Azurmendi eta Olasagasti aizkolariekin eta Goenatxo II.a eta Goenatxo III.a harri-jasotzaileekin.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.