Jaiak. Sanfaustoak Basaurin

Gazteentzako egun berezia gaur

Ekitaldi ugari prestatu dituzte gaurko Basauriko jaietan, gazteek eta adin guztietakoek gozatzeko

Ogeta bat kuadrillakoak, Basauriko San Fausto jaietan. EL SOCIAL.
Lander Muñagorri Garmendia.
2011ko urriaren 11
00:00
Entzun
Basauriko jaiek lehenengo asteburua igaro dute, larunbatean udaletxetik txupinazoa bota eta ondorengo kuadrillen jaitsiera egin ondoren. Edozein modutan, sanfaustoek oraindik ibilbide luzea daukate jai giroan murgilduta jarraitzeko. Gaur esaterako, gazteen eguna izango dute basauriarrek.

13:00etan, Manuela Egiguren eta Eskarabillerari lore eskaintza egingo diete. Ondoren, emakumeen X. herri bazkaria izango da Solobarriako karpan. Haurrentzat ere izango da kabida, haur eta gazteentzako tailerrak egingo baitira arratsaldean. Alexander de la Huertak, berriz, erakustaldia egingo du bizikletan atzeraka, aldapa gora igoz. Kirolekin jarraituz, 19:00etan 3x3ko V. kuadrilla txapelketa egingo da Bizkotzaldeko jokalekuan. Eta geroxeago, 20:30ean, kuadrilla arteko lehen futbolin txapelketa. Gaua inguratzearekin batera, 23:00etan Bajo Presion eta Reno Renado herriko taldeen emanaldia izango da txosnagunean, Esteka eta Izargiren kontzertuen aurretik.

Asteazkenean, erraldoi eta buruhandien kalejirarekin hasiko da pixkanaka jai giroa pizten. 12:00etan, ordea, erraldoia izango dena txistularien elkarretaratzea izango da, eskualdeko txistulariak inguratuko baitira. Ordu berean, San Fausto enparantzan, herri kirolak izango dira: Urrezko aizkorako finala, eta idi proben dema.

15:00etan, bi herri bazkari egingo dira; alde batetik, Solobarriako karpan herri indabada izango da, eta txosnagunean, elkartasun bazkaria. Arratsalde aldera, Porruo indarlariak erakustaldia egingo du San Fausto enparantzan, nazio marka hausteko ahalegina barne.

Iluntzean azkenik, musika eskaintza oparoa izango da: alde batetik, gaztetxean Amarraditsa, Kolision, Sala de Autopsias eta Lo Puto Peor taldeek joko dute, 20:00etatik aurrera. Eta bestetik, Arizgoitiko enparantzan artista berrien kontzertua izango da Midnight road, Black star eta Que Corra el Aire taldeekin.

Ostegunean, San Fausto eguna, kuadrillen bazkaria izango da Arizgoitiko enparantzan, goizean santuari egingo zaizkion ekitaldien ondoren. Eta jarraian, kuadrillen arteko sokatira lehiaketa, eta baita txapel jaurtiketa ere. Iluntzean, bakarrizketa gaua izango da Arizgoiti enparantzan Kike Matilla, Albert Boira, Kako eta Javier Mañonekin. Kakitzat-eko lonjan azkenik, Tsunami eta Niketz-en kontzertua izango da.

Ostiralean, txikien eguna, alkate txikien mintzaldia izango da 11:00etan, eta ondoren, hainbat tailer eta lehiaketa egongo dira haurrentzat. Arratsaldean, Trapu Zaharrarekin kale antzerkia izango da, eta 21:45ean, Deabru beltzak kale antzerkia. Gazteentzako, Solte eta 12 km izango dira gaztetxean, eta Clarise eta La Pulqueria Arizgoitin.

Larunbatean, 24. Nekazaritza erakustazoka izango da goizean, eta 11:30ean paella txapelketa.II. Skate txapelketa ere egingo dute eguerdi eta arratsaldean. Gauean, Encefalika fm eta Karbuko taldeak izango dira gaztetxean, eta Arizgoitin, Eganen emanaldia.

Azken eguna eskulangileen erakusketarekin hasiko da, eta bakailao lehiaketarekin jarraitu. Kale animazioarekin jarraituko du egunak, eta 20:00etan izango da amaiera ekitaldia, udaletik iragarri bezala, ikusgarria izango dena.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.