Berezia da Lakidainen (Nafarroa) dagoen Irulegiko gaztelua. 893 metro garai dagoen muino batean dago, eta herritik kilometro batzuetara. Urruntasun horrek egin du berezi: babestu egin du. Gaztelu izaerari eutsi dio gazteluak. XV. mende bukaeran eraitsi zutenetik, ez da izan giza jarduera handirik inguruan, eta, mendeak joan eta mendeak etorri, hantxe dira Erdi Aroan ere izandako harririk gehienak. Orain hasi dira agertzen. Horma baten zati bat baino ez da izan bistara luzez, baina ia gaztelu osoa ikus daiteke egun. Sei uda eman dituzte Aranzadi zientzia elkarteko kideek han, eta nabarmenak dira egindako lanaren fruituak. Harriz harri agerrarazi dute gotorlekua. «Ikusgarria da», dio Jabier Buces arkeologoak, «Nafarroako Erresumaren garaikoa da hemen dagoen guztia, eta dena ikusten da: dorrea, kapera, hormak, uraskak... Ume bati gaztelu bat marrazteko eskatu, eta hau da marraztuko lukeena».
Aitzurrak eta palak eskuan daude guztiak. Aurreko astean hasi zituzten lanak, eta etzira arte izango dira han. 15 boluntario, guztira. Badajozkoak eta Murtziakoak dira batzuk (Espainia), Gipuzkoakoak besteak, nafarrak... Bucesek dioenez, ordea, ohi baino zailagoa egin zaie aurten jendea bilatzea. Orain arte instituzioak arduratu dira boluntarioez, baina diru partida hori desagertu, eta Aranzadi Elkartekoak izan dira lan hori egin behar izan dutenak. Gogoz mintzo da Buces, halere. «Txanponak topatu ditugu aurreko urteetan, ezpata puskak, ontziak... Aurten esperantza handia dugu».
Uraskan dabiltza orain lanean, eta horregatik, itxaropena. Izan ere, gazteluko putzua da uraska, eta han bildu ohi dira aztarnarik gehienak. Baditu metro batzuk zuloak, eta badago ur pixka bathondoan. Bucesek azaldu duenez, urak zaildu egiten du aztarnak identifikatu ahal izatea, eta kontu gehiagoz aritu behar izaten dute horregatik. Ateratako lurra bahetik pasatu, eta lurra eta aztarnak bereizten. Lana da, baina pozik daude boluntarioak.
«Harrapatu egiten du honek», aitortzen du Begoña Yuguero galdakoztarrak. Amaiurko gazteluan izan da aurrez, eta Irulegikoan egitekoak bukatzean ere hara joango da aurten. Eta ez da hori dena: «Arkitekturako proiektua ere gazteluen inguruan prestatzen ari naiz». Bigarrenez dago Alberto Dieguez Lakidainen. «Arkeologia gustatzen zait, baina esperientziagatik etortzen naiz hona, baita paisaiagatik ere. Badajozen dena da laua, eta hemen oso bista ederrak daude».
Muga aldaketaren ondorioak
Nafarroako Erresumaren lehen mendeetan garrantzi handia izan zuen Irulegiko gazteluak. Erresumak gutxi gorabehera Iruñerriko arroaren neurria zuenean. Mugak zaintzea zen Irulegiko gazteluaren betebeharra orduan. Erresuma hegoalderantz hedatuz joan ahala, ordea, galdu egin zuen funtzio hori gotorlekuak, eta, azkenean, barne gatazken ondorioz hondatu zen. Izan ere, XV. mendean bizia izan zen Joan II.aren eta haren seme zen Vianako printzearen arteko lehia. Tronuaren jabetza zegoen jokoan, eta Irulegiko gaztelua izan zen tirabira horien kokalekuetariko bat. Behin baino gehiagotan hartu zuen gaztelua semeak, eta, horregatik, eraistea erabaki zuen aitak. Semearen eskuetan, arriskutsua izan zitekeen Iruñeko atarian zen gotorleku hura. Haren erregetzaren aurkako mehatxu argia. Eta, beraz, hobe lurrean zutik baino.
XIII. mendekoa da gazteluari buruzko lehen aipamena, baina lurpean badira lehenagoko aztarnak. «Gaztelu bat oso gutxitan eraikitzen da ezer ez dagoen leku batean», azaldu du Bucesek. Irulegikoa ez da salbuespena: Burdin Aroko herrixka baten aztarnak aurkitu dituzte gotorleku inguruan. «Baskoien herri bat da», zehazten du. «Hori ere azaleratuko dugu, bai, baina ez orain».
Gaztelu izandako harriak
Sei urte daramatza Aranzadi zientzia elkarteak Lakidainen Irulegiko gazteluan lanean, eta hasieran horma bat baino ikusten ez zen arren, gazteluaren oinarri ia osoa jarri dute gaur egun bistara.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu