Gazteluari, merezitako tokia

Korresko gazteluaren aztarnak ikertzeko eta lehengoratzeko egitasmoa martxan jarri dute herri batzarreko kideek. Arabako Aldundiak lan arkeologikoak egiteko baimena ukatu die, ordea.

Harkaitz baten gainean daude Korresko gazteluaren aztarnak. IÑAKI SAGREDO.
edurne begiristain
2012ko ekainaren 7a
00:00
Entzun
Gazteluak airean lelo iradokitzailea erabilita, Korresko (Araba) gazteluaren aztarnak ikertzeko eta lehengoratzeko kanpaina hasi dute bertako herritarrek. Herriko gazteluaren balioa agerian utzi, eta Arabako Mendialdeko zein Ega Garaiko ondarea ezagutarazi nahi dute. Izan ere, Korresen ez ezik, Arluzean, Toron, Herreran, Marañonen eta Punicastron ere balio historiko eta kultural handiko gotorleku eta gazteluak daude, baina gaur egun erakundeek «ahaztuta eta gutxietsita» dauzkate, bertakoen iritziz. Kanpainaren bitartez, eskualdea suspertzeko eta herritarren bizi-kalitatea hobetzeko borondatea ere badute, ondarea turismoa erakartzeko tresna gisa erabili nahi dutelako.

Asmoa, hortaz, eskualde osoa, baina, batez ere, Korresko herria «mapan» kokatzea da, Gustavo Valencia Korresko herri batzarreko kideak azaldu duenez. «Ikusi dugu beste toki batzuetan ondarea zaintzeko proiektuak abiatu dituztela eta herritarrak horretan izugarri inplikatu direla, eta uste dugu Korresko herritarrok etxean dugun ondarearen balioazjabetu behar dugula», azaldu du.

Arraia-Maeztuko udalerrian daude gazteluaren arrastoak: Soila menditik eta Izki errekatik hurbil, harkaitz baten gainean, toki aldapatsu eta malkartsuan. Garai batean, harkaitzaren gainean mendebaldetik ekialdera hedatzen zen gaztelua, ekialdera eta hegoaldera amildegi bana zituela. Arabatik Nafarroa alderako igarobidea zaintzeko eta kontrolatzeko eraiki zuten Korresko gaztelua, duela zortzi bat mende.

Garrantzi berezia hartu zuen 1200.urtetik aurrera, gaztelutik gertu igaroko baitzen Nafarroaren eta Gaztelaren arteko muga. Oraindik ere Mairuren gaztelua esaten diote herrian, musulmanek inguruetan utzitako sustrai sakonen adierazle. Ez dago jakiterik zein urtetan eraiki zuten gaztelua, baina jakina da musulmanak Atauritik gertu ibili zirela beren joan-etorrietan, 823an eta 867an, gutxienez.

Urte askoan utzita egon da Korresko gaztelua, eta aztarnak egoera kaskarrean daude. Zutik dirauen harresietako bat erortzear dago: 50 bat metro luze izango zuen bere garaian, eta, geratu diren aztarnen arabera, bi dorre biribil ere baziren, baina egun horma zati bat baino ez da ageri. Beste harresi batzuen aztarnak sastraka, huntz eta enborrak estalita daude, eta horietara iristea zaila da. Erakundeek ez dute dirurik jarri nahi gazteluaren aztarnak ikertzeko eta lehengoratzeko, eta Velascok ohartarazi duenez, berehala esku hartzen ez bada, «galtzeko zorian» legoke ondarea.

Bi mila euro

Egun, Korresko gazteluaren aztarnak lehengoratzeko proiektubat landuta dago, baina ez dago dirurik hura aurrera eramateko. Egoera ikusirik, Korresko herri batzarreko kideek horren ardura hartzea erabaki dute. Proiektu handiak aurrera eramateko behar den dirua lortzea oso zaila dela jakitun, eskualdeko ondarearekin eta haren etorkizunarekin konpromisoa duten instituzio, talde eta pertsonengana jo dute laguntza bila. Aztarnen laginketa arkeologiko xumeago bat egin ahal izateko, jasotako babesa handia izan da: Arraia -Maeztuko alkatea, inguruko herrietakoapaizak, elkarteak eta herritar ugari laguntzeko prest agertu dira. Iñaki Sagredo arkeologo ezagunak ere bat egin du proiektuarekin, eta doan lagunduko die. Herriko bizilagunek ostatua eta janaria emango diote, trukean.

Hala ere, ikerketa lana eta materialaren katalogazio arkeologikoa egiten hasteko bi mila euro inguru behar dute, eta, horretarako, kontu korronte bat ireki dute, nahi duen orok bere ekarpena egin dezan : 20970222110115348367kontu zenbakia da eta Gaztelua erreferentzia jarri behar da.

Nolanahi ere, bidea ez dute erraza izango, aztarnen lagin arkeologikoak egiteko baimenik ez ematea erabaki duelako Arabako Diputazioak. Korresko herri batzarreko kideek ez dute oraindik Diputazioaren idazkia jaso, baina, aurreratu dietenez, foru gobernuak dio gaztelua lehengoratzeko beharrik ez dagoela eta lan horiek aurrera eramateko dirurik ez dagoela. Erabakia ez da ofiziala, hala ere.

Oztopoak oztopo, ez dutela etsiko esan du Valenciak. «Burugogorrak gara oso eta ez dugu amore emango».Hala, Arabako Aldundiari gutuna bidaliko diote gazteluaren egoera larria dela azaltzeko: «Azalduko diegu balio handiko ondarea galtzear dela eta desagertzen bada erantzukizunak eskatuko dizkiogula». Korresko egoera sozialaren berri ere eman nahi diote, eta biztanleriaren zaharkitze prozesuari aurre egiteko egitasmoak eskatuko dizkiote, halaber: «Eskualdeko herri askoren gaitza da, eta ezin gara ezer egin gabe egon. Erakundeen erantzukizuna ere bada herriak suspertzeko neurriak hartzea».

Valenciak garbi du edozein egitasmo, «txikia» izanagatik ere, garrantzitsua izan daitekeela Mendialdeko herriei bultzada emateko. Gazteluak Airean proiektua, esaterako, ondarea zaintzeko eta turismoa indartzeko onuragarria izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.