'Game of thrones'

Gaztelugatxe eta Itzurun itxiko dituzte datozen egunetan

Grabaketak Gaztelugatxen (Bermeo, Bizkaia) hilaren 20tik 22ra egingo dituzte; eta Itzurunen (Zumaia, Gipuzkoa), hilaren 24tik 29ra. Zumaiako hondartza itxita egongo da ostiraletik aurrera.

Gaztelugatxe. FERNANDO SANCHOYARTO
urtzi urkizu
2016ko urriaren 19a
13:10
Entzun

Datozen egunetan egingo dituzte euskal kostaldean Game of thrones telesailaren grabaketak. Horien eraginez, Bakion (Bizkaia) Urizarretatik Gaztelugatxera jaisten den oinezkoentzako bidea itxi egingo dute bihar, eta itxita egongo da datorren igandera arte. Era berean, Gaztelugatxera iristeko sarbideak eta ingurua itxi egingo dituzte. Bakioko Bentako aparkalekuan kokatuko dute telesailaren karabanen kanpamentu nagusia. Grabatzeko azpiegiturak oso zabalak dirtenez, kanpamentuak aparkalekuaren beheko zati osoa okupatuko du. Larunbatean amaituko dituzte Gaztelugatxeko grabaketak, eta hurrengo egunean Game of thrones-eko taldeak Bakio utzi eta aparkalekuan paratutako osagai guztiak kenduko ditu. 

Itzurun hondartzako eremua (Zumaia, Gipuzkoa), berriz, ostiralean itxiko dute, telesaila egiten duen ekoizpen etxeak hala eskatuta, azken orduko lanak egiteko. Hondartzako sarbidea itxita egongo da hilaren 21etik hilaren 29ra bitartean. Grabaketak Zumaian  datorren astean egingo dituzte, hilaren 24tik 29ra. Grabaketa egunetan Udaltzaingoak eta Ertzaintzak hondartza ingurua eta bertako itsaslabar eta amildegiak balizatuko dituzte, grabaketak ikustera hurbiltzen direnen segurtasuna bermatzeko. Barrikan (Bizkaia) ere grabatuko dute HBOren telesaila. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.