Gekkoren krisialdia

Gontzal Agote.
2010eko urriaren 16a
00:00
Entzun
Ia 23 urte pasa dira, eta Gordon Gekko bueltan da. Kartzelatik atera denean, ez du inor zain; taxi bat hartu behar izan du. Baina gutxi iraun dio atsekabeak, berehala itzuliko baita bere ingurune naturalera. Itxuraz dirurik ez duen preso ohi bat da, baina errespetagarria: liburuak sinatu, telebista programetan agertu, unibertsitate entzutetsuetan hitzaldiak eman...

Haren inguruan, diruak segitzen du jira etengabekoan; balantzeetako marra gorriak gora eta behera mugitzen diren bitartean, broker berriek hartu dute guardia zaharraren lekua. Beteranoak ez daude kontent, nonbait garai bateko arau etiko eta moralak ez baitituzte errespetatzen gazte diruzaleek.

Halako batean, hondamendia etorriko da; Lehman Brothers aipatu beharrik ez da pantailan agertuko diren enpresa eta pertsonaiei izen-abizenik jartzeko. Hain zuzen ere, horixe da Wall Street honen alderdi interesgarri ia bakarra, filmak dokumental baten itxura hartzen duen momentu horiek, kapitalismo garaikidea amildegiaren ertzean egon zenekoa gogorarazteko.

Egun gutxi batzuk izan ziren, baina horietan gorriak ikusi zituzten lepo-zuridunek. Azkenean, haiei ez zitzaien deus larririk gertatu, zerga ordaintzaileen dirua jarri baitzuten haien negozioak salbatzeko. Larrialdi laburraren ostean, arnasa hartu eta berriro makina martxan.

Egun horietan gertatutakoek pelikula taxuzko batzuk egiteko ematen dute, baina Oliver Stonek nahiago izan du hori guztia agertoki huts gisa erabili. Horren ordez, sortu duen kartoizko pertsonaia bakoitzari rol jakin bat eman dio: marrazoen artean bizi den kazetari liberala, kezka ekologistak dituen broker handinahiak eta munduko errege sentituko den txotxongilo harroputza.

Horien artean guztiz galduta ibiliko da Gekko zaharra, bere rola zein den oso ongi jakin gabe. Dena aldatu behar deus ez aldatzeko lelo zaharra bere egin nahi izan du Stonek, baina orain dela mende erdia zuen pasio eta indarra inondik ere erakutsi gabe. Horretan bai, gauzak dezente aldatu dira. Mezu itxuraz kritikoa zabaltzeko Gekkoren bakarrizketak eta gainerako pertsonaien arteko elkarrizketak baliatu ditu, horien artean desberdintasun nabarmenik egonen balitz bezala. Funtsean igualak direla geldituko da agerian, eta, diruaren gurpil zoroan harrapatuta, maitasunari ere prezioa jarriko diote.





############



Wall Street 2

+7.AEB, 2010. Zuz.: Oliver Stone. Akt.: Michael Douglas, Shia Labeouf, Josh Brolin, Carey Mulligan, Eli Wallach, Susan Sarandon. 130 min.

Gasteiz (Abaco Boulevard, Guridi, Yelmo Gorbeia), Bilbo (Capitol, Golem Alhondiga, Zubiarte), Barakaldo (Max Ocio, Yelmo), Durango (Zugaza), Galdakao (Torrezabal), Getxo (Lauren), Leioa (Artea), Portugalete (Ballonti), Donostia (Antiguo Berri, Bretxa), Eibar (Coliseo), Errenteria (Niessen), Irun (Cinebox, Txingudi), Usurbil (Urbil), Baiona (CGR Centre), Angelu (Moncine), Donibane Lohizune (Le Select), Iruñea (G. Baiona, G. La Morea, Carlos III), Tutera (Ocine), Uharte (Itaroa), Viana (Las Cañas).





############

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.