Duela hilabete gutxi Francisco Ayala biologoaren izena (Madril, 1934) komunikabide askotan aipatu zuten, baina ez ikerketa genetikoari loturik, diru kopuru handi bat Kaliforniako Unibertsitateari eman ziolako baizik. Ayalak hamar milioi dolar eman zizkion joan den urrian Unibertsitateko Biologia Zientzien Eskolari; Ayalak berak irakasle eta ikerlari gisa diharduen erakunde berari, alegia.
Francisco Ayalaren ibilbidea, izan ere, esanguratsua da. 1961ean Madril utzi eta AEBetara joan zen zientziak ikastera. Ordutik, han bizi da. Kaliforniako Unibertsitatean egindako lanarengatik Templeton saria jaso zuen 2010ean, bizitzaren alde espirituala hauspotzen dutenentzat sortua. Apaiza izandakoa da Ayala, domingotarra; liburu eta artikulu anitzetan, zientzia eta erlijioa ongi konpon daitezkeela erakutsi nahi izan du. Templeton sariak berarekin zekarren diru kopurua (1,2 milioi euro) unibertsitateari eman zion orduan ere. «Gauza onak egin daitezkeenean, egin egin behar dira», esan zuen.
Iaz iritsi zen haren eskuzabaltasunaren berri ematen duen beste albistea, hamar milioi dolarreko eskaintza. «Unibertsitateari nire esker ona azaltzeko modua da hau. Hemen egin ditut nire ikerketak eta hemen eman dizkiet eskolak ikasle zoragarriei. Areago, herrialde honi nire esker ona erakusteko modua da eskaintza hau», adierazi zuen diru kopuru handi hori eman zuenean. Ayalak mahasti anitz erosi zituen 80ko hamarkadan, Kalifornian, eta negozio horrek dirutza ekarri dio urte askoan.
University Profesor titulua dauka; Kaliforniako Unibertsitatean bakarrik berak jaso du titulu hori. Gainera, AEBetako Zientzien Domina Nazionala dauka. Haren lanak hainbat gaitz hilgarriren kontrako ikerketaren abangoardian egon dira azken urteotan, tartean malariaren ikerketan. PNASek aste honetan argitara emandakoa da Ayalak koordinatutako azken ikerketa, hori ere malariaren inguruan.
Soslaia. Francisco Ayala
Genetika, eliza eta mahastiak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu