GERIZPEAN. Azkarra eta garbia

Cebada Gago ganadutegiko zezenek adarkatzaile ospeari ohore egin gabe, ez dute inor adarrez zauritu

IRENE ARRIZURIETA IRUñEA
2008ko uztailaren 9a
00:00
Entzun
Sanferminetako bigarren entzierroa bizkorra eta bezperakoa baino garbiagoa izan zen. Cebada Gago ganadutegiko (Cadiz, Espainia) zezenek bi minutu eta 20 segundo behar izan zituzten bidea egiteko. Ez zuten lasterkaririk adarkatu, eta une larri bakarra ibilbidearen azken zatian, Telefonican, jazo zen. Korrikalari batek adar ziztada jaso zuen izterrean, eta beste batek adarren alboko kolpe bat hartu zuen.

Oso bizkor atera ziren Cebada Gagoko sei adardunak Santo Domingoko ukuilutik. Zezen saldoaren aurretik joaldunak joan ziren, taldeari bidea irekitzen eta trosta azkarrean. Santo Domingoko aldaparen eskuinean, taldea ixten zihoazen bi zezen beltzek adarkadak emateko imintzioak egin zituzten behin baino gehiagotan, baina ez zuten inor harrapatu. Taldea udaletxeko plazara ziztu bizian sartu zen eta luze eginda. Mercaderes kalea ere azkar eta garbi igaro zuten adardunek, inor harrapatu gabe. Mercaderes eta Estafeta kaleak lotzen dituen 90 graduko bihurgunean ez zuten talka handirik egin adardunek, eta Estafetara zezen saldoa luzatuta sartu zen. Eskusoinua balira bezala bildu eta luzatu egiten zen ibilbidean zezen saldoa. Estafeta kalearen hasieran lau zezenek aurrea hartu zioten taldeari. Hiru joaldunekin batera zihoazen, tartean sei zezenen artean zegoen urdin argi bakarra joan zen. Atzean beste bi zezen beltz joan ziren. Lasterkariek adardunen artean sartzeko aukera izan zuten, eta lasterraldi politak eta luzeagoak egin zituzten. 40-50 metroko txanda luzeagoak eta erosoak egin zituzten korrikalariek. Estafetaren erdialdean izan ziren ere korrikalari pilaketa nabarmenenak. Zezenek kalearen erdia egina zutenean egin zen lehen lasterkari pila eta handik metro gutxira bigarrena. Batek baino gehiagok joaldunen eta zezenen hanka pisuak eta kolpeak sentitu zituen gainean. Kolpe asko eta erorketak egon ziren, baina deus larririk ez.

Adarkatzaile ospea dute Cebada Gagoko zezenek. Iruñera etorri diren 23 alditan 37 adarkada eman dituzte. Atzo, baina, ez zen aurreikuspenik bete, eta entzierro garbia egin zuten. Entzierroaren une larriena Telefonicako zatiaren hasieran gertatu zen. Golfillo izeneko zezen urdin argiak adarraren alde batekin lasterkari bati jo zion. Beste beltz batek ziztada bat eman zion adarrarekin beste korrikalari bati, eskuineko izterraren atzealdean. Taldea zatituta sartu zen kalezulotik zezen-plazara, azkar, ziztu bizian. Lana bukatzeko gogoarekin edo. Zezen-plazan zain zituzten lasterkari ugariri kasu egin gabe, zuzenean ukuiluko bidea hartu zuten sei adardunak.

Entzierro garbia eta azkarra izanik bost lagun bakarrik eraman zituzten Iruñeko erietxeetara. Bideko Ama Birjina erietxean dago entzierroan adarkada jaso zuen bakarra. E.I.P. 31 urteko bilbotarrak adar ziztada jaso zuen izterrean, eta zenbait kolpe ere baditu. Ebakuntza egin zioten atzo, eta haren egoera ez da larria. Ospitale berdinean dago 45 urteko J. M. I. S. iruindarra. Zezen saldoak hankapetua izan zen, hainbat ubeldura ditu, eta orkatilan zauri bat.

Nafarroako Ospitalean, berriz, J. P. L. 23 urteko madrildarra artatu zuten buru-azalean zauri bat duelako. A. G. H. 37 urteko zornotzarra ere artatu zuten bertan. Saihetsean eta besoan kolpeak ditu. Beste gazte bilbotar bat ere eraman zuten Nafarroako ospitalera. Orkatila urratu zuen horrek, baina atzo eman zioten senda-agiria.

Bestalde, sanferminetako lehen entzierroan, astelehenean, Nafarroako Ospitalean artatutako bost lagunetatik hiru ingresatuta daude oraindik. Jose Maria Elizalde 37 urteko lekunberritarrak oso larri jarraitzen du, larrialdi zerbitzuan. Barea lehertua du eta hainbat saihets hautsita. Erietxean dago oraindik ere 26 urteko gazte korear bat. Kolpe handiak ditu buruan, baina bere egoera ez da larria, eta behaketan dago. Buruan kolpe handiak jaso zituen 20 urteko gazte estatubatuarrari atzo eman zioten senda-agira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.