Baionako herriko etxeko Askatasun plazak masa zuri eta gorri erraldoia zirudien asteazkenean gaueko hamarretan, hiriko gakoak leihotik bota eta besta ofizialki hasi zenean. Su bestak bukatu ondoan, hamar eta erdietarako jende masa desegin eta bestazaleak sakabanatzen hasi ziren, guziek lehen trago «ofiziala» hartzea amets. Euskarak ere gogotik hartuko zukeen lehen trago ofizial hori, baina Herriko Etxeak aurten ere bazterrean utzi zuen. Maiana Irigoienen bertsoak go-zatu zituen euskaldunen belarriak.
Baionako ostatuetako musikek doinu eta estilo nahasketa berezia sortzen zuten. Parrandazaleek bestarako gunea hautatu zuten, bakoitzak berea: lagun talde batzuk Baiona Handira abiatu ziren zuzenean, beste batzuk Errobi bazterreko elkarte eta ostatuetara. Baiona Ttipiak ere harrera goxoa egin zien bestazale guziei. Giroa goxoa zen gune guzietan, parranda giroa Baionako mikro mundu guzietan.
Kaixo lagun guziak gu gara Hertzainak kantuarekin dantzan ari zen jendea Herriko ostatuan. Karrikan, gazte batzuk lurrean jarririk Pakito Txokolatero-ren erritmora arraunean, igandeanizanen den Pakito Txokolatero erraldoian parte hartzeko prestaketen egiten menturaz. Errobi bazterrera bildu zirenek techno musika ukan zuten bestarako lagun. Jateko aukera ere nonahi, janari postuak bazter guzietan agertzen baitziren. Elkarteetan ere, goxoan afaldu, aspaldiko adiskideak topatu... umorea eta bestarako gogoa nagusi.
Errobi zeharkatu eta Baiona Handiko mundutxoan sartuz gero, txarangak ziren gaueko izarrak. Ostatu zokoetatik kanpo, jendeak haien inguruan zebiltzan dantzan. San Izpirituko zubian hip hop dantzari batzuek sekulako giroa ezarri zuten. Haiengana hurbiltzeko, bestazaleekin gurutzatzeaz gain, CRSen autobus eta furgonetekin ere topo egin behar, alabeharrez. Mutil talde bat CRSei zapi gorria ezartzen saiatu zen, baina, bestarako gogo guti uniformedunen bisaietan.
Orenak aitzinera zihoazen, eta, erranaldiak dioen gisan, «ona den guziak bukaera duenez», goizeko hiruretan heldu zen ostatuak itxi eta erretiratzeko tenorea. Jendearen begi gorritu, balantza eta kantuek ez zuten horretarako gogo handirik erakusten, baina biharamunean jarraitu beharko bukatu gabe utzirikoak. Goizeko ordu tipietan alkohol probak egiteko kontrolak ezarri zituzten Baionako ateratze guzietan. Bat baino gehiago izan ziren etxera isuna ordaindu eta gidabaimenik gabe itzuli ziren auto gidariak.
Iaz baino jende gutiago
Gau giroa goxoa izan bazen ere, lehen gauean ez zen jende uholde handirik sentitu Baionako inongo gunetan. Karrikak trabeskatzea aitzineko urteetan baino errazagoa izan zen, eta ostatuetan ere, dantzan aritzeko aski lekurik bazen. Ostalariei iritzia galdeginik, ez zuten arrazoi garbirik ikusten.
Batzuen iritziz, Manu Chaoren kontzertuak eragina ukan zuen; bestak astebete aitzinatu izana ere aipatu zuten. Beharbada, jendeak besta egunez egitea hautatu du aurten, Herriko Etxeak bultzatu nahi izan duen bezala. Asteburuan jende gehiago izanen dela espero dute guziek. Baionak ateak zabalik atxikiko ditu igandera arte.
GERIZPEAN. BAIONAKO BESTAK. Lehen gauaren xarma
Txupinazoak bestetako maratoiari ateak ireki zizkion asteazken gauean. Txarangek eta musika taldeek girotu zituzten karrikak
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu