GERIZPEAN. Donostia egin zuena

Goizuetatik Donostiara doan ibaiak hondar ale anitz uzten du itsasora heltzean, eta horri esker lotu ziren Donostia eta Urgull mendia

ENEKO BIDEGAIN
2008ko abuztuaren 28a
00:00
Entzun
Donostiak anitz zor dio Urumeari. Ez Urumeari bakarrik, baina Urumeari ere bai. Menderik mende, hondar alez hondar ale, Donostiako Parte Zaharra eta zentroa uretik atera ziren. Ez zen lurrik Maria Cristina hotela dagoen tokian, ez eta inguruetan ere. Urgull mendia uharte bat zen, eta Urumea oraingo Kontxara eta Gros aldera isurtzen zen. Ibaiak berekin ekartzen zituen hondar aleak itsasora heltzean han bertan uzten zituen. Mareak eta olatuek ere ekartzen zuten hondarra ibaia itsasoratzen zen lekura. Eta, pixkanaka-pixkanaka, Urgull mendia lurrari lotu zitzaion.

Donostiaren zati turistikoenetarikoa han eraiki zuten. Lur berria egonkortzeko, obra handiak egin zituzten, ibaiaren kanalizazioa eta hainbat pareta eta eraikin, besteak beste. Ospe handia hartuko zuten eraikinak altxatu zituzten Urumearen bazterrean. Historiaren lekuko, garai eta arkitektura desberdineko eraikin ezagunak daude ibaiaren alde batean zein bestean: Viktoria Eugenia antzokia, Donostiaren alde burges eta aristokrataren ohorez, alde batean; Kursaal abstraktu eta garaikidea bestean...

Lekuko jendearen eta turista ugarien urratsak gurutzatzen dira ibaiaren azken bi zubien inguruetan. Batzuk bizikletaz, beste batzuk korrika MP3-ko entzungailuak belarrietan, batzuk haurren karroarekin, gazteak, zaharrak... Horietarik gehienek Maria Kristina zubia zeharkatzen dute, geltokiaren parean. Parisko Aleksander III.a zubi dirdiratsu eta ospetsuaren antzeko zubia da, bere lau dorreekin eta zubi bazterreko aingeruekin. Pariskoak inspiraturik eraiki zuten, eta 1905ean inauguratu zuten.

Handik barnealderantz, auzo turistikoak utzi eta Loiola eta Martutene alderantz jarraitzen du ibaiak. Urumeak, bere iturbururantz jarraikiz, Donostialdearen garapenaren historia dakar gogora. Ez zuen hondar alez bakarrik bete Donostia. Jendea ere ekarri zuen, bere inguruan garatu zen ekonomiarekin.

Astigarragako eta Hernaniko lurretatik pasatzen zen urak arrain anitz ematen zuen, baratze eremu zabalei ura eskaintzen zien, eiherak eta burdinoletako hauspoen errotak mugiarazten zituen. Burdinolek errekatik beretik ateratzen zuten burdina. Burdingintzako produktuen esportazioek, errekako ontziolek, arrantzak eta laborantzak garapen handia bultzatu zuten, eta horri esker bete zen jendez Donostialdea.

Garapen horren lekuko dira Hernanitik Goizuetara bidean dauden lehengo burdinola zaharren hondarrak, hala nola Fagollagako aingura fabrikarenak edota Pikoaga eta Ereñozuko burdinolak. XVIII. mendearen erdialdean, kontratua lortu zuten erregearen armadarekin, aingurak saltzeko. Ekoitzi ondoan, Donostiara eramaten zituzten, gabarren bitartez. Handik Europa aldera esportatzen zituzten. Frantsesak, inglesak eta herbeheretarrak joaten ziren Donostiara Hernaniko aingurak erostera.

XX. mendean inguru horretako industria paisaia anitz aldatu zen. Paper fabrikek eta hainbat lantegik kutsadura ekarri zuten Hernarnitik behera. Auto trafiko gero eta handiagoak errepide berriak eraikitzea eragin du, eta gaur egun, Donostialdeko Gerrikoa eraikitzen ari dira, Urumeako saihesbidearen ondoan. Eta Abiadura Handiko Trena ere ondotik pasatuko da, Astigarragan eginen dioten geltokiarekin.

Lasaitasun bila dabilenak Goizuetako bidea hartu beharko du. Erreka hertsiagoa, eztiagoa eta garbiagoa da. Bainatzeko txokoak ez dira eskas. Oihanez eta mendiz inguraturik, bazter ederrei so joan daiteke, batzuetan errekaren bazterretik, bestetan erreka zola-zolan ageri dela. Goizuetara heldu aitzin, ur-jauzi eder bat ikus daiteke. Goizuetan erreka elizaren gibelaldetik pasatzen da. Erreka gorago sortzen da, hainbat errekak bat egiten duten gunean. Herria inguratzen duten mendietatik lau erreka jaisten dira, eta inguruetan, mendiz mendi, bazter ederrez goza daiteke.



Izokina berreskuratzeko ahalegina,bide onean

Kutsadurak arrain espezieei kalte egiten die Hernanitik behera, baina azken urteetan erreka arrainez birpopulatzeko ahaleginak egin dituzte. Birsartze Planaren bitartez, 1987tik goiti izokinak sartzeko esperientziak egin zituzten, eta ondorio baikorrak lortu zituzten. Halaber, izokinaren arrantza debekatu zuten. Izokin populazioa igotzea lortu bazuten ere, Urumean zehar igotzean, Pikoagako urtegitik gora igotzea ez zuten lortzen. Ondorioz, 1996ko otsailean eskala batzuk egin zituzten urtegian, izokinek urtegiaren oztopoa gainditu eta ugalketarako behar zuten parkera irits zitezen.





Jakingarriak

Iturburua. Ezkurra lepoa.

Ibai-ahoa. Donostia.

Luzera. 59 kilometro.

Arroa. 272 km2

Emaria. 11,10 m3/s





Añarbetik Donostialdeko iturrietara

Artikutzatik beherago, Añarbeko urtegiko urak isurtzen dira Urumeara. Bertako ura edaten dute Donostialdean
E. B.

Aranotik Goizuetara bidean dago Añarbeko urtegia, oihanen erdian. 1896an eraiki zuten, hango urak Donostiara eramateko. Geroago, Artikutzan beste urtegi txiki bat egin zuten, Donostia edateko urez gehiago hornitzeko. Populazioaren hazteak edateko uraren beharra ere handitu zuen, Donostian eta inguruko herrietan. Horregatik, Añarbeko Uren Mankomunitatea sortu zuten 1968an.

Gipuzkoaren eta Nafarroaren arteko muga egiten duen gune horretan eraiki zituzten Añarbeko eta Artikutzako urtegiak, eta baita San Antongoa (Bidasoara ematen duena), hain justu gune hori baita Euskal Herrian euri gehien egiten duen gunea. Urtean 2.000 mm euri baino gehiago egin dezake hor. Itsasoko haize hezeek mendilerroa jotzen dute, eta bestaldean Mediterraneo aldeko presio apalak daude. Fenomeno klimatiko horrek euri anitz eragiten du. Halaber, gizakiak gutxi okupatutako eremua izanez, kalitate oneko urak daude eremu horretan.

Autoz edo motorrez ezin da joan toki horietara. Baina oinez ibilaldi politak egin daitezke. Artikutza bera bisitatzeko toki polita da. Oinez baizik ez daiteke joan hara, autoz joateko baimen berezirik ezean. Ibilaldiak merezi du, oihan zoragarrietan barna, eskulturak diruditen zuhaitz goroldioz estaliez gozatu ondoan, herrixka xarmant batera heltzen baita. Gaur, ordea, San Agustinen karietara, urtero bezala besta bat iraganen da Artikutzan. Autoz joateko baimen berezirik behar ez den egun bakarra da. Erromeria eta txistor usainaren giroan, egun goxoa pasatzeko parada dago.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.