Tallinngo Udaletxeko plazan lotu dira bidaia gidariarekin, Valentinekin. «Leku bakoitzeko istorioak kontatzen dizkigu Valentinek, bertako jendeak kontatzen dituenak, istorio magikoak».
Hiria ezagutzera abiatu dira
Bi parte ditu Tallinnek: parte modernoa eta parte zaharra, Erdi Arokoa. Parte zaharrak, halaber, bi parte ditu: beheko partea eta goiko partea. Garai batean aberatsak bizi ziren goiko partean, nobleak. Beheko partean, berriz, jende langilea bizi zen. Baina ez ziren pobreak, gidariak zehaztu duenez. «Tallinn ez baita inoiz hiri pobrea izan». Kontrara: XVII. mendetik merkataritza izan da hiriaren ekonomiaren sustagarria. Merkatari ugari bildu ziren Estoniara garai batean, gremio askotakoak. Eta horrek bultzada sendoa eman zion Estoniako hiriburuari.
Hiri zaharreko goiko partera igotzeko kale bi daude: Hanka Luzea eta Hanka Laburra izeneko kaleak. Azkenetik ekin diote gora, Hanka Laburra izeneko kaletik. Eta bidean, San Nikolas elizarekin egin dute topo. Gaur egun, ez dute mezarik ematen bertan, kontzertuetarako areto gisa erabiltzen dute. Bidaia gidariak azaldu duenez, Estoniako elizen erdia museo edota kontzertu areto moduan erabiltzen dituzte egun. «Jende fededun askorik ez dago, eta eliza denak irekita edukitzeak ez du merezi».
Hiri zaharreko goiko partera heldu dira, oinez, poliki. Estoniako gune administratiboa da. Han daude parlamentua eta gobernuaren egoitza, esaterako. Bietan dago jarrita Estoniako bandera. Sobiet Batasuneko garaian debekatu zuten, baina 1991z geroztik Estoniako errepublikako ikur nagusia da.
Parlamentuaren eraikinaren parean dago katedral ortodoxoa. Ederra da, handia. 11 kanpai ditu; horien artean, Estoniako kanpairik handiena. Hamazazpi tona pisatzen ditu, eta jotzen duenean, ezinezkoa da katedralaren inguruan inorekin berbarik egitea. Baina lasai daude bidaiariak; urtean behin edo birritan bakarrikjotzen dute kanpai hori.
Paseatzen, Elizaren plazara iritsi dira. Katedral luteranoa dago han. Tallinngo elizarik zaharrena da, 1233. urtekoa. Plazan, hiri zaharreko goiko parteko kale guztiek bat egiten dute. Eta gertu dagoen behatokitik, Tallinn osoa ikus daiteke. Parte zaharra eta modernoa. Baita itsasoa ere, bista gehiegi luzatu barik. Parke batek bereizten ditu hiri zaharra eta modernoa. Elkarren desberdinak izan arren, begirune giroa da nagusi. Parte zaharrean ez dute eraikin modernorik altxatu. Horretarako asmorik ere ez dute.
Helsinkira, boga-boga
Itsasoz, 85 kilometro daude Estonia eta Finlandia artean. Itsasontzi ugarik egiten dute Tallinn eta Helsinki hiriburuen arteko bidea, bi ordutan gutxi gorabehera. Jesarleku erosoetan jarrita, kantuan hasi da Aldundiarekin bidaiatzen ari den taldetxo bat. Euskal itsas abestiak izan dituzte ahoan: Boga-boga, besteren artean. Beste batzuek ez diote begirik kendu Baltikoari. Bidaiaren parte dela esan die gidariak. Ederra dela Tallinn itsasotik ikustea. Itsasoa estuki loturik baitago hiriarekin. Urteetako harremana dute; historikoa, ekonomikoa, naturala, estetikoa.
Helsinkira heldu eta maletak hotelean utzi dituzte. Banan-banan igo dira autobusera, Valentinen aginduei jarraiki, zintzo-zintzo. Finlandiako janari tipikoa bazkaldu dute hiriguneko jatetxe batean -oreinkia eta beste-. Eta Senatuko plazara abiatu dira oinez, elkarrekin berriketan. Dotorea da Helsinki. Ikusgarria da katedral ortodoxoa. Handitasunaren handitasuna. Taldeko argazkia ateratzeko baliatu dute irudia.
Gehienek 60-80 urte artean dituzte, eta sasoiko daude. Denen artean primeran moldatzen ari direla nabarmendu du Jose Emeterio Urrutia mungiarrak. «Giro polita dugu, ondo konpontzen gara elkarrekin». Egun magikoak izaten ari dira askorentzat. Eguneroko kezkak eta ardurak atzean utzi dituzte, eta lekuez eta konpainiaz gozatzen ari dira.
Haien artean da Juan Miguel Intxaurbe zornotzarra. Gustura dagoela dio, baina bidaia gidariak euskaraz jakin beharko lukeela uste du. Belen Oleagorri morgarra iritzi berekoa da. «Euskaldun asko gaude hemen, eta euskaraz ere egin beharko luke». Bidaia bukatzean, Adineko programaren arduradunei esango diete, kontuan har dezaten hurrengo urteko bidaiak antolatzeko unean.
Antonia Ansorregi Adineko programaren bidez bidaiatu duen bizkaitarra
«Erosoagoa da lagunduta bidaiatzea»
I. Berro TallinnVilniusen eta Rigan egon ondoren, Tallinnera iritsi berri da Antonia Ansorregi (Bakio, 70 urte). Jose Emeterio Urrutia senarrarekin ari da egiten bidaia. Lituanian eta Letonian «ondo baino hobeto» ibili direla dio. Pozik dago. «Oso pozik». Irribarrea ahoan duela erantzun die galderei, Tallinneko Udaletxeko plazan.
Aldundiarekin bidaiatzea nahiago duzue zuen kabuz baino gehiago?
Bai. Segurtasuna ematen digu, eta gure edadean asko da hori. Hobeto gabiltza horrela. Bidaia osoa pagatzen dugu, dena esan behar bada. Baina nahiago dugu Diputazioarekin etorri. Ez dugu preokupaziorik. Haiek eramaten gaituzte aireportutik hotelera, hoteletik ibilaldiak egitera... Jatetxeak ere ondo daude. Erosoagoa da horrela bidaiatzea; guretzat bai. Gure edadeko jendeagaz goaz, gainera. Lagunduta. Konfiantza bat ematen du horrek. Gure gizonari ez zaio asko gustatzen bidaiatzea; herrian bere gauzak dituenez, ez dauka motibazio berezirik. Baina ailegatzen da joateko eguna, eta «joan egin behar dugu» esaten diot. Horregatik etortzen da. Beragatik agentzia baten bidez joango ginateke.
Vilnius, Riga eta Tallinn hirietan izan zarete orain arte. Gustatu zaizkizue?
Asko. Hegoaldetik iparraldera etorrita nabaritzen da aldaketa. Ez dakit diru gehiago duten gorago dauden herrietan, baina aurreratuago daudela ematen du. Baina interesgarriak dira denak. Eguraldiak ez du asko lagundu. Hasierako bi egunetan euria egin zuen, baina joan da argitzen apurka-apurka. Duela 30 urte Stockholmen eta Leningraden izan ginen; itsasotik egin genuen bidaia senarrak eta biok. Hemendik oso gertu dago Leningrad [San Petersburgo orain], eta atzo esan nion gure senarrari: «Ondo egongo litzateke hauei agur esatea eta Leningradora joatea» [barrezka esan du ]. Baina ez dugu bisarik, hurrengoan joango gara.
Sasoiko zaudete, beraz. Datorren urtean aldundiarekin bidaiatzeko izena emango duzue?
Baina hurrengo urtean ez zaigu egokituko. Bi urtez jarraian ez da egokitzen. Baina ahaleginduko gara, bai. Izena emango dugu eta ikusiko dugu. Duela urte bi Tunisian egon ginen Aldundiarekin. Senarrari esaten diot: «Bidaiak egiteko aprobetxatu behar dugu. Orain gaude ondo, bihar ez dakigu zelan egongo garen».
Aurten 9.600 bizkaitarrek bidaiatuko dute Bizkaiko Foru Aldundiaren Adineko programaren bidez. Zirkuituak eta egonaldiak antolatzen ditu Aldundiak, 60 urtetik gorako erretiratuentzat.
Datorren urtean Madeirara
I. B.Bizkaiko Foru Aldundiak 60 urtetik gorako pertsonentzat antolatzen duen bidaia programa da Adineko. Erretiratuak dauden bizkaitarrei eskainia dago. Eta Juan Mari Aburto Gizarte Ekintzako diputatuak esan duenez, urtero saiatzen dira gauza berriak eskaintzen. Azkeneko bost urteetan halaxe egin dutela dio. Aurten, Vilnius-Riga-Tallinn-Helsinki zirkuitua eskaini dute, eta hurrengo urtean Madeirara antolatu nahi dute bidaia. «Kultura, natura eta eguzkia uztartzen ditu Madeirak», Aburtoren esanetan.
Bi motatako bidaiak antolatzen dituzte Adineko egitasmoaren barruan: zirkuituak (Grezia, Kroazia, Eskozia, Italia...) eta egonaldiak (Benidorm, Kanariar uharteak, Cadiz, Fiteroko bainuetxea...). Aurten, 27.000 eskaera jaso dituzte, baina 9.600 lagunek baino ez dute izan Adineko egitasmoan jasotako bidaiez gozatzeko aukera. Hori bai: iaz baino ehun lagun gehiagok parte hartu dute Bizkaiko Aldundiaren egitasmoan. Zozketa bidez egiten dute aukeraketa. Baina Aburtok esan duenez, aurrenekoz bidaiatzen dutenek abantailak dituzte txartela lortzeko. Ahalik eta jende gehienarengana iristea da helburua. Ahalik eta jende gehienak izatea Adinekoren bidez bidaiatzeko aukera. Aldundiarekin aurten bidaia egingo duten 9.600 lagunetatik lehendabiziko aldiz egingo dute 5.101 bizkaitarrek.
Hala eta guztiz ere, bidaia guztiek ez dute berdin balio. Eta bidaiari bakoitzak ere ez du berdin ordaintzen. Errentaren arabera ordaintzen dute. Vilnius-Riga-Tallinn-Helsinki zirkuitua egiteko, esaterako, sei tarifa mota daude. Merkeenak 188,74 euro balio du; garestienak, berriz, 1.258,24 euro. Programa osoaren aurrekontua, aurten, milioi eta erdi eurokoa izango da, «gutxi gorabehera».