GERIZPEAN. Erdi Aroa oroituz

Frantziako Loirako ibarrean aurkitzen da Chambord gaztelu ikusgarria; arkitektura errenazentistaren altxor handienetako bat da askorentzat.

AMAIA ELIZONDO
2008ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Gaztelua. Defentsarako harresiz eta lubanez inguraturik eginiko horma trinkoko eraikuntza. Horixe da hiztegian begiratuz gero gaztelu hitzaren definizioa. Baina definizio soiletik harago, gazteluek esanahi handia izan dute Europako historian. Erdi Aroko ikurtzat hartu izan ohi da askotan. Izan ere, garai hartan eraiki ziren asko eta asko. Erromatarren garaia ekartzen dute gogora itxuragatik, eta euren jatorria Erdi Aroan kokatzen dute kondaira gehienek. Erromantizismo kutsua dute, nahiz eta duela mende batzuk borroken arteko hormak izan ziren. Garai hartan biztanleen aberastasunak babesteko eraikinak zirela zioten, baina, azken finean, lurralde bakoitzaren antolakuntzaren ardatz nagusia izan ziren. Jende boteretsuaren jauregi handiak, alegia.

Egun, gazteluak turismoaren parte handia dira. Herrialde askotan daude Erdi Aroko gazteluak. Estatuak dira horietako askoren jabe, eta herri bakoitzaren historiaren ikurra ere badira. Horietako bat da Frantziako Chambord gaztelua. Oso ezaguna da bere edertasunagatik. Arkitekturari dagokionez, estilo errenazentista du, baina Italiako estilo klasikoaren ezaugarriak ere baditu. Loirako ibarrean dago, eta egun, bisitari ugariren helmuga da. Egunero, milaka pertsona igarotzen dira bertatik. Gune turistikoa denez, ez da harritzekoa ospea izatea bisitarien artean.

1519an hasi ziren Chambord gaztelua eraikitzen. Loirako ibarreko gaztelurik handiena da, eta eraikuntzaren egilea Domenico da Cortona da. Hasieran, eraikinak beste diseinu bat zuen, baina aldaketa ugari izan zituen amaitu aurretik. Gutxi gorabehera hogei urte igaro ziren gaztelua guztiz bukatuta egon arte. Adituen arabera, aldaketa horietan Leonardo da Vincik esku hartu zuen beste profesional batzuekin batera. Kanpotik zein barrutik Chambord gaztelua ikusgarria da, bisitaria liluraturik uzten duen horietakoa.

Eremu handia

Frantzisko I.aren aginduz eraiki zen Chambord gaztelua. Hasieran, ehizarako pabilioi bat izango zen, baina, azkenean, eremu handiko gaztelu batean bilakatu zen. Kanpoko aldetik, fatxadan, sei dorre ikus daitezke. Guztiak altura ikaragarria dute, bisitaria harritzeko modukoak. Barruan, berriz, 440 logela daude, eta 365 tximinia. Garai hartan errege ugariren bisitak hartu zituen gazteluak. Bestalde, gazteluaren inguruan 31 kilometroko basoa dago.

Frantzisko I.a erregea bizirik zegoen bitartean, gaztelua goitik behera zaintzen zen. Konponketa asko egin ziren, errege hark gaztelua ondo mantendu nahi baitzuen. Hura hil ostean, 80 urtez, inork ez zuen arretarik ipini gaztelua zaintzeko. Urteen poderioz, fatxada eta barruko zenbait elementu hondatuz joan ziren. Hondamena hasi baino lehen, 1639an, Luis XIII.a erregeak Gaston anaiaren eskuetan utzi zuen Chambord gaztelua. Azken horrek egin beharreko konponketa guztiak egin zituen. Hala, gaztelua berriz ere bere edertasunera itzuli zen. Kanpoko fatxadan ez ezik, barruko paretetan ere margolanak bazeuden eta horiek berriztatu egin behar ziren. Edertasuna barruan eta kanpoan baitago Loirako gazteluan.

Gazteluaren barruko estrukturari dagokionez, konplexua izan da bertan bizi izan direnentzat. Aipatutako eremua edukita, ohikoa izango zen bertako eskaileretan galtzea. Sarrerako atetik sartzerakoan, lasaitasuna nabari da bisitari askorentzat. Dena dela, eraikina hain zabala eta handia da hutsuneak ere nabariak direla. Chambord gazteluaren aretotan artelan ugari egon izan dira urteetan. Aurreko mendeetan, esate baterako, antzerki obren topaleku izan zen. Izan ere, bertan eskaintzen ziren antzerki emanaldiak, beti ere, publiko jakin batentzat. Egun, bisita gidatuak egiten dira gaztelua gertutik ikusteko. Bisitari askoren arabera, labirinto baten modukoa da, irteera bilatzea ez baita erraza.

Estilo errenazentistaren ezaugarriak baditu ere, italiar arkitekturaren zantzuak ere ikus daitezke, fatxadan, adibidez. Bertan dauden apaingarriak eta moldura horizontalak argi uzten dute. Hala ere, eraikinaren barruan, erdialdean, bi helizeko eskailera dago, estilo errenazentistako obrarik esanguratsuenetakoa. Espiralekin apainduta, bertatik igarotzen direnak ez dute zertan elkar ikusi, eskailerak irteera ezberdinak baititu. Eskailera horien inguruan lau gela daude, eta guztien artean gurutze bat osatzen dute. Kaperak, berriz, bi pisuko altuera du, eta hainbat aldaketa izan ditu gazteluko jabearen arabera.



Gaztelu eder eta handien ibilbidea,Loira ibarraren inguruan

Loirako ibarran dauden gaztelu gehienak Erdi Aroan eraikitakoak dira. Guztiek estilo errenazentista dute, baina bakoitzak bere aldaketak izan ditu urteen arabera. Horietako asko Loira ibarraren ondoan eraiki zituzten. Izan ere, errege askok Loira ibaiaren inguruan eraikitzen zituzten beren jauregiak. Gehienek artelan ugari gordetzen dituzte barrualdean, hala nola balio handiko margolanak eta eskulturak. Bakoitzak bere fatxada du, baina gehienek oso dimentsio handiak dituzte. Eremu handiko eraikinak dira, barruan galtzeko modukoak.

Egun, Loirako Gazteluak izeneko ibilbidea sortuta dago bisitarientzat. Ibilbide horretan, 42 gaztelu ikusteko aukera dago, baita barruan dituzten obrak ere. Guztiek edertasun arkitektonikoa agerian uzten dute, eta, orokorrean, bisitari guztiak harrituta geratzen dira. Edertasun horren ondorioz, Unescok gizon-emakume guztien ondare izendatu zuen Loirako ibarra. Bisitatzen duen guztiak, behintzat, ikusgarria dela esaten du.





'Frantziako lorategiak' mila gaztelu baino gehiago biltzen ditu. Gaztelu, eliza eta lorategi ederrak eskaintzen ditu Loirako ibarrak.

Aberastasunkulturalaren ibarra

A. Elizondo

Chambord gazteluaren edertasuna ez ezik, Loirako ibarrak aberastasun kultural ikaragarria ere eskaintzen du. Mila gaztelu baino gehiago daude ibar osoan zehar, eta inguruko herritarrek Frantziako lorategia deitzen diote. Erdi Aroko garaia gogorarazten duen paisaia du Loirako ibarrak. Gazteluak, elizak eta lorez betetako lorategiak ugariak dira. Horietan guztietan duela mende askotako arrastoak aurki daitezke, eta, horregatik, Erdi Arora bidaia bat egitea bezalakoa da. Loirako ibarrean barrena, Chambord, Cheverny, Amboise, Chamerolles, Blois, Sully-sur-Loire eta Chinon gazteluak bisita daitezke, besteak beste. Guztiek dute bere xarma eta ikusgarritasuna.

Bestalde, bertan dauden eliza asko XII. mendekoak dira. Horien artean bisitariak erromatar elizak bisitatzeko parada izango du, hala nola Berry eta Vendomois herrietakoak. Loira ibarreko herri askotan katedral eta eliza ikusgarriak daude,oso ondo zainduak, gainera. Naturaren maitaleek ere, gozatzeko aukera ederra izango dute ibar osoan. Baso eta lorategi ederrak ez ezik, bizikletan ibiltzeko bide luzeak ere ikus daitezke. Gutxi gorabehera, 800 kilometroko ibilbidea dago. 2005etikaurrera, bizikletan egitekoibilbideak gero eta gehiago bultzatu dituzte instituzioek.Gainera, turistek oso gustukoa izaten dituzte horrelako ibilaldiak.

Loirako ibarreko hiririk garrantzitsuenetako bat da Tours. Bertatik gaztelu guztietara joateko bideak daude, ibarreko erdigunean baitago. Aberastasun kulturala nabaria da Loirako edozein txokotan, eta, horrez gain, gastronomia ere nabarmentzen da. Produktu tipikoen artean daude, gazta, ardoa, turroiak edota hestebeteak. Frantziak beti izan du gastronomia onaren ospea, baina Loirako ibarrean aurki daitezke jatetxe eta jantoki bikainak.

Bada Loirako ibarrean beste elementu garrantzitsu bat: ikuskizun kulturalak. Urteko denboraldi batzuetan, gazteluen inguruan argi eta soinuekin hainbat ikuskizun egiten dira. Bestalde, udako gauetan, jazz, rock edota musika klasikoko emanaldi ugari eskaintzen dira gune turistikoetan. Urtero milaka bisitari iristen dira Loirako ibarrera beren oporrak igarotzera. Toki lasaia da, paisaia izugarriak ditu eta ondo jaten da.

Askorentzat paradisu txiki bat da, eguneroko erritmo azkarretik aldentzen duena. Horrez gain, mota guztietako bisitarientzako tokia da. Haurrekin, bikotearekin edota lagunekin gustura egon daiteke bertan. Edozeinek altxor kultural ugari aurki ditzake bertan, magia handiko tokia baita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.